Atea ireki sexualitaterantz

Iruñeko Flamingo denda erotikoak ohiko estetikarekin apurtu nahi du. Adin guztietako jendea sartzen da zalantzak argitzera, erostera edota kuxkuxeatzera.

Jostailu sexualez gain, liburuak ere saltzen dituzte Flamingo denda erotikoan, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2022ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Erakusleiho arrosa bat Iruñeko zabalgunean. Neonezko flamenko bat dauka paretan; ondoan esaldi bat: «Flamingon gertatzen dena Flamingon geratzen da». Jostailu denda bat da? Litxarreria denda bat? Zer da? Horiek izan ohi dira erakusleihotik pasatzen diren askoren zalantzak. Sartzeko atea bultzatu behar da, baina askok tira egiten dute. Bikote batek tira egin, eta atearen kontra talka egin du. Dendariak agurtu,eta urduri Flamingo denda erotikora sartu dira.

Sexualitatearen inguruan dauden tabuen eta estigmen ondorioz, oraindik ere, denda erotiko askok atzeko atea daukate; Flamingok bakarra dauka. Odei Alkazarrek eta Selene Abetek sortu dute denda, eta ohiko estetikatik urrundu nahi izan dute. «Ikusi genuen Iruñean arauetatik ateratzen zen sex shop bat behar genuela, hau da, ez genuen nahi urrun egotea, iluna izatea, kabinekin, ezkutatuta. Koloretsua, arrosa, estetikoa eta atsegina izatea nahi genuen», nabarmendudu Alkazarrek.

Kanpotik pasatzean, askok ez dakite denda erotiko bat dela, eta begira geratzen dira. Beste batzuek aurrera jarraitzen dute. Kanpotik ez da ikusten nor eta zer dagoen barruan, baina jendea dagoela ikus daiteke. «Bezeroen intimitatearengatik egin dugu; oraindik tabu asko daude», azaldu du Abetek. Batzuek, barruan zer dagoen ikusteko, atera hurbildu, eta eskua kopetan jarrita begiratzen dutela kontatu du: «70 urteko emakumeak izaten dira batez ere, baina gero ez dira sartzen». Hala ere, 18 urtetik 80 urte bitarteko bezeroak dituzte.

Dendaren atzealdean bikote bat dago, eskuburdina gorri batzuk begiratzen ari dira. Denda kuxkuxeatu, eta aterantz joan dira. Ateratzeko tira egin behar da, baina bultzatu dutenez estropezu egin dute. «Lasai, denei gertatzen zaie», esan dute dendariek. Kontatu dute ohikoa dela jendea urduri ateratzea, eta horregatik estropezu egitea. «Ezin dugu ahaztu nondik gatozen, eta sexualitatearen kontra egon den errepresioa. Nahiz eta proposamen berri bat izan, sex shop-ak estigmaz josita daude», gehitu du Alkazarrek.

Denda hutsik dago, eta musika lasaia entzuten da, ohiko bezero bat sartu den arte: «Ate hau aldatu behar duzue, gaizki dago». Dendariak lehenagotik ezagutzen zituen, eta ireki dutenetik askotan joaten da: «Gustuko dut jende berriarekin etortzea lekua ezagutzeko. Zailena atea zeharkatzea da; behin zeharkatuta, gauza interesgarri asko daude ezagutzeko».

Hezitzaile sexuala da, eta ikasleei liburu asko eramaten dizkie. Dendaren erdialdean liburu asko daude, eta ohiko bezeroak uste du batzuk erakusleihoan egon beharko liratekeela: «Jendeak jostailu sexualekin lotzen du sex-shop-a. Gizartearen parte batek hori baztertzen du, eta liburuek sartzera gonbidatzen dute». Ez du izena eman nahi Iruñea «txikia» delako, eta lanean izan ditzakeen arazoengatik: «Lanean ez dute ongi ulertuko. Lankideek ez dakite nondik ateratzen ditudan liburuak; oraindik tabu handia dago». Lagunak agurtu, eta joan egin da.

Ibilbideko beste denda bat

Dendaren helburuetako bat dagune komertzialetan egotea, jendea dendaz denda joaten denean sex shop-a ere ibilbidearen parte izatea. «Sex shop-era sartzea normalizatu nahi dugu, hau da, beste denda batera joaten garenean bezala izatea», esan du Abetek. Horrez gain, gazteentzat irisgarria izatea nahi dute: «Batzuek ez daukate kreditu txartelik Internetetik erosteko, edo ez dute deus etxera iristea nahi». Gaineratu du gazte batzuei lotsa ematen diela kondoiak erosteak, eta bertan erosten dituztela: «Askok ezin dute kutxa bat erosi, eta solte erosten dituzte».

«Kaixo, ikustera etorri naiz», esan du ondoko negoziotik atera den gazte batek. Barruraino sartu, eta kuxkuxeatzen ibili da. Dendariek esan dute ohikoa dela hori, baina beste asko zuzenean zalantzekin joaten direla. «Jendea urduri sartzen da, oinarrizko zalantza askorekin, baina kontent eta lasai ateratzen dira. Lorpen bat da», esan du Abetek. Galderaz josi ditu dendariak; atea ireki, eta kalera atera da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.