Beste uda batez Galeuscan

Bederatzi idazleri narrazio bana kaleratuko die BERRIAk igandetik aurrera; Arantxa Iturberi lehenik

Aintzane Usandizaga, Kirmen Uribe eta Arantxa Iturbe idazleak izango dira aurten BERRIAko udako narrazioetan ariko diren euskal idazleak. BERRIA.
itziar ugarte irizar
2022ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Narrazio bat igandeko. Azken urteetan, hitzordu finko bilakatu da BERRIAren kultur orrietako eskaintza udatiarrean, eta hala izango da beste urte batez ere. Bederatzi narraziok osatuko dute aurtengo kontakizunen katea:Galiziako hiru idazlek, Herrialde Katalanetako hiru idazlek eta Euskal Herriko beste hiru idazlek. Zehazki, Xose Manuel Martinez Oca, Mario Regueira eta Nee Barros izango dira egile galegoak; Gemma Pasqual, Nuria Bendicho eta Aina Fullana Llull katalanak; eta Arantxa Iturbe, Kirmen Uribe eta Aintzane Usandizaga, berriz, euskaldunak. Jatorriz galegoz eta katalanez idatzitakoak euskaraz kaleratuko ditu gero BERRIAk —Iñigo Roquek itzuliko ditu galegozko testuak eta BERRIAko Euskara Taldeak katalanezkoak—, eta berdin egingo dute Galiziako Nòs eta Kataluniako Vilaweb hedabideek ere, bakoitzak bere hizkuntzara eramanda beste bi herrialdeetako idazleen narrazioak.

Arantxa Iturberen Ikusten izango da katea abiatuko duena, igande honetan bertan, eta Joseba Beramendi Exprai ilustratzailearen irudiak osatuko du, baita ondotik helduko diren narrazioak ere. Irratian aritzen da egunero Iturbe (Alegia, Gipuzkoa, 1964), baina ibilbide oparoa du literaturan ere; antzerkian eta narrazio laburrean, batik bat.

Iturberenaren ostean, Kirmen Uribe (Ondarroa, Bizkaia, 1970) eta haren istorioa helduko dira uztailaren 10ean. Poesia bilduma bi eta, batik bat, nobela publikatu du Uribek, eta Izurdeen aurreko bizitza (Susa, 2021) du orain arteko lanik berriena.

Album ilustratu bat (Etxe honetan, Pamiela) eta ipuin liburu bat (Kabitu ezina, Elkar) urte berean eman zituen, bestalde, Aintzane Usandizagak (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1988), 2019an, eta Esther Ferrer artistaren jiran ondutako (Ia) guztia moztu eta itsats daiteke argitaratu du berriki, Pamielarekin eta Aran Santamariaren irudiekin osatuta. Uztailaren 17an argitaratuko du BERRIAk haren udako narrazioa.

Katalanen adarrean, Gemma Pasqual (Almoines, 1967) aurreko mendearen hondarretan hasi zen publikatzen, eta obra zabala eta dozenaka sari bildu ditu ordutik; Nuria Bendichok (Bartzelona, 1995) debut oso txalotua egin zuen iaz Terres Mortes eleberriarekin —Anagrama sarirako finalista izan zen—; eta Aina Fullanak ere (Manacor, Mallorca, 1997) irakurle askoren interesa piztu du Els dies bons lehen nobelarekin.

Eta ugaritasuna hiru egile galegoen artean ere: dozena lanetik gora ditu emanak Xose Manuel Martinez Ocak (A Estrada, 1942); narratiba eta poesia artean aritzen da Mario Regueira (Ferrol, 1979); eta Identidade da Nee Barrosen (Ourense, 2002) estreinako lana, antzezlan bat.

2004an hasi zen BERRIA udako igandetan euskal idazleen narrazioak argitaratzen, irudiekin batera. 2019an hasi zuen, ondoren, Vilaweb-ekin elkarlana, eta 2020an batu ziren galegoak. Iaz, gaelikoz idazten duten hiru idazleren lanak ere argitaratu ziren.

Bertso jarriak ere bueltan

Bertso jarriak iaz heldu ziren egunkariaren udako orrietara, eta horiek ere segida izango dute aurten. Larunbatetan argitaratuko dira, eta askotariko gaien bueltan eta askotariko doinuen erritmora joango da beste kate bat txirikordatzen horrela. Bihar izango da lehena, Oihana Arana idazle eta bertsolariaren eskutik, eta irakurtzeko soilik ez, entzuteko modua ere izango da BERRIAren webgunean. Parte hartuko dute, besteak beste, Irati Alcantarilla, Andere Arriolabengoa, Beñat Astiz, Jexux Mari Irazu, Paule Ixiar Loizaga, Gorka Pagonabarraga, Johaiñe Sarraillet eta Ekhiñe Zapiainek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.