Lide Hernando.
EKOGRAFIAK

Fikzioaren olatuaren zain

2023ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Gazteen kontsumo ohitura berriei erantzuteko jaio omen da Primeran plataforma; eta bazen garaia. Aldaketa eta aurrerapausoei dagokienez, ETB normalean atzean gelditu ohi dela entzutea nahiko iritzi zabaldua da, eta berandutxo bada ere, iritsi zaigu gure hizkuntzan ikus-entzunezko edukien plataforma digital bat edukitzeko ordua. Aspaldi baita jendeak ulertu duela saio edo telesail bat telebistak agintzen duen momentuan, telebistak agintzen duen maiztasunarekin, eta telebistak inposatzen dituen iragarki-etenaldiekin kontsumitzeak ez duela jada zentzu handirik.

Eduki berrietan ugaritasuna izateko apur bat itxaron beharko dugun arren 80ko eta 90eko hamarkadetako telesail mitikoen ordu eta orduek ez digute balio, sentitzen dut, badira jada estreinatu diren batzuk; esaterako, aurreko ostegunean aurkeztu zen Itxaso telesaila. Thriller kutsua hartzen duen istorio honetan, ama hil ostean, Itxaso izeneko nerabeak (Nerea Mazo) Mexiko utzi eta euskal kostaldeko herri batera itzuli beharko du, ezagutzen ez duen aitarekin bizitzeko (Jon Plazaola). Antzezpenak txukunak dira; Plazaola eta Mazorena ez ezik, Amancay GaztaƱagarena azpimarratu nahiko nuke, haren pertsonaiak argia eskaintzen baitio telesailari. Surfaren munduan girotua egotea jada berrikuntza bat da euskal fikzioaren panoraman. Egia da, ordea, ez duela askorik berritzen ez gidoian, ezta formatuan ere; istorioa entretenigarria eta interesgarria izan arren, dezentetan ikusi dugun fikzioaren moldeari jarraitzen dio. Baina tira, aitortu behar dut istorioak jakingura mantentzeko ezaugarriak badituela.

Puntu honetara iritsita, kide dudan Gaizka Izagirrek aipatutakoa berretsiko nuke: primeran dagoela Primeran bezalako plataforma bat izatea, baina Ikeako altzari hori liburuz bete behar dugula orain. Liburu mardul eta mehez, irakurterraz zein zailez, klasikoez eta, batez ere, berriez. Eta, gazteen kontsumo ohitura berriei erantzuteko jaio bada, proposamen bat: zergatik ez ausartu gazteei beraiei euren istorioak kontatzeko bultzada ematera? Ezagunak ditugu jada aurrekontu txikiarekin estreinatu eta gazteen buruetatik atera diren gauza interesgarriren bat edo beste Autodefensa datorkit burura. Ez nuke esango diru kontua denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.