Albistea entzun

Ereindako haziaren fruitua

Igeldoko Herri Kooperatibako egitasmo berria zabalik dago uztailaren 17az geroztik: haren helburua da tokiko produktuen bitartez Igeldoko beharrak asetzea.
Igeldotar familia bat IKO-ko barazkiak poltsan sartzen.
Igeldotar familia bat IKO-ko barazkiak poltsan sartzen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Miren Mujika Telleria -

2020ko uztailak 30

Goizeko hamarrak dira. Lasai dago Igeldoko (Gipuzkoa) Kristobal Balenziaga kalea. Bertan dago IKO, Igeldoko Herri Kooperatiba. Iratxe Etxano kooperatibako kidea atera da eraikineko atarira, eta kartel baten bidez adierazi du denda zabalik dagoela jadanik. Argi naturala sartzen da kanpotik dendara. Produktu andana dago, denak txukun antolatuta: barazkiak saskietan, baratxuri sorta bat paretatik zintzilik, ogi mota guztiak apalategian, bertan ekoitzitako fruituekin egindako marmeladak... Sarreran, kafea hartzeko txokoa dago, bertaratzen den orok lasai hartu dezan atseden.

Uztailaren 17an zabaldu zituen Igeldoko Herri Kooperatibak dendako ateak. Tokian tokiko produktu osasungarrien eskaintza zabala du IKOk, eta, hemengo produktuen aldeko apustua egiten duenez gero, Igeldoko hutsuneak beteko ditu denda berriak. Hala jakinarazi du Amaia Estangak, Igeldoko kooperatibako batzordekideak: «Igeldon hutsune bat zegoen elikaduraren eta merkataritzaren sektorean, eta hutsune hori betetzea du helburu dendak». Eneko Dorronsoro ere Igeldoko Herri Kooperatibako batzordekidea eta ekoizlea da, eta adierazi du Igeldon bertan ez zegoela orain arte IKO bezalako dendarik: «Erosketa egitera Donostiara jaitsi behar izaten zuten herritarrek, eta toki honek bertan erosteko aukera ematen die». Batzordekideek argi dute zein diren egitasmo berriaren helburuak: «Kalitateko zerbitzua eskaintzea, igeldotarren bizi kalitatea hobetzea, Igeldo biziberritzea eta gurera etortzen diren bisitariei hemengo produktu eta ondare eskaintza helaraztea dugu helburu».

«Egun on!», esaten du irribarre handi batekin dendako atea gurutzatzen duen bakoitzak. Saltzaile eta erosleen arteko konfiantzazko eremu bat da. Beren arteko harreman bat, finean. Izan ere, ohiko denda eredutik aldentzen da IKO, eta, erosle rolaz haratago, proiektuan parte hartzeko aukera ematen zaie kontsumitzaileei, nolabait; hurbileko tratuaren bidez, «kalitateko turismo eredua sustatzea» du helburu egitasmoak.

Hasi besterik ez da egin

Gizon igeldotar bat barazkiak aukeratzen ari da seme-alabekin, eta semea barazkiak poltsan sartzen ari da, «utzi niri, aita!» esanez. Igeldotarrak adierazi duenez, dendako bazkide dira, eta bertako produktuen bila jotzen dute IKO-ra: «Igeldoko produktu ekologikoak dira hemen saltzen direnak, eta guk horren aldeko apustua egiten dugu». Nerea ere IKOko bazkide da, eta bertan sortu ohi den etxeko giroa maite du: «Gertukotasunagatik eta hemengo produktuen kalitateagatik etorri ohi naiz dendara». Antiguako Olga ere IKOra joan da goizean, eta hala egiten du egunero dendako ateak ireki zituztenetik. Gasteizko bi lagunez lagundurik doa oraingo honetan. Tokian tokiko produktuen aldeko egiten du Olgak ere, eta, hemengo produktuak erosteko ez ezik, kafea hartzeko txoko paregabea dela kontatu du: «Lasaitasun bila etortzen naiz hona».

Arrakasta handia izan du proiektuak herrian. Izan ere, 25 bazkide ziren hasieran, eta orain ehundik gora ditu Igeldoko kooperatibak: gorakada horrek aukera eman die egitasmo berri hau aurrera eramateko. Batzordekideek azpimarratu dutenez, ezinbestekoa izan da auzolanean jardun duten guztien laguntza: «Guztien inplikazioa ezinbestekoa izan da, eta, orain, ereindakoa jasotzen ari gara». Proiektua kooperatibaren lehen urratsa besterik ez dela jakinarazi du Estangak batzordekide guztien izenean: «Proiektu hau hasi besterik ez da egin, eta ibiliaren ibiliaz zer norabide hartuko duen erakutsiko digu». Oraindik ezin dute zehaztu zein izango diren aurrera begirako urratsak, baina argi dute non eragin: «Hezkuntzan, kulturan, nekazaritza eta landa eremuan... badaukagu non eragin».

Une oro sartzen da jendea dendara. Sartu bezain pronto, saskia hartzen du erosle bakoitzak, eta, irribarrez inguruari begira, erosteari ekiten diote. Esku hutsik sartzen dira erosleak, eta poltsa bete janari ateratzen. Herritarrek erosle ororentzat sortutako denda hasiera-hasieratik «emaitza ezin hobeak» ekartzen ari dela azaldu dute sustatzaileek. Beraz, badute pozik egoteko nahikoa motibo. Herritarrek ereindako hazia fruitua ematen ari da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Dulantzi ibaiko ubidea (Araba). ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Ubideak, animalientzako etsai

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Hainbat animalia ubideetara erori eta atera ezinik gelditzen dira; Dulantzi ibaiko ubidean, esaterako. Herritarrek eta ekologistek kasuok salatu dituzte, eta gaia Arabako Fiskaltzara ere iritsi da. Gasteizko Udal Uren esku dago ubidea, eta azaldu dute «irtenbide egokiak» bilatzen dabiltzala.

<em>Teknopolis</em> saioko lantaldea atzo Mondragon Unibertsitatean egindako aurkezpenean, Arrasaten. ©ELHUYAR

Asteburuan hasiko da 'Teknopolis', koronabirusaz haragoko gaiekin

Ainhoa Larretxea Agirre

Zientzia eta teknologia lantzen dituen dibulgazio saioak 24. denboraldia du

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Lan hau berrespen bat da: gauzarik txikienak izan daitezke bitxienak»

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Erabaki arrazional bat hartu ordez, intuizioari jarraitzeko hautua egin zuen Apodakak, eta horrela osatu du bihar Laudion aurkeztuko duen erakusketa: 'Toys'. Harribitxiekin osatutako daga bereziak egin ditu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna