Gastronomia

Betikoak eta modernoak

Mercabilbaok 50 urte bete ditu, eta, ospatzeko, errezeta liburu bat argitaratu du, besteak beste: '50 urte, 50 errezeta'. Bizkaiko sukaldarien platerak biltzen ditu, tradizionalak eta abangoardiakoak.

IBAI ARMENTIA.
amaia igartua aristondo
2022ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Nahi baino modu apalagoan, agian; osasun egoeraren ondorioz, festak antolatu beharrean ekitaldi lasaiagoak egiten: hala ospatu zuten iaz Mercabilbaoren 50. urteurrena (Basauri, Bizkaia). Askotariko ekintzek bukaera goxoa izan zuten: abenduan, Bizkaiko sukaldarien errezetekin osatutako liburu bat kaleratu zuten, 50 urte, 50 errezeta —bost euro balio du—. «Elikagaiak direnez Mercabilbaoren helburua, sukaldariak eta jakiak bilduko zituen zerbait egiteko asmoa genuen», Aitor Argote Mercabilbaoko zuzendari nagusiaren arabera.

Urte bakoitzeko errezeta bat biltzen du liburuak: zehazki, zortzi lehen plater, arrainekin eta itsaskiekin egindako 23, okela oinarri duten hamabi, eta zazpi postre. Zuzendari nagusiaren hitzetan, ahalegindu dira euskal tradizioa islatzen, eta janari lasaiaren mugimenduari ere erreparatu diote: «Janari lasterraren kontra dago, eta zero kilometroko elikagaiak aldarrikatzen ditu». Halaber, abangoardiako sukaldariak eta klasikoagoak agertzen dira. Irizpide horietatik abiatuta taxutu dute lana. «Zaila izan da osagai guztiak biltzea eta konbinatzea».

Kontrastea agerikoa da izenetan. Erraz irudika liteke Gernikako indabak, Gernika-Lumoko Boliña el Viejo jatetxeko Miguel Zelaiak proposatutako errezeta; baita Morgako Katxiko Jose Ramon Ormaetxearena ere, Berduren menestra, eta Jatabeko Edulis jatetxeko Zuriñe Zapateroren Zezen buztan erregosia. Baina nahasgarriagoak suerta litezke Larrabetzuko Azurmendiko Eneko Atxaren Izkira, gel begetala eta tomate zaharra, eta Zornotzako Boroako Ander Unda eta Vitalie Nofiten Izkiratzarrak bere buruen estraktuarekin, baserriko arrautzen gorringoa eta parmentine krematsua.

Era berean, gero eta ezagunagoa den codium alga erabili dute zenbaitek: Axpeko Akebaso jatetxeko Iñigo Fuertesek —Frijitutako barbarin trontzoa, krustazeo risottoarekin eta codium gelarekin— eta Bakioko Zintziri Errotako Dogartzi Izagirrek —Erreboiloa gari zainzuri, kalabazin eta puntalette gisatuaren gainean, eta codium emultsioa—. «Sukaldari bakoitzak bere nortasuna ematen dio liburuari», dio Argotek.

Helburu «solidarioa»

Lanak Mercabilbaoren alde «solidarioa» ere islatzen du, zuzendari nagusiak nabarmendu duenez: salmentekin lortutako diru guztia Bizkaiko Elikagaien Bankuari emango diote. 25 urte inguru daramatzate haiekin kolaboratzen. Argote «pozik» agertu da argitalpenak orain arte izandako harrerarekin. Bizkaidendak eta Bilbao Dendak elkarteetako dendetan dago salgai, eta liburuan agertzen diren jatetxeetako batzuetan ere eskura daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.