Ondarea

Garraiorik zaharrena berritzea

Historian zeharreko moldaketarik handiena egingo diote Artxandako funikularrari. Besteak beste, bagoiak berrituko dituztela eta zarata murriztuko dutela aurreratu dute.

Artxandako funikularra moldatzeko egingo dituzten lau obrak aurkeztu ditu udalak. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
unai etxenausia
2022ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Aldapak dituen hiria da Bilbo. Ibaiaren ertzean eraiki zuten Alde Zaharra lehenik, baina, urteen joanarekin, alboetara eta gorantz hedatuz joan da. Horregatik, Bilbon beti eraiki izan dituzte hiriko hainbat txokotara igotzeko balio duten garraio motak: funikularrak, igogailuak, eskailera mekanikoak... Gaur egun, garraio bertikaleko 64 igogailu daude hirian, hilero 1,1 milioi pertsona garraiatzen dituztenak, batez beste. Guztien artean, Artxandako funikularra da ezagunena eta zaharrena.

Eraiki zutenetik, funikularrak ez du aldaketa askorik izan. Orain, berriz, historian zeharreko moldaketarik handiena egingo dute. Horren harira, lau proiektu berri aurkeztu ditu aste honetan Nora Abete Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak, Mugikortasunaren Europako Astearen testuinguruan: fatxada nagusian lorategi bertikal bat jartzea, plaka fotovoltaikoak jartzea, goiko geltokia gaitzea eta bagoiak berritzea.

«XXI. menderako hirugarren belaunaldiko funikularra bihurtzea» izango da aurreikusitako modernizazio prozesuaren xedea, Abetek azaldu duenez: «Gai izan dadin gaur egun dagoen, eta, Artxanda mendiaren bilakaeraren ondorioz, haztea espero den erabiltzaile kopuruari erantzuteko».

Hiriaren erakargarri turistiko nagusietako bat bihurtu da funikularra. 2019an, milioi bat erabiltzaile baino gehiago izan zituen, eta, aurtengo udan —uztaila eta abuztua bitartean—, markak hautsi ditu: 130.000 turista jaso ditu, 2019an baino %20 gehiago. Beraz, udalak aurreikusten du, seguru asko, datu horiek berdindu edo gainditu egingo direla urtea amaitzean.

Proiektuak Europako Batasunaren Next Generation funtsen finantza laguntza jasoko du, gainera. Hala, 1,7 milioi euro jasoko ditu 2022-2024 bitartean. Udalak zabaldutako datuen arabera, 865.000 euro jarriko dira goiko geltokia birgaitzeko; 470.000 euro bagoiak aldatzeko izango dira; 275.000 euro inbertituko dira lorategi bertikalean; eta 95.000 euro instalazio fotovoltaikoak eraikitzeko dira.

Estetikoa baino gehiago

«Proiektua ez da bakarrik estetikoa: funikularraren airearen kalitatea hobetuko du, giroko tenperatura jaitsiko du, eta barruko zein kanpoko zarata murriztuko du; eta, horri guztiari esker, areagotu egingo da ongizate sentsazioa», baieztatu du Abetek. Horrez gain, gainera, funikularraren fatxada nagusian, «lorategi bertikal bat» jarri nahi dute.

Era berean, abian da bagoiak berritzeko plan bat ere: «Funikularrak gaur egun dituen eta haziz doazen erabiltzaileei erantzutea izango du helburu». Edukiera handiagoko bagoiak eta funikularren bidaien maiztasuna areagotuko dute horretarako. Izan ere, gaur egun, 70 pertsonak bidaiatu ahal dute funikular bakoitzean; etorkizunean, berriz, 120k bidaiatzea espero da. Zinegotziak esplikatu duenez, funikularretako segurtasuna handitzea lortuko da obrei esker, «araudiekin bat datozen kontrol eta aginte sistema berriak abiarazita».

Hiriko garraiobiderik «berezienetako bat» da, zinegotziaren iritziz. Eta, oraindik ere, hiriko erakargarri turistiko nagusietako bat da gaur egun.

107 urte igaro dira Artxandako funikularrak bere lehen bidaia egin zuenetik. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, bilbotar askok Artxanda mendia erabiltzen zuten aisialdirako eta dibertsiorako. Horrela, ingurunean kasino bat eta zenbait txakolindegi ireki zituzten, eta jendea hara joaten zen aisialdiaz gozatzera. Hori dela eta, 1901etik 1912ra bitartean, Bilboko hirigunea eta Artxanda mendia lotuko zituen tren bat eraikitzeko asmoa zeukan udalak. Halere, proiektu hura ez zen aurrera atera, finantzaketa falta zegoelako. Azkenean, 1915ean, Bilboko Herri Lanen Zuzendaritzak Evaristo San Martin Garaz gobernadorearen proiektua onartu zuen, eta, uztailaren 19an, funikularra eraikitzeko oniritzia adierazten zuen gutuna jaso zuen gobernadoreak. Hori horrela, 1915eko urriaren 7an, Benito Marco Gardoki hiriko alkateak lehen bidaia egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.