Liburu zaharren erakusleihoa

Liburu denda zenbaitetan aurkitzen zailak diren argitalpenez gozatzeko aukera dago Gasteizko liburu zaharren azokan uztailaren 11ra arte; zortzi mahai daude guztira.

Gasteizko liburu zaharren eta bigarren eskukoen azokaren 26. aldia da aurtengoa; Urrezko Zeledonen plazan dago. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Zabaldu eta usaindu. Era horretan erraz antzeman daiteke liburuak zaharrak diren ala ez. Baina usaimenarekin ez ezik, itxurarekin ere egin daiteke. Orriek dagoeneko marroiaren eta horiaren arteko kolore bat hartua izan ohi dute, egungo paper birziklatuan idatzita egongo balira bezala, eta azaletako tapek hautsa dutela dirudi, izatez ez badute ere. Hainbatek barnean dituzten letra motak ere ez dira egun ordenagailuan idatzita ikus daitezkeenak; areago, badira eskuizkribuak ere, garai batean eginiko ilustrazioez osatuak; dotoreak eta koloretsuak, gehienak. Hain zuzen, horrelako idatziez gozatzeko aukera dago liburu zaharren eta bigarren eskukoen azokan, Gasteizen.

Iaz izurritearen ondorioz bertan behera gelditu ostean, ekainaren 25ean ekin zioten azokaren 26. aldiari Gasteizko Zeledonen plazan, hala nola liburu zaharren eta erabilien berreskurapena sustatzeko baita bibliografiarekiko eta bildumazaletasunarekiko interesa bultzatzeko ere. Guztira, zortzi liburu dendatako lagunak parte hartzen dute azokan, Euskal Herrikoak eta nazioartekoak: Asilo del Libro, Torres de Valencia, Arkadia, Xabier, La Ela, Eurolibro, Maxtor eta Sekhmet dendetakoak. Han dauden idatziak usaindu, zabaldu eta irakurri nahi dituenak, uztailaren 11ra arte edukiko du horretarako aukera, goizez, 11:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, 17:00etatik 21:00etara.

Faksimileak ditu bere mahaian Jose Antonio Valladaresek, jatorrizko dokumentuen kopiak, hain justu. «Hainbat argitalpenen edizio mugatuak dira, originala hemen izatea erokeria litzatekeelako; ezinezkoa litzateke, horiek liburutegietan, errege jauregietan eta monasterioetan daude». Esate baterako, salgai ditu Errioxako (Espainia) Donemiliaga Kukula monasterioko beatoetako batzuk, baina baita obra grafikoak ere, akuafortez egindakoak, besteak beste. «Hala ere, ez dira laminak, baizik eta lan osoak eta arkatzarekin sinatuak; era horretan erraza da jakiten argitalpena originala den ala ez, kopia bat izanez gero arkatzaren arrastoa ez litzatekeelako ezabatuko».

Salmenta gune «egokiak»

Valladaresen arabera, era horretako azokak «egokiak» dira salmentarako, eta, aipatu duenez, Bilbon Eurolibro izeneko liburu denda badu ere, azokaz azoka aritzen da. Bat egiten du harekin Francesc Reuna liburu saltzaileak ere. Katalana da, eta, Canovelles (Herrialde Katalanak) herrian du negozioa: La Ela. «Pentsamendu garaikidearekin zerikusia duten liburuak izaten ditut batez ere salgai, XIX. mendetik hasi eta gaur artekoak». Adierazi du azokak direla haien «erakusleihorik» garrantzitsuenak, egun liburu denda bat izateko aukerak «mugatuak» direla argudiatuta: «Oro har, hiriburu handietan, asko igo dira lokalen alokairuak, eta liburu dendek ez dute prezio hori ordaintzeko aukerarik». Haren ustez, halako saltoki txikiak «bigarren mailan» gelditu dira, eta, gainera, uste du frankiziekin ezin dela «lehiatu».

Liburu saltzaileek iritzia eman ahala, hartu-emana nabaria da bertaratuekin, galderak edo eskaera jakinak egiten baitizkiete. Gehienak helduak eta adinekoak dira. Baina bada kuxkuxean dabilen gazteren bat edo beste ere, haiek baino zaharragoak izan daitezkeen argitalpenetan zer aurkituko. Blanca Marin madrildarra, esaterako, liburuei begira baino gehiago, binilo zaharretan zer dagoen arakatzen dabil. «Gasteizen bizi naiz, azokaren alboan, eta biniloak zituztela ikusi bezain laster pentsatu dut etortzea; ez nabil ezer jakina aurkitu nahian, baina oparitarako zerbait nahiko nuke, oro har gauza zaharren zalea bainaiz».

Tokian tokiko hautaketa

Txema Sandoval gasteiztarra da, Skhmet liburu dendakoa. «Badakit zeintzuk diren hemengo jendearen, arabarren eta euskaldunen, interesak; liburuak gustu horretara moldatuta hautatu ditut azokarako». Azaldu duenez, bezero horiek tokiko historiarekin eta gastronomiarekin lotutako liburuak erosten dituzte batez ere. «Nahitaez mahai gainean eduki beharreko gaiak dira; hala ezean, jendeak eskatu egingo du». Haren ustez, azokak egitea «garrantzitsua» da, jada beste leku batzuetan ez dauden argitalpenak aurki daitezkeelako. Eta bat egin du Requenak ere: «Hemen dauden liburuak aurkitzen zailak dira, jada katalogotik kanpo daudelako edo gaztea zinela irakurri zenituelako; argitalpen mota horiekin topo egiteko gunea da hau».

Liburu saltzaileen alboan da Isabel Sologuren ere. «50eko, 60ko eta 70eko hamarkadako aldizkariak bilatzen ari naiz, ilustratuak, collageak egiten baititut». Adierazi du ia denek izan dutela etxean horrelako aldizkari bat, baina, normalean, bota egiten direla, eta, beraz, ez direla asko gelditzen. «Baina etorri naiz, eta aurkitu ditut: horrelako feriek eskura jartzen dute beste era batera lortu ezin dezakezuna». Gainera, aipatu du Internet bidez eros zitzakeela, baina nahiago duela pertsona batengana jo zuzenean. «Hobea da liburuak zaintzen dituen pertsona bati egitea erosketa, Interneten aritzen diren taldeei baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.