Ospakizunak

Ur tigrearen urtean sartzear

Txinatarrek Urteberri eguna ospatuko dute asteartean, eta ur tigrearen urteari emango diote ongietorria. Urtezahar egunean egiten dute festarik handiena.

Bilboko Institutu Txinatarrak urtero antolatu ohi ditu jarduerak Urteberri egunaren bueltan; irudian, dragoiaren burua, 2020ko ospakizunetan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2022ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Bazirudien baietz, baina, ez: oraindik ez dira amaitu Urteberri eguneko ospakizunak; ez, bederen, Euskal Herriko etxe batzuetan. Hain zuzen, Urteberri txinatarrari ongietorria emango diote otsailaren 1ean, datorren asteartean; metalezko idiaren urtea atzean utzi, eta ur tigrearenean sartuko dira. Ekintzak egingo dituzte leku batzuetan, momentuko egoerara egokitutakoak, pilaketak saihesteko.

Bilboko Institutu Txinatarrak, esate baterako, zenbait jarduera antolatu ditu goizean. Kaligrafia txinatarraren ikastaro bat egingo da helduentzat, eta jolasak eta eskulanak umeentzat. Horrez gain, gosegarria ere egingo dute amaieran. Aldiz, Gipuzkoako institutuak aurten ez du aurrez aurreko ekintzarik egingo, baina bai garai honetako tradizioak gerturatzeko ahalegin bat.

Hain justu, institutu horretako zuzendaria da Andrea Lu, eta adierazi du txinatar Urteberri eguna aldatu egiten dela urtetik urtera egutegi txinatarrean. Zehazki, neguko solstizioaren bigarren ilberrian izaten da; eguzkiari eta ilargiari erreparatzen die egutegiak, gregorianoak —Mendebaldean erabiltzen denak, alegia— eguzkiari begiratzen dion eran. Horrek laborantzarekin duen harremana zein den ere gogoan izan du: «Egutegi honen oinarria, ilargiaren mugimenduez gain, Txinako klima da; orduan hasten da nolabait udaberria: tenperaturak igotzen hasten dira, eta, era horretan, haziak landatzeko epea markatzen da». Bada, horregatik deitzen diote ospakizun horri Udaberriko Festa.

Urteetako bakoitzak, gainera, bere animalia eta elementua du. Zehazki, 60 urteko aldiak dituzte txinatarrek, eta tarte horretan hamabi animalia tartekatzen dituzte —arratoia (edo sagua), idia (edo bufaloa), untxia (edo erbia edo katua), tigrea, herensugea, sugea, zaldia, tximinoa, ahuntza (edo ardia), oilarra (edo txolarrea), txakurra eta txerria (edo basurdea)— eta bost elementu —ura, lurra, egurra, sua eta metala—. «60 urtean behin, zirkulu bat tokatzen da, 60 konbinazio baitaude guztira; errepikatu egiten da», azaldu du Luk. Kasu honetan, bat egiten dute tigreak eta urak, eta urte horretan dira sartzear txinatarrak, beste izen bat ere izan arren: «Tigre beltzaren urtea dela ere esan daiteke, beltza delako uraren kolorea».

Konbinazio horietako bakoitzak urte bakoitzean jaiotzen diren haurren izaera ere markatzen omen du. «Horren arabera, aurten jaiotzen den jendea bidezkoa eta ausarta izango da, eta liderra izateko espiritua ere izango du. Hala ere, badira desabantailak ere: pazientzia handirik gabekoak izan daitezke».

Tradizioei jarraitzen

Datorren hilaren 1ean, asteartean izango da Urteberri eguna, baina aurrez ekiten diete prestaketa lanei. «Mila kontu egin behar dira aurretik: janari asko erosi behar izaten da, eta, tradizionalki, baita arropa berria ere». Horrez gain, Luk nabarmendu du tradizioa dela etxe guztia garbitzea, horrek, besteak beste, «zikinkeria guztia» kentzen laguntzen duelako; era horretan, usteen arabera, etxea garbi duenak gainontzekoa ere hala izango du, eta, are, ez da gaixotuko sartzear den urte berrian. Hala ere, aurreko gaua izan ohi da indartsuena: Urtezahar eguna.

Afaria izaten da egun horretako zitarik garrantzitsuena. «Gaueko hamaiketan hasten gara jaten, eta petardoak botatzen ditugu amaieran; elezahar batek dioenez, egun horretan munstro bat iristen zen urtero, gizakiak jaten zituena, batik bat gazteak; bada, beldurtzeko, suziriak botatzen hasi ziren». Nian du izena piztia horrek, eta, diotenaren arabera, kolore gorria ere ez du gogoko. Horretaz jabetuta, ingurua gorriz apaintzeko joera ere badute txinatar zenbaitek.

Jatekoari dagokionez ere badira usadioak. «Ravioli txinatarrak jaten dira. Formak antzinako txanponaren antz handia du; baba bat errege opil batean bezala. Txanpon bat sartu ohi da horietako batean, eta tokatzen zaionari aberastasuna iritsiko zaio: zortea izango du diru kontuetan». Horrez gain, arrainak ere ez du hutsik egiten mahaian, hitz horren txinerazko ahoskera zorte on-en baliokidea baita.

Bada, halako afari txinatar batez gozatu nahi duenak izango du horretarako aukera, Gipuzkoan behintzat: bertako institutuak menua online eskatzeko aukera emango du.

Jatorrirako itzulera

Luk jakinarazi duenez, egun hauetan etxera itzultzeko ohitura egoten da, txinatarrentzako garai «oso garrantzitsua» izaten delako. «Kalean inor aurkitzen ez duzun une bakarra izaten da; guztiak daude familian batuta». Gainera, alderaketa bat ere egin du, eta azaldu du baduela sentsazioa hemen Gabonek jada ez dutela horrenbesteko inportantziarik, baina sentipen hori ez dela berdina txinatarren artean.

Beraz, oraindik ere Gabon gosez dagoenak badu horretarako parada. Gainera, ospakizunak ez dira Urteberriarekin amaitzen. Bi aste irauten dute: otsailaren 15ean bukatuko dira, Linternen Jaialdiarekin. Banbuz eta paperez egindako kriseiluak jartzen dituzte kalean, eta gazteenak izan ohi dira protagonistak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.