Filosofia krisian dago?

Humanitate zientzien dekadentzia posibleak soka luzea du, errentagarritasun ekonomikoaren gailentasunak adinakoa ia: neoliberalismoa ekonomian, Bologna prozesua hezkuntzan, krisien segida, ekonomikoa, soziala, sindemikoa... Krisi erabateko garaian, galdera filosofikoak prestigioa eta indarra galdu ote du?

gorka erostarbe leunda
2022ko otsailaren 22a
00:00
Entzun

Humanitatea krisi luze batean dago; badira belaunaldiak beste egoerarik ezagutu gabeak: krisi ekonomiko eta sozial orokorra, globala. Gutxienez 2008tik. Azken bi urteotan, krisi pandemiko-sindemikoa. Soka tenkatuaren abiaburuak lehenagotik.

Sintomatikoak dira, besteak beste, Europako hezkuntza arautuetan giza zientzietan Bologna prozesuaz geroztik, eta zehazki filosofian, izandako beherapenak, datorren ikasturtetik aurrera Espainiako LOMLOE legeak berretsiko dituenak Hego Euskal Herrian ere. Baina haragokoa al da joera? Humanitatea ez ezik, krisian ote daude humanitateak, krisian ote filosofia bezalako esparruak, krisian oinarrira doazen galderak?

Galderen bidez, ezin bestela, iritzia eskatu die BERRIAk filosofiarekin, pentsamenduarekin estuki loturiko bost laguni: Maitane Nekaran Umaran (Getxo, Bizkaia, 1984) Filosofian (EHU) eta Humanitateak eta Giza Komunikazioan (MU) lizentziaduna da, eta egun Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko Filosofia irakaslea da Artaza-Romo (Bizkaia) institutu publikoan, eta Agora eta Jakinmin filosofia elkarteetako kidea; Markos Zapiain (Irun, Gipuzkoa, 1963) Filosofian doktorea da, eta egun Filosofia irakaslea Bilboko Botikazar institutuan; Lorea Agirre (Beasain, Gipuzkoa, 1968) kazetaria eta antropologoa da, eta Jakin aldizkariko lehendakaria; Irati Zubia Landa (Donostia, 1997) Filosofian lizentziaduna da EHUn, eta egun doktoregaia, Zientzia eta Balioak ikerketa egin ostean; eta Ignazio Aiestaran (Iruñea, 1970) idazlea eta filosofoa da, eta irakaslea EHUko Filosofia Fakultatean.

Krisian ote da filosofia?

1. Batik bat erakundeek eta hezkuntzak gutxiesten dute filosofia, ala zerbait orokorragoa da, humanitateen dekadentzia bat?

2. Gizarte produktibistan, galderak zer prestigio du?

3. Zer leku izan behar luke filosofiak krisi garai global eta erabateko honetan?

MAITANE NEREKAN UMARAN Agora filosofia elkarteko lehendakaria
«Interes produktibistak zalantza oztopo gisa ikusten du»

1. Interes kapitalistek lortu dute humanitateen bertsio desitxuratua ematea, eta haren aldeko beharrezko giroa hiltzea. Inor gutxi ausartzen da publikoki esatera filosofiak ez duela ezertarako balio, baina praktikan mespretxatu egiten dute, hezkuntza curriculumetatik desagerraraziz, besteak beste. Gainera, aurkezten zaigun filosofia oso elitista eta patriarkala da: eztabaida ulertezinak egiten dituzten gizon bizar zuridunak... Filosofia hori baino askoz jostagarriagoa da. Giza bizitza duin baten oinarrizko beharra da galderarekin jolastea edozein mailatan.
2. Oztopo gisa ikusten da. Gizarte produktibistaren ezaugarria egitean (produzitu) bizitzea da, egotean (sentitu, behatu...) bizi beharrean. Produzitu eta kontsumitu egiten dugu etengabe (informazioa, gailuak, esperientziak...), jakin barik askotan zergatik eta zertarako. Galderaren bitartez, zalantzaren bitartez, mundua interpretatzen dugu, eta, horrela, gure lekua aurkitzea, sustraitzea, sendoagoa da. Baina interes produktibistak zalantza hori oztopo gisa ikusten du, hausnarketak gelditzen gaituelako; pazientzia eskatzen du, eta horrek produzitzen jarraitzea oztopatzen digu (manipulazioaren aurrean sendoagoa egitearekin batera). Filosofian prozesuak du garrantzia, ez produktuak.
3. Konturatu barik ere, filosofia gure artean dago krisi egoeratan. Gertatzen eta egiten ari garen guztiaren atzean justiziaren, askatasunaren, zoriontasunaren, egiaren eta bestelako kontzeptuen inguruko galdera handiak daude. Dena den, zalantza modu kontzientean erabiltzea da beharrezkoa, hausnarketarako guneak sortzea eta herritarrak horretarako prestatzea, denon eskura egon dadin eta erabaki estrategikoak hartzean erabil dezagun.

LOREA AGIRRE 'Jakin' aldizkariko zuzendaria
«Humanitatea birpentsatzea tokatzen zaigu, galdera erradikaletara bueltatzea»

1. Uste dut oso barneratua dugula oro har ideologia edo mundu ikuskera nagusi bat zientzia positibo aratzen ustezko objektibotasun itsuan sinesten duena. Zenbakiak, datuak, ehunekoak, batezbestekoak... Objektibotasuna esaten diogu. Baina zenbakiak ez dira ezer, eta ez digute ezer esaten bere horretan, eta oso dogmatikoak izan daitezke ez baditugu lekuan lekuko alderaketen argitan edo pertsona guztion arteko botere harremanen argitan irakurtzen. Zenbakien atzean humanitatea ikusi nahi eza ere egon liteke, ze zenbakia, datua... sarritan dirua da. Eta dirua humanitatearekin ezkontzen zaila da gehienetan. Adibide argia da unibertsitatean Bologna planak ekarri duena ikasketak enpresara eta merkatura lotu behar horrekin. Sistema produktibista lehenesten da, puntuazioa, kuantifikazioa... eta horrek, halabeharrez, humanitateen gainbehera dakar.
2. Gizarte produktibista batean bizi gara bete-betean, eta produkzioaren helmuga diru pilaketa da, eta ustiaketa du lan tresna, naturarena bezala pertsonena. Bide horrek ez du zalantza, galdera maite, ze erantzunek kontra egin diezaiokete. Itsuan goazela dirudi, galdera oinarrizkoak egin nahi izan gabe, aurrerabide faltsu batean amildegira zuzen. Gelditu eta gogoeta egin behar da, humanitatea sartu mundu ikuskeran. Humanitatea birpentsatzea tokatzen zaigu, galdera erradikaletara bueltatzea, giza kondizioaren mugak eta desirak birplanteatzea, mundu justuago bat egiteko biderako makuluak identifikatzea eta lanean jartzea.
3. Badago pentsamendu kritikoaren eta kulturaren halako loriatze bat, filosofiaren loratze bat: euskarazko saiakeragintzan eta liburugintzan argi ikusten da hori. Badago gose bat, krisi sakoneko garai hauetan handitzen ari dena. Erantzunak nahi ditugu, zenbakiez bestera, edo zenbakiez gainera. Adierazpenak egiten dira kulturaren eta pentsamendu kritikoaren beharraz, eta, adibidez, hezkuntza legeetan jasotzen da zehar-lerro gisa pentsamendu kritikoa lantzearen beharra, baina gero filosofia ikasgaia murriztu egiten da. Pentsamendua, filosofia, kultura, hitza, eztabaida kolektiboa behar ditugu bideak argitzen joateko.

IRATI ZUBIA LANDA Filosofiako doktoregaia EHUn
«Filosofiaren ekarpenetako bat izan daiteke luze gabeko pentsaerari aurre egitea»

1. Ez dut ahoberoa izan nahi, baina, orobat, ezagutzarekiko begirune falta ikusi dugu zenbait kasutan. Ez soilik filosofikoarekiko, baita zientifikoarekiko ere.
2. Ez dut uste egun galderak subertsibotzat jotzen direnik edo arriskutsu ospea dutenik. Aitzitik, gehiago dira gutxiesten den zerbait. Galdera konplikatuen aurrean gure iritzia emateko presioa nabarmena da egun, Frankfurten (2005) arabera. Pandemiarekin ikusi ditugu zenbait adibide: nola ezkondu eskubide indibidual eta kolektiboak, askatasunaren eta segurtasunaren auzia, nola harremandu zientzia eta politika... Horiek erantzuteko presioa badugu ere, ez du gehiago axola zer eta nola erantzuten dugun. Hori ez da ospe txarra, indiferentzia edo axolagabetasuna baizik.
3. Ez dakit. Ikusi nuen behin meme bat zera zioena: filosofiak balio gutxi izatearen arrazoietako bat da inork ez duela ongi argitu zertarako balio duen filosofiak. Ez naiz ni izango lehena. Dena den, filosofiak izan dezake mundu honi zer eskaini.
Egungo kezka sozial asko auzi filosofikoak dira. Filosofiak, hasteko, landu ohi ditu jendeari axola zaizkion zenbait kontu. Bigarrenik, izan dezakeen ekarpenetako bat da luze gabeko pentsaerari aurre egitea. Badirudi krisi egoeretan erantzun azkar eta berehalakoak lehenesten ditugula. Balio tekno-enpresarialekin ere (berehalakotasuna, eraginkortasuna, azkartasuna...) kudeatu nahi dira krisiak. Horiexek balioko dute, akaso, aberastasuna produzitzeko. Baina, aberastasuna ez ezik, arriskuak ere produzitzen ditugu (hor dago krisi ekosoziala, hor prekaritatea...). Luze gabeko pentsaera baliagarria da, krisiak krisi, denak normal funtziona dezan. «Denak normal segi ahala» sortzen ditugun gaitzei aurre egiteko, ordea, aldaketa sistematikoak behar dira. Luze gabeko ikuspegi batek ezin du halakorik eskaini, eta, akaso, filosofia baliagarria izan liteke.

MARKOS ZAPIAIN Filosofia irakaslea Bilboko Botikazar institutuan
«Erdigunean behar luke filosofiak; ondo daki zer den krisiari aurre egitea»

1. Bada eskola enpresaren zerbitzura jartzeko presio bat, egia etekinaren mendean, eta tinko egin beharko genioke aurre. Pertsonak berezkoa duen jakin-mina zaindu beharra dago, enpresen interesetatik askatu. Noski, jakinmin natural hori pizteko oinarri ekonomikoa bermatu beharra dago. Egun pare bat badaramatzazu gosez, nekez hasiko zara gogoetan, gizakiok matematika sortu ala aurkitu egiten dugun.
2. Jendea belardietan etzanda porroak erretzen eta pluribertsoaren enigmei buruz hausnarrean, politagoa litzateke gure panorama baino. Hala ere, zaila da aldez edo moldez produktibista ez litzatekeen gizarte bat irudikatzea. Sozialismoa eta komunismoa kapitalismoa bezain produktibistak dira, eta gaur egun inork ez dizu eragozten Oi(h)artzun Filosofikoa edo Agora bezalako egitasmo galderagileak sortu eta aurrera ateratzea. Galdera filosofikoa ez dago gure garaian beste edozein garaitan baino zokoratuago.
3. Erdigunea. Filosofiak ondo daki zer den krisiari aurre egitea, beti bizi izan delako krisi larrian. Oraingo krisiari erantzun bikoitza eman diezaioke. Batetik, salbabide pertsonala: antsietateari eta heriotzaren beldurrari aurre egiteko hartu Epikuro, estoikoak eta eszeptikoak, aukeratu bakoitzetik komeni zaizuna, ondo nahastu eta aitzina beti euskalduna.
Bestetik, gogoratzea gizarte krisi global hori ez dela naturala, alda litekeela, eta, hein batean, bederen, gure esku dagoela ihardukia eta alternatibak asmatzea.
Lehen begiratuan inkonpatibleak dirudite bi erantzun horiek, baita bigarren begiratuan ere, baina bizitzan aplikatu eta ederto funtziona dezakete elkarrekin, bizitza bera ere, sarritan, ez baita bere buruarekin batere konpatiblea izaten.

IGNAZIO AIESTARAN Filosofia Saileko irakaslea EHUn
«Teknokrata eta burokrata humanistak nagusitu dira edonon, eta filosofia apaindura baizik ez da»

1. Nik ez nuke esango humanitateak gainbeheran daudenik. Alderantziz. Teknokrata eta burokrata humanistak nagusitu dira edonon: ministerioetan, unibertsitateetan, museoetan, komunikabideetan, enpresetan. Modan daude. Eta filosofia, egun, modako apaindura baizik ez da.
2. Gizarte produktibistan zenbait galderak prestigioa dute. Adibidez, hauek: Zenbat igo da akzioen prezioa? Komunismoa utopia bada, zertarako aldatu kapitalismoa? Ez al zara zoriontsua gizarte aurreratu honetan? Bitartean, beste galdera batzuk debekatuta daude: Zein da kapitalaren indarkeria? Nola sozializatu finantzaketa —eta ekoizpen— bideak? Zein izan zen arrazoia Estatu Batuetako gobernua Stanley W. Moore filosofoari jazarri zekion? Zerekin egiten du amets prostituziora behartutako neskato batek? Zergatik ez dago euskaratuta Karl Marxen Kapitala, munduko maisulan bat izanik?
3. Pandemia batean adinekoak ganadu gisa zahar egoitzetan abandonatuta hiltzen direnean edo neguan langileriaren familiak eta beren haurrak etxetik botatzen dituztenean, filosofiak zer leku duen planteatzeak ez du zentzu handirik. Filosofiaren zoria ez da hobea izango. Zer leku dute bizitzak, desjabetuek, arrazoi unibertsalak krisialdi kapitalista batean? Walter Benjamin filosofoaren erranetan: «Pobretu egin gara. Zatiz zati gizadiaren herentzia entregatuz joan gara, kasu askotan bahitetxean saldu behar izan dugu herentzia hori, bere benetako balioa baino ehun aldiz merkeago, gaurkotasunaren txanpon txikiak lehenago eskuratzearen truke. Krisi ekonomikoa ate joka dugu, eta, haren atzean, itzal bat, gerra saihetsezina».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.