Eguneroko urdail uzkurdurak

Aintzane Usandizagak zortzi narrazio bildu ditu 'Kabitu ezina' liburuan. Giza harremanak, bakardadea, heriotza, konfort eremuak eta maniak dituzte hizpide, besteak beste, ipuinek

Aintzane Usandizaga idazlea, Kabitu ezina liburu berria aurkeztu aurretik, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Autonomoak badira ere, hainbat gai eta ezaugarri partekatzen dituzte Aintzane Usandizagak bere lehen liburuan bildu dituen zortzi ipuinek. Nagusiki, giza harremanak dituztela ardatz, eta egunerokotasunean kokaturik daudela. Bildumari zer izenburu jarri erabakitzeko unean, istorioen atzean zer zegoen hasi zen gogoetatzen, eta beste zerbaitez jabetu zen egilea: «Ohartu nintzen bazegoela sentipen bat edo sentsazio multzo bat, eta sentipen horri kabitu ezina deitu nion». Halaxe deitu dio ipuin liburuari, Kabitu ezina, eta Elkarrekin plazaratu berri du.

Ipuin bakoitzak du bere giroa, bere istorioa, bere pertsonaia sorta. Horiek idazteari ekin zionean, egileak artean ez zuen buruan bilduma bat osatzea. Behin ideia horri heldu zionean gomendio bat jaso zuela azaldu du: izenburuan pentsatzea, istorio guztiei batasun bat ematen lagunduko ziolakoan. «Horretarako, neure buruari egiten nion galdera zen zer kontatu nahi nuen; ez da galdera erraza istorio eta gai ezberdinak dauzkazunean. Nahi nuen horren atzean edo barruan zegoena atera». Gogoeta horren bidez jabetu zen istorioetan ageri den ezinegonaz. Eta jabetu zen ezin kabitzearen sentsazio hori «intentsitate eta forma ezberdinak hartuta» ageri zela, gainera: nor bere baitan egoteko ezintasuna, ingurura ez egokitzea, egoera batean harrapaturik sentitzea... «Esango nuke sentsazio oso fisikoa dela; nire kasuan, behintzat, halako urdail uzkurdura batekin identifikatzen dut —segur aski, bakoitzaren kabitu ezinak beste kokapen batzuk dauzka—, eta, intentsua denean, igo egiten da bularraldera, estutu egiten nau, eta eskuak izerditan hasten zaizkit. Eta, nahiz eta paralizatuta gelditu, bulkada iheserakoa dela esango nuke».

Sentsazio horiek eta bestelako batzuk transmititzeko «narratzaile subjektiboak» eraiki dituela azaldu du Usandizagak, «istorioak pertsonaien azaletik» kontatu nahi zituelako. «Bada ipuin bat, adibidez, hiru anai-arrebaren ikuspegitik kontatzen duena familia egoera bat. Kasu honetan narrazio koral bat aukeratu dut, baina aldian aldiko narratzailearen azaletik kontatzen da, iruditzen zaidalako, askotan, egia ezberdinak bizikide direla egoera edo leku berean». Egia ezberdin horiek maiz talka egin dezaketela iruditzen zaio idazleari, eta halaxe gertatzen dela ipuin horretan ere, baina ez direla azaleratzen, «pertsonaiek ez diotelako beren buruari baimena ematen egia horiek azaleratzeko, besteenekin talka egin ez dezaten, horrek ezerosotasuna sortzen duelako».

Giza harremanak daude narrazio guztien oinarrian. «Ausartuko nintzateke esatera orokorrean literaturaren gaia dela. Azkenean, gizakia harremanekin marrazten da, norbere burua ere taldearekiko harremanean eraikitzen da, alde zein kontra, bere burua oso bakartitzat duenak ere taldea behar baitu hala identifikatzeko». Bikote harremanak, familiartekoak, lagun artekoak, lan eremukoak, bakoitzak bere buruarekin duena... ageri dira ipuinetan.

Eta harreman mota horien guztien artetik, bat interesatu zaio bereziki Usandizagari: «Taldeetan egoten diren dinamikak, inertziak, taldeen barruan hartzen edo ezartzen diren rolak... Asko hitz egiten da, zorionez, bikote harremanetan izaten diren dependentzia harremanez edo harreman ez-osasuntsuez, baina iruditzen zait taldeak ere asko erromantizatzen ditugula, eta hor ere badagoela begiratu bat merezi duen kontu bat, niri behintzat interes handia pizten didana». Auzi hori «bereziki nabarmena» iruditzen zaio «trinkoak diren eta denboran luzatzen diren taldeetan», adibidez familiak, lagun taldeak eta lan eremu jakin batzuk. «Halakoetan, errepikapenez, are ebidenteagoa dela iruditzen zait; botere harremanak eta desorekak egoten dira, eta batzuetan bortizkeria latenteak ere bai». Gai horiek hartu ditu hizpide ipuinetan.

Gainazalak eta zurrunbiloak

Baina giza harremanekin lotutako auzi gehiago ere ageri dira liburuan. Normala izatearen eta lekuz kanpo egotearen inguruko gogoeta, adibidez. «Normala zer da? Testuinguruarekiko koherentea dena. Eta, testuinguru bakoitzean, normala gauza desberdin bat da. Ipuinetako pertsonaiak saiatzen dira beren testuinguru eta taldeekiko koherentea den gainazal bat azaltzen, baina denek dituzte kontraesanak, ulertzen ez dituzten pentsamenduak, beren buruari onartzen ez dizkiotenak... azken finean, zurrunbiloak, denok ditugunak». Baita itxuraz dena ondo doanean ere. «Istorio batzuetan, pertsonaiek erabat ulertzen ez dituzten egoerak gertatzen dira, eta horrek gainazal leun eta zaindu hori urratu egiten du, eta aparra ateratzen hasten da». Pertsonaia ezberdinak eraikiz, eta haien bidez, bakardadeaz ere egiten du gogoeta idazleak. «Beren buruarekin egon ezin dutenen kasuan zer ari da gertatzen hor? Zer da haientzat bakardadea? Porrota? Lotsagarria den zerbait? Beldurra ematen duen zerbait?».

Heriotza ere ageri da liburuan, «modu literalean, bizitzaren bukaera bezala», idazleak zehaztu duenez, baina baita harremanei lotuta ere. «Harremanak edo bizitzako faseak zerbait organikoa balira bezala ulertzen ditut; jaiotzen dira, transformatzen dira, eta hil daitezke. Teoria oso ondo ulertzen dugu, baina gero pertsonaiengan ikusiko dugu gertatzen direnean oso zailak egiten zaigula egoera horiek kudeatzea».

Horrek badu loturarik liburuan agertzen den beste gaietako batekin: konfort guneekin. «Pertsonaia batzuek behar dituzte aingurak, leku finkoak, betiko harremanak, kontrolatzen dituzten egoerak. Eta beste pertsonaia batzuek, aldiz, behar dute etengabeko aldaketa, etengabeko mugimendua». Horri lotuta, maniak eta ohiturak ekarri ditu hizpidera Usandizagak, «konfort gune eramangarri» gisa definitu dituenak, «nork berarekin eramaten» dituelako eta «errepikapenez, halako segurtasun eta kontrol sentsazio bat» ematen dutelako. Maniek nolabaiteko kutsu negatiboa dutela aipatu du, baina ohiturek ez hainbeste, eta bien arteko aldeaz edo mugaz pentsarazi dio horrek. «Noiz bihurtzen da ohitura bat mania; burutu ezin dugunean eta egonezin hori eragiten digunean?». Bereziki, pertsonaia baten bidez gorpuztuko dira zalantza horiek liburuan.

Animaliak eta ilustrazioak

Ipuinetako pertsonaiak, oro har, «arruntak» direla uste du Usandizagak —«hori esan baldin badaiteke»—, eta horrekin «itxuraz behintzat beren testuinguruarekin koherenteak» direla adierazi nahi duela zehaztu du. Halere, gogorarazi du denek dituztela beren «zurrunbiloak», eta maiz ikusiko dutela beren burua egoera bitxietan. Gerora jabetu da nabarmentzen diren pertsonaietariko batzuk animaliak direla. «Gerora jabetu naiz presentzia oso handia dutela; batzuetan modu anekdotiko edo sinboliko batean, baina badaude uneak non pertsonaiak diren». Berez atera zaion zerbait izan dela esan du, eta gehitu animaliak espero gabeko jarrera edo testuinguruetan ikusteak sortzen duen «ezinegon edo sentsazio arraro hori oso zuzena» dela.

Emandako azalpenek irakurketa ez baldintzatzea nahiko luke idazleak. Izan ere, ipuinena irakurle gisa asko maite duen genero bat dela adierazi du, besteak beste «irakurketa zabalak eta askeak» eskaintzen dituelako, eta irakurleari istorioak «bere bizipenetatik eta ikuspegitik osatzea» ahalbidetzen diolako. «Ni ere saiatu naiz irakurleari hori eskaintzen».

Azaleko zein ipuin bakoitzeko ilustrazioak Pili Aguadok ondu ditu. Hari, Elkarri eta Xabier Mendiguren editoreari eskerrak eman dizkie idazleak, ipuinak horrela janzteko aukera emateagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.