KRITIKA. Musika

Santutegiko oihalak urratu gabe

2022ko apirilaren 7a
00:00
Entzun

Il GardellinoBaroque Orchestra

Zuzendaria: Marcus Creed. Abesbatzak: Vocalconsort Berlin, Easo Eskolania. Abeslariak: Jakob Pilgram (Evangelista), Benoit Arnauld (Jesus), Miriam Feuersinger (sopranoa), Clint van der Linde (kontraltoa), Thomas Hobbs (tenorra), Klaus Mertens (baxua). Egitaraua:J. S. Bachen San Mateoren araberako Pasioa BWV 244.Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Apirilak 4.

Ia hiru orduz Nazareteko Jesusen azken bizipenen musika-dramatizazioa entzutea debozioz bizi den gertaera izan ohi da, eta ez soilik berezkoa zaion eduki erlijiosoagatik, baizik eta tenplu sakratu batean sartzeak sortzen duen sentipen berbera pizten duelako.

Il Gardellino Baroque Orchestrak Kursaalean eraikitakoak zimendu sendoak zituen: norabide garbia hartu zuen baxu jarraituak, hariak eta haizeak fin aritu ziren. Haatik, gainontzeko elementuen baturan soinu-mailak desberdintzen eta orekatzen zailtasunak agertu zituzten; instrumentuen soinua trinkoegia zen orokorrean, arnasarik gabea, eta ahotsak zanpatu zituen zenbaitetan, Easoko haurrenak izan ezik, ripieno-an zuzen eta kolore ederraz. Herriaren ahotsa, bestetik, orekatua eta bizia izan zen Vocalconsort Berlineko kideei esker; euren kalitatea eta fintasuna agerian geratu ziren, batez ere, Wenn ich einmal soll scheiden korala a cappella eman zutenean, baita barnetik zetozen ahots bakunetan ere, eta bereziki bi abesbatzetako baxuen parte-hartzeetan.

Ez dago zalantzarik Jakob Pilgramek istorio kontalari onenek duten karisma eta sen ona biltzen dituela; ebangelista bikaina izan zen, egonkorra tesitura guztian, piano maitagarriak zein urraduraren bortizkeriaren berri ematen duen karra aldizkatuz. Hala Klaus Mertensen tinbre garbi eta ziurra, 73 urterekin ere aria zirraragarriak ebazten dituena, Gebt mir meinem Jesum wieder!, kasurako. 2017an Ton Koopmanekin aritu ostean, luxua da Kursaalera berriro etorri izana. Miriam Feuersingerrek tinbre eta kolore ederrak zein fraseo landua zabaldu zituen, baina askotan orkestraren trinkotasunaren atzean. Clint van der Lindek ahots betea duela erakutsi zuen, baina barreiatu egiten zen behar baino gehiagotan; Erbarme dich ezagun bezain hunkigarrian, concertinoak aurrea hartu zion zentzu guztietan. Thomas Hobbsek ibilbide motza egin zuen, eta Benoit Arnauldek nortasun gutxiko Jesus garatu.

Errudunik ez, baina batzuetan gertatzen da: gogoz sartu eta aiherga atera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.