Gidabaimena ateratzea, aparkatuta

Lehen, gazteek 18 urte bete orduko ateratzen zuten gidabaimena, autoeskoletako langileen arabera. Joera aldatzen ari da, ordea, hirietan bereziki, hainbat arrazoi direla medio: gazteek diote garraio publikoan moldatzen direla, gidabaimena ateratzea garestia dela edota ez daukatela beharrik.

BERRIA.
ane insausti barandiaran
2023ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
«Lehen, gazteak gidabaimena ateratzeko irrikan egoten ziren; orain, ordea, berdin zaie. Are gehiago, ezagutu ditut gurasoek belarritik tiraka ekartzen dituztenak ere». Jesus Matellan Bilboko El Funi autoeskolako jabearen hitzak dira, eta gazteek gidabaimena lehen baino beranduago ateratzeari buruz ari da. Urteen joanarekin, ikusi du gidabaimenak «esentzia galdu» duela. Baina, Matellanen hitzetan, ez da kontu berria, azken urteetako joera baizik.

Horren atzean hainbat arrazoi egon daitezkeen arren, bi dira nabarmenenak, haren ustez: «Batetik, ez daukatela beharrik, eta, bestetik, ez daukatela auto bat izateko aukerarik». Izan ere, adibidez Bilbon, gazteek aukera asko dituzte hara-hona ibiltzeko: metroa, tranbia, autobusa, trena... eta ez dute autoa hartzeko beharrik ikusten. Are gehiago, askotan, deserosoagoa da. «Lehen, ogia erostera ere autoan joaten ginen, eta, orain, ez dugu ezertarako ere hartu nahi. Nik hemen [autoeskolan] lan egiten dudalako; bestela, ez nuke autoa hartuko», aitortu du.

Baina joera hori ez da gazteen kontua soilik, Matellanen hitzetan, eta helduengan ere nabaritu du urruntzea; hirian bai, behintzat. Izan ere, jende heldua ere joaten zaio Matellani autoeskolara, «birziklatzeko» beharra dutela esanez; hau da, denbora askoan autorik ukitu ez, eta ohitura galduta dutenez, eskolak behar dituztela esaten diote.

Dirua da beste faktore bat. Izan ere, bigarren eskukoa izan arren eta merkeago erosi arren, garestia da auto bat mantentzea. «Nire garaian, denok geneukan auto bat, nahiz eta munduko autorik kaxkarrena izan. Gaur egun, oso zaila da gazteek auto bat izatea: ez daukate non aparkatu ere. Horregatik, gehiago atzeratzen dute gidabaimena ateratzea», esan du. Hori bai, gero, behar dutenean, «korrika eta presaka» joan ohi direla kontatu du, eta ulertarazi behar izaten diela denbora behar dela ikasteko.

Azken finean, berehalako gastu bat egitea eskatzen die gazteei, eta nahiago izaten dute askotan diru hori beste zerbaitetarako erabili: bidaia bat egiteko edo behar duten zerbait erosteko, adibidez. Dena den, Matellanen ustez, autorik ez izanda ere komeni da gidabaimena gutxienez edukitzea: «Nik beti esaten diet: autoa agian ez, baina gidabaimena beti eduki behar da, balitekeelako noizbait behar izatea. Baina bai, autoa, askotan, gutizia oso garestia bihurtu da».

Herrietan, lehen bezalatsu

Hirietako egoera desberdina da sarri, herrietakoekin alderatuz gero, garraio publikoaren eskaintza murritzagoa izaten delako. Zumaia autoeskolako (Gipuzkoa) langilea da Gorka Agirrezabala, eta, esan duenez, ez dute «desberdintasun handirik» igarri: «Egia da denek ez dutela 18 urterekin ateratzen. Batzuek, agian, ikasketak bukatu arte itxaroten dute, edo lanerako behar izan arte. Baina guk, Zumaian behintzat, ez dugu aldaketa handirik igarri».

Ados dago Matellanekin, ordea: gidabaimena ateratzeko «afizioa» edo «gogoa» apaldu dela uste du. «Lehen, 18 urterekin, gehienak behintzat amorratzen egoten ginen gidabaimena ateratzeko. Orain, iruditzen zaigu beharrezkoa ikusten dutelako egiten dutela: lanerako edo dena delakorako».

Horrez gain, gaur egun beste lehentasun batzuk dituztela iruditzen zaio Agirrezabalari: «Lehen, agian, 18 urte betetzean, gurasoek esaten zizuten lehen gauza zen gidabaimena ateratzera joateko. Eta orain, segun eta nori, aukeran emanez gero gidabaimena atera edo telefono bat erosi, ziurrenik telefonoa aukeratuko lukete».

Dena den, lehenago edo geroago gidabaimena ateratzen dutela nabarmendu du. Are gehiago, esan du orain «modan» jartzen ari dela azterketa teorikoa 17 urterekin egitea, 18 urteak bete arte itxaron beharrean. «Teorikoak bi urterako balioa daukanez, aprobetxatu egiten dute 18 bete orduko azterketa praktikoa prestatzeko», kontatu du.

Prezioari dagokionez, ez du uste aurretiaz pentsatzen dutenik auto bat izateak dakartzan gastuei buruz. Alta, pentsatzen du autoa erosi ondotik konturatzen direla horretaz: «Ez dakit zenbateraino dakiten auto batek zer gastu ekartzen duen. Oso erraza da gurasoen autoa hartzea, baina haiena erosten dutenean ikusten dute asegurua, IATa, pneumatikoak eta abar ordaindu behar direla, eta orduan esaten dute: 'Agian ez da hain guaia autoa edukitzea'».

Gazteen esperientziak

Maider Silva bilbotarra da, eta 20 urte ditu. Ez dauka gidabaimenik, eta ez du haren falta nabaritzen. «18 urte bete nituenean, ez nuen neure burua ikusten gidabaimena ateratzen», esan du. Ikusten du geroz eta jende gehiagok ateratzen duela inguruan, eta «presio puntu bat» ere sumatzen du, baina orain arte ondo moldatu dela dio.

Bilbon bizi denez, leku gehienetara arazorik gabe joan daiteke garraio publikoan. Baina Silvari, gogaikarria iruditu beharrean, «erosoa» iruditzen zaio: «Egunero erabiltzen dut, eta ez zait deserosoa iruditzen. Igo, eta musikarekin joaten naiz, paisaiari edo hiriko jendeari begira. Ez dut autoaren falta sumatzen».

Planak egitearekin eta lanarekin lotzen du gehienbat gidabaimena, eta, horregatik, udan igartzen du haren falta gehiago. «Udan nabaritzen dut gehien, udan gehiago erabiltzen delako. Baina ez nabilenez lanean, oraindik ez dut horren beharra sumatzen. Baina bai: aurrerago ateratzeko asmoa daukat», esan du.

Bestelakoa da Julen Uribetxeberriaren kasua. 23 urte ditu, eta donostiarra da. Gustatuko litzaioke gidabaimena izatea: «Nik gidabaimena ez edukitzeko arrazoi nagusia da gurasoek gradua bukatu arte ez didatela ordainduko [barrez]. Arrebari gradua amaitu zuenean oparitu zioten: aurretik ere ikusten zuten behar handirik ez zeukala». Berak ordaintzea du beste aukera, baina ikasten ari den gazte batentzat «diru asko» dela esan du.

Bizikleta du Uribetxeberriak alde batera eta bestera mugitzeko garraiobidea: «Ni, Donostian, bizikletan ateratzen naiz egunero-egunero. Donostia osoan ibil zaitezke bizikletan; beraz, dena bizikleta hartuta egiten dut beti, baita beheko tabernarako bidea ere». Egunen batean autoa behar izatekotan, berriz, lagunekin moldatzen da.

Donostian bere bizikleta dauka gazteak, baina Bilbon egiten ditu ikasketak, eta han ere bizikletan moldatu izan da, Bilbaobizi bizikleta zerbitzua erabilita. Hain zuzen ere, Donostiako Udalak duela astebete argitaratu zituen datuen arabera, %62 igo da DBizi bizikleta zerbitzu publikoaren bidaia kopurua azken urtean kontuan hartu behar da zerbitzuaren eskaintza ere zabaldu zuela.

Irune Palaciosentzat, bestalde, «nagikeria» eta «utzikeria» dira orain arte gidabaimena ez ateratzeko zergatiak. 26 urte ditu, eta Iruñean bizi da: «Egia esan, gorroto dut: hori da arrazoi nagusia. Izena eman nuen, azterketa teorikoa egin, baina, gero, azterketa praktikoa suspenditu nuen, bi aldiz. Gasteizen nengoen ikasten, gero Erasmusera joan nintzen... gauza bat eta beste, utzi egin nuen, eta bi urte pasatu zirenez, iraungi egin zitzaidan azkenean».

Iruñean bizi denez, egunerokoan ez du gidabaimena izateko beharrik nabaritzen: «Batzuetan, behar dut, baina, orokorrean, ondo moldatzen naiz. Lanera garraio publikoan joaten naiz, eta bestela, erdigune aldera bizi naizenez, leku askotara oinez ere joan naiteke». Badauka ateratzeko asmoa, eta, duela urtebete inguru, berriro eman zuen izena, baina berriro ari da atzeratzen.

Beharrik ez izatea da, azken batean, arrazoi nagusia, Palaciosen ustetan: «Batez ere, denbora asko ez galtzeko etorriko litzaidake ondo. Agian horregatik da: ikusten dudanez egunerokoan ez dudala behar, hasi arren utzi egiten dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.