Albistea entzun

Artearen jaialdia, denen esku

Iruñeko La Zurda Berria jaialdian tailerrak eta arte erakusketak egin dira maiatzaren 26tik ekainaren 10era. Esperimentatzeko espazio seguru bat sortzea da helburua.
La Zurdako kide Andrea Ganuza, bere komikia aurkezten, La Zurda Berria jaialdian, maiatzaren 24an.
La Zurdako kide Andrea Ganuza, bere komikia aurkezten, La Zurda Berria jaialdian, maiatzaren 24an. MIRARI ETXABARRIA Tamaina handiagoan ikusi

Itsaso Jauregi -

2023ko ekainak 10 - Iruñea

Erakusleihoan itsatsitako sudurrek marka utzi dute La Zurda espazioko kristalean. Iruñeko Arrosadia auzotik paseatzen ari diren bi gizonek aurpegia lokaleko atearen kontra jarri dute, landarez eta pinturaz apainduta dagoen espazioa zer den ikusteko asmoz. «Barkatu, kuxkuxeatu egin nahi genuen», esan dio gizon horietako batek Ana Laura Duarteri. Duarte da La Zurda espazioa osatzen duten bederatzi kideetako bat, eta atean jarri duten kartela seinalatu du, gizon horien zalantzak argitzeko asmoz: La Zurda Berria jaialdiaren egitaraua, hain zuzen ere.

Kuxkuxeroentzako tailer, aurkezpen, proiekzio eta erakusketa kolektiboak egon dira La Zurda espazioan maiatzaren 26tik ekainaren 10era. Gaur amaituko da jaialdia, hainbat ekitaldirekin: 12:00etan edari hartzigarriak egiteko tailerra egingo dute, eta 19:00etan La piel de Marte (Marteren azala) film laburra proiektatuko dute. Bi asteko jaialdian, kide bakoitzak landu nahi zuen gaia aukeratu du, Idoia Zalgizurik azaldu duenez: «Orain arte beti izan ditugu kanpoko proposamenak, baina orain La Zurdatik eskaini nahi izan ditugu».

Arte erakusketa

La Zurda espazioak 2022ko otsailean ireki zituen ateak, eta beti izan ditu argi bere helburuak: artea denentzat eskuragarri egotea, eta espazio kolektibo eta seguru bat eratzea. Horiek izan dira jaialdiaren gidalerroak, La Zurdako kide Lara Molinaren arabera: «Hasi ginenetik egin den lana bateratzeko modu bat da, eta egiten ari garena jai giroan erakusteko bidea». Arte erakusketak, tailerrak eta komiki aurkezpenak izan dira jaialdiaren protagonistak, besteak beste.

Bateratzeko ideia espazioaren izenean ere presente dago; izan ere, Gloria Anzalduaren El Mundo Zurdo poematik ateratako deitura da. Lan horretan kolektibitatearen ideia lantzen da, ekintzak elkarrekin egiteak zer-nolako ondorioak dituen aztertuz. La Zurdako kideek Iruñea goitik behera arakatu zuten, espazio kolektibo horren bila. Azkenean, haiek sortzea erabaki zuten. «Esperimentatzeko aukera ematen duen leku bat sortu nahi genuen, tabernetatik kanpo», azaldu du La Zurdako kide Andrea Ganuzak.

Giro seguru batean eta taldean sortu eta esperimentatu nahi zuten, alegia. Gainera, hiriarekin duten harremana indartu nahi zuten espazioko kideek; izan ere, leku batetik bestera ibili ondoren, Iruñean errotu nahi zuten. «Hiriaren parte nintzela sentitzeko sortu nahi nituen proiektuak Iruñean», esan du Duartek. Ganuzak adierazi du azkenean Arrosadia auzoan aurkitu zutela hori egiteko lokal «perfektua»: «Arrosadia langile eta migrante auzoa da, eta oso gustura sentitzen gara hemen ». Auzotik edaten dituzten erreferentziak espazioan txertatu nahi dituztela esan dute kideek; ondoko tabernan entzuten duten musika, paretako grafitia eta kalean entzuten dituzten hitzak.

La Zurdako kideek hasieratik erabaki zuten espazioa autogestioan oinarrituko zela, eta hori da hilabetean behin egiten duten bileran lantzen den gai nagusia. «Argi genuen espazioa aurrera atera zedin guk kudeatu behar genuela; hala ere, ekonomikoki erronka bat da», esan du Duartek. Ganuzak La Zurda bezalako espazioek jasotzen duten laguntza kritikatu du: «Uste dut jendeari irekita dauden gune autogestionatuak eta kulturalak ezinbestekoak direla hirian. Topalekua den edozein gunek aberastasuna ekartzen du, eta laguntzak egon beharko lirateke leku horiek babesteko».

Uzta jasotzen

Espazioa mantentzeko zailtasun nagusia arlo ekonomikoa da, beraz. Bederatzi pertsonaren artean antolatzea ere ez da erraza. Horregatik, «krisialdi txikiak» nahi baino gehiagotan izaten dira, Duarteren arabera, baina etorkizun lasaia aurreikusi nahi du: «Lasaitasunak gauza positiboak ere ekartzen ditu; energia gehiago izango genuke ekitaldi berriak egiteko eta artista ezezagunekin lan egiteko».

Datorren astean egingo dute etorkizuna aztertzeko bilera, baina, oraingoz, orainaldian geratuko dira, La Zurda Berria jaialdian landatutakoa jasotzen. «Jaialdiaren prestakuntza oso gogorra izan da, baina azkenean pozik gaude; merezi izan du», azaldu du Molinak. Zalgizurik jaialdira joan direnei eskerrak eman dizkie: «Ahalegin handia egin dugu proiektua aurrera ateratzeko, baina zerbait berezia egiten duzunean eta jendeak hori ikusteko espazioa betetzen duenean, eskertzen da».

La Zurda espazioko kideek kristalaren kontrako aurpegiak erakartzea lortu dute, baita espazioaren funtzionamendua ulertzen ez duten auzoko emakumeak ere. «Askotan galdetzen digute ea zer saltzen dugun. Ez dute ulertzen gure espazioan sartzea doan dela», esan du Ganuzak. Duartek komunitate sentimenduan sakondu nahi du, auzoan ezagunak izatea eta kalean agurtzea; La Zurdako erakusleihoa miatzen dutenek azkenean lokalaren ateak zeharkatzea: «Azkeneko ekitaldietan jendea pixka bat gehiago geratzen dela iruditu zaigu, eta horrek espazio hau etxe bat bihurtzen du».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Agnes Karrasch, Basqe Culinary Centerreko afarian, herenegun. ©BCC

Barrunbeetan kozinatzen dena

Enekoitz Telleria Sarriegi

Culinary Zinemako laugarren egunean eman dute 'She Chef' dokumentala. Agnes Karrasch bekadunak jatetxe izardunetan egindako ibilia kontatzen du. Berak eskaini du afaria BCCn.

 ©BERRIA

Bakarraren buru jana

Enekoitz Telleria Sarriegi

Jatetxe batzuk mugak ezartzen hasi dira otordua egitera bakarka doazenei. Kontrara, geroz eta gehiagok eskatzen dute otordua bakarka egitea. Tartean, jendaurrean jateari fobia diotenak ere badaude: 'solomangarefobia' dute.

 ©KANALDUDE

«Errezeta bera da, baina zapore berria eman nahi diot saioari»

Beñat Mujika Telleria

Sei urte eman zituen Crouspeyrek Euskal Irratietan, eta lehen esperientzia du telebistan, Kanaldudeko 'Harri Salda'-n. Adierazi duenez, bertako «kodeak eta moldeak» ezagutzen ari da.
Euskal bixkotxak erakusgai, aurreko ekitaldi batean, Kanbon. ©JOSEAN GIL-GARCIA

Bixkotxaren usaina

Enekoitz Telleria Sarriegi

Euskal bixkotxaren XX. jaia ospatuko dute gaur eta bihar Kanbon. Lehiaketak, tailerrak eta gastronomia ibilaldiak egingo dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...