Oroiminari ere ireki dio atea

Ostiralean ireki zutenez geroztik, Angel Oloron aterpeak jende anitz erakarri du Belaguara: ostatu hartzeko, tabernan zerbait hartzeko eta eraikin berritua ikusteko.

Belaguan mendi ibilaldia egiten ari diren familia batzuk, Angel Oloron mendizaleendako aterpearen aurretik igarotzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Izaba
2020ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Teilatuei begiratuta, berehala antzeman liteke Pirinioen magaletan dela Erronkari ibarra (Nafarroa). Eskualde bakoitzak baditu bere berezitasunak, eta inguru hartan etxeen teilatuak pikoak dira, negua gorria baita. Belaguan gora herririk ez bada ere, bada halako teilatu gris piko bat, ia lurreraino ailegatzen dena. Teilatu horretan diren bi tximinia txikik ere antzeko forma dute: konoarena. Leiho handi eta zabalak ditu beheko solairuan, eta ikuspegi ezin hobea logeletako leihotxoetatik begiratuta. Angel Oloron aterpea da, 2004tik itxita egon dena. Baina berritu dute, eta dagoeneko ateak zabalik ditu mendizaleentzat. Garai bateko kontuak bolo-bolo dabiltza bisitarien ahotan.

Errepidean behera, txirrindulariak jausten dira ziztu bizian. Maldan gora eguzki gogorraren azpian pedalkada bakoitzeko indar handiagoa egin behar dute. Errepideak aurrera jarraitzen badu ere, bi txirrindularik eskuinera egin dute, aterpera. Zurezko mahai eta eserlekuak daude, eta zintzurra bustitzeko trago bana eskatu dute. Eguerdia da, eta orduantxe ireki dute Angel Oloron aterpeko ostatua. Ireki, eta hasi da hamaiketakoaren erromesaldia: handik eta hemendik atera dira bezeroak. Batzuek mendiko jantziak izerdiz bustiak dituzte, beste batzuk autoarekin ateraino ailegatu dira.

Ordurako barraren atzean da Angel Morato aterpeko zaindaria. Kafeak, kañak, freskagarriak, pintxoak... denetarik atera du.Hala izan da ostiralean aterpea ireki zutenetik: «Lan handiko egunak izan dira, egokitze lanen bukaera eta jendea artatzeko lana elkartu baitira. Jendetza etorri da, ikusmin handia zegoelako. Lehendik ezagutzen zutenak oso kontent daude emaitzarekin».

Horietako bat da Miren Campo bizkaitarra. Normalki egiten duten moduan, Izaban (Nafarroa) hartu du aterpea familiarekin. Mendi itzulia egitea erabaki dute aterpetik aterata: «Bueno, aurten aterpea irekita dago», esan du kontent. Hari ere ireki zaizkio oroiminaren ateak: «Orain dela ez dakit zenbat urte etortzen ginen mendi taldearekin. Horren falta sumatzen genuen, oso aproposa delako, umeekin egoteko ere bai». Campok uste du Belaguakoa «erreferente» zela mendizaleen artean, «nahiz eta lotan ez gelditu».

Elena Nicolao eta Esther Villacastin izabarrak ere han izan dira, baina ez dute lehen aldia, nahiz eta astebete ere ez den igaro aterpea ireki zutenetik. «Hirugarren aldia dut», esan du Villacastinek. «Nik bigarrena», Nicolaok. «Oso garrantzitsua da hau irekita egotea: itxia egon den tartean zeharkaldiko mendizaleak ailegatzen ziren, eta hutsune bat zuten. Gainera, errepide ertzean egonda, turismoa bultzatzeko oso egokia da», azaldu du lehenbizikoak.

Mendi itzulia eginda aterpeko terrazan dira biak, freskagarri bat eta deskantsua hartzen. «Lehen,beste ate horretatik sartzen zen, eta taberna atzean zegoen», gogoratu du Villacastinek. «Niri jatetxeko bistak gustatzen zaizkit. Baina pena dut, sobera moderno utzi dute. Hala ere, ongi utzi dute», gehitu du Nicolaok. Ikuskizun da ea garai batean bezain bizi mantenduko den aterpea: «Oso giro mendizalea zegoen lehen. Orain, mundu guzia janzten da mendirako jantziekin, baina ez dakit denak mendizaleak ote diren», bota du Nicolaok. Lagunak erantzun dio: «Garaiak asko aldatu dira. Aurten, gainera, pandemiarekin, jendetza etorri da Izabara; inbasio bat izan da».

Mendi aterpearen filosofia

Kanpoan batzuk solasean eta hamaiketakoarekin ari diren bitartean, sukaldean bost lagun ari dira lanean jo eta ke: prest dute bizkotxo bat, eta bi patata tortilla. Letxuga eta patata erreak prestatzen ari dira bazkarirako. Logeletan ez da inor; denak goiz atera dira mendira bidean. Dena betea dute, baina sartzen direnen erdieibaizik ezin diete ostatu eman; pandemiaren kontuak.

Moratok esan duenez, mendizaleen federazioak lortu du «bere ikurra» berriz martxan jartzea, eta Erronkaribarrek ere irabazi du txoko eder eta erakargarri bat. Gainera, eraikina iraunkorra dela goraipatu du zaintzaileak: «Argindarra erabiltzen dugu, komun idorrak ditugu eta dena birziklatzen dugu. Gainera, ez dugu plastikoa duen deus saltzen. Funtzionatzeko modua oso garrantzitsua da ingurumenarentzat, eta erreferente izan daiteke aurrerantzean eginen diren aterpeentzat».

Ateak zabalik ditu, beraz, Angel Oloron aterpeak. Dena den, Moratok argi utzi du: mendi aterpe bat da, ez jatetxe bat. «Filosofia horren oinarria horizontaltasuna da. Hemen denek laguntzen diogu elkarri; arreta eta zaintza giroa da nagusi». Dena partekatzen da: logelak, komunak, dutxak... Ateak irekita, itxi aurreko giro hori berreskuratu nahi dute. Oroimina errealitate izan dadin, berriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.