Bidaia baterako gonbidapena

EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 50 kontzertutik gora emango ditu irailetik aurrera, 2019/2020 denboraldian. «Ezkutuko» programa batekin ekingo dio kontzertu sortari

Oriol Roch Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusia, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Robert Treviño orkestrako zuzendari titularra —itzultzailea alboan duela—, atzo, EOSek Donostian duen egoitzan, denboraldi berriaren aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak kontzeptu baten inguruan ardaztu ohi du denboraldia. Bidaia hartu du ardatz 2019/2020 denboraldirako; «ezezagunean barrena» egindako bidaia, zehazki. Horixe proposatuko die entzuleei: ezezaguna den horren aurrean jartzeak sorrarazten dituen emozioak bizitzea. Horretarako, 50 kontzertutik gora egingo ditu Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean, eta entzuleak lehen kontzertu programarekin izango du sentipen horiek bizitzeko aukera. Izan ere, entzuleek ez dute jakingo, obra bat salbu, zer beste bost lan entzungo dituzten emanaldi horretan; kontzertua bukatzean banatuko dute esku programa. Atzo eman zuten xehetasun horren eta gainerakoen berri, orkestrak Donostian duen egoitzan eginiko aurkezpen batean, EOSen zuzendari nagusi Oriol Rochek, zuzendari titular Robert Treviñok eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiriak. Denboraldi berria «orekatua, anbiziotsua eta indartsua» izango dela ziurtatu zuen Rochek.

Orkestrak irailaren 27an hasiko du denboraldi berria, Gasteizen, eta 2020ko ekainaren 4an amaituko du, hiri berean. Mikel Chamizok Juan Sebastian Elkanoren mundu biraren bosgarren mendeurrenaren harira sortutako obrarekin emango dio hasiera denboraldiari. Jakinarazi dutenez, Bilboko Koral Elkarteak parte hartuko du lan horretan, eta Treviñok gidatuko du orkestra. Baina jakinak ez diren beste bost obrak osatuko dute lehen kontzertu programa; «ezkutukoa» izendatu dute horregatik. Horrekin, marinelek mundu birara abiatzean sentitu zutena biziarazi nahi diete entzuleei. «Inoiz ikusi gabeko zerbait izango da», adierazi zuen zuzendari titularrak. Hirugarren denboraldia izango du horretan, eta azaldu zuen bi urteko lanaren ondotik «zerbait desberdina, espero gabekoa» proposatu nahi izan duela.

Lehenaren ondotik, beste hamar kontzertu programak osatuko dute denboraldia. Rochek azaldu zuenez, musika sinfonikoa inoiz entzun ez dutenek lehen aldiz entzuteko egokiak diren lan ugari interpretatuko ditu orkestrak. Baina, era berean, musika klasikoan «jakintza sakona» dutenak ere asetzeko modukoa da egitaraua, haren ustez. Guztira, 32 lan emango ditu, horietatik bederatzi orkestrak sekula interpretatu gabeak: Gustav Holsten Planetak, Gustav Mahlerren Lurraren kantua, Antonin Dvoraken Mundu Berriaren Sinfonia, Nikolai Rimski-Korsakoven Xeherezade, Hector Berliozen Sinfonia Fantastikoa eta Anton Brucknerren 9. Sinfonia entzun ahal izango dituzte entzuleek, besteak beste. Bela Bartok izango da denboraldi berrian protagonismo berezia izango duten beste musikagileetako bat, eta Maurice Ravelen konposizioek ere presentzia nabarmena izango dutela iragarri dute.

Ravel ez da izango, dena dela, programazioko euskal konpositore bakarra. Mikel Chamizok bezala, Mikel Urkizak ere estreinatuko du Elkanoren mundu biraren harira prestatzen ari den obra. Gabriel Erkorekaren Zuhaitz lana ere interpretatuko du EOSek, Kalakan hirukotearen zein Vocalia abesbatzaren laguntzaz.

Gonbidatu bereziak

Treviñok sei programatan zuzenduko du orkestra, eta gainerakoetan musikariak zuzendari gonbidatuen aginduetara ariko dira. Juanjo Mena, Pinchas Steinberg, George Mark, Edo de Waart eta Mei-Ann Chen ariko dira denboraldi berrian. Baina, horiek ez ezik, bakarlari ezagunak ere gonbidatu ditu EOSek; hala, orkestrarekin batera izango dira oholtza gainean Frank Peter Zimmermann eta Augustin Hadelich biolinistak, Julian Bliss klarinete jotzailea, Varvara eta Yulianna Avdeeva pianistak eta Jonathan Roozeman biolontxelista.

Ahotsen eremuan, berriz, Mojca Erdmann eta Kate Royal sopranoek, Jennifer Johnston eta Justina Gringyte mezzosopranoek, eta Corby Welch tenorrak kantatuko dute EOSen ondoan. Eta abesbatzen artean, Bilboko Koral Elkarteaz eta Vocalia taldeaz gain, Donostiako Orfeoia ere ariko da.

Bingen Zupiriak txalotu egin zuen orkestra oro har eta zuzendari titularra bereziki egiten ari diren lana. Duela bi urte, Treviño iristean, «orkestrarekin egin behar zuen bidaiarako» hiru helburu ezarri zirela ekarri zuen gogora: «Batetik, orkestraren soinua indartzea eta borobiltzea; bestetik, euskal musikari leihoak eta ateak zabaltzea; eta azkenik, mundura ateratzea». Hiru arloetan helburuak betetzen ari direla uste du Kultura sailburuak. Azken xedearen bidetik, iragarri zuten EOS Parisko Champs-Elysees antzokian ariko dela 2020ko urtarrilean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.