Hondakin metabolikoak dira iraizkinak: gorotzak, gernua, izerdia, puzkerrak, aupatsak, zolda, ezkoa, mukiak eta oka, besteak beste. Eta badute guztiek halako karga sinboliko bat: nazka eragiten dute. «Haiekin bizi gara egunero, gure bizitzaren parte dira, eta bizirik gauden seinale. Baina badago haiei buruz hitz egiteko halako lotsa bat, eta ezjakintasun bat, hizkuntza eliptiko baten bidez ezkutatu izan dena askotan, nahiz eta gure gorputzaren eta osasunaren ezagutzarekin erabat loturik dauden, eta naturalizatu eta ulertu behar ditugun», azaldu du Antonio Garcia Valdecasasek, CSIC Zientzia Ikerketen Espainiako Kontseilu Nagusiko ikerlari eta jatorrizko erakusketaren sortzaileak —Excreta: una exposición (in)odora (in)colora e (in)sípida—.

2015ean jarri zuten lehen erakusketa hura, Madrilgo Natur Zientzien Museoan, eta ibiltaria bihurtu da, han sortutako materialari esker. «Ez dago iraizkina baino ezer naturalago eta biologikoagorik, eta zientzia museo bat erakustoki ezin aproposagoa da, beraz. Horien konposaketa ezagutzeak eta osasunarekin eta gaixotasunarekin duten harremanaz ohartzeak kultura orokorra izan behar luke. Gizakienak ez ezik, animalienak eta landareenak ere tratatzen dira erakusketan, eta zubiak eraikitzen saiatzen gara iraizkinen biologiaren eta eguneroko bizitzaren artean», nabarmendu du Garcia Valdecasasek. Aurkezpenean ere hala diote: «Itxuraz tabua den gai bati heltzen diogu, eta, haren bidez, kontzeptu ekologikoak eta gizarteko arazoak transmititzen ditugu, kultura zientifikoa sustatzeko asmoz».
Hori da Oñatiko Natur Eskolaren helburuetako bat ere, eta horregatik aukeratu zuten erakusketa. «Urtero antolatzen dugu Natur Eskolan erakusketa bat ingurumenaren astean. Guretzat errazagoa da lehen egindako baten gainean lan egitea, hutsetik hastea baino. Eta hau topatu genuen», azaldu du Aimar Uribesalgo ingurumen hezitzaileak.

Jatorrizko testuak euskaratu dituzte, eta panel berriak sortu: «Gurera ekarri». Oñatiko DBHko eta LHko ikasle ia denak pasatu dira erakusketatik: «Panelen bidez bakarrik gazte horiei erakusketa erakargarri egitea ez da erraza. Beti saiatzen gara egiten zerbait ikusi ahal dena, ukitu ahal dena, usaindu ahal dena, eta dastatu ahal dena [barrez]».
Guztiz errespetatu dute jatorrizko erakusketa, baina zenbait animaliaren gorotzekin osatu dute, «praktikoagoa eta erakargarriagoa egiteko». Uribesalgok, hala ere, garbi utzi nahi izan du: «Hau ez da kakaren inguruko erakusketa bat, baizik iraizkinen inguruko erakusketa bat».
Lanketa handia egin dute gorotzak lortzeko. Cabarcenoko (Kantabria, Espainia) naturaren parkera joan dira munduko animalia ezagunenen gorotzak lortzera —jirafak, elefanteak, tigreak...—, eta Basondoko (Gernika, Bizkaia) basa faunaren babeslekura Euskal Herriko espezie ezagunenen gorotzak lortzera. Beste lagin batzuk, berriz, Oñati inguruko basozainen eta baserritarren bidez lortu dituzte. Badaude Oñatiko kobazuloetan jasotako gorotz fosilak ere, garai bateko hartzenak eta lehoienak.

Hiru ataletan dago banatuta erakusketa: iraizkinak zer diren azaltzen dute lehenengoan, bitxikerien bidez; animalien iraizkinak eta ikerketarako duten balioa azaltzen dute bigarrenean, egagropilen eta koprolitoen bidez; eta gizakien iraizkinak zer diren azaltzen dute hirugarrenean, datuen, eskalen, hausnarketaren eta umorearen bidez.
Perla: iraizkin bitxi bat
Iraizkin guztiak ez dira nazkagarriak. Perla, bitxi preziatua, esaterako, iraizkin bat da. Moluskuen barruan gorputz arrotz bat sartzen denean —harea ale bat, zikinkeriaren bat...— molusku horrek, hura babesteko, nakar iraizkina sortzen du inguruan, geruza zentrokideetan, eta horrela sortzen da perla —Johanes Vermeer artistaren Neska perlarekin obraren silueta agertzen da panelean—.
Eta anbar arrea? Lurrinaren industrian usainak finkatzeko erabiltzen zen produktu garesti eta estimatu hori? Iraizkina da hori ere. Kaxaloteak (Physeter macrocephalus) txipiroi handiak jaten ditu, eta oso konplexua izaten da digestioa. Zetazeoak substantzia hori sortu eta iraizten du. Denbora luzez flotatzen du ozeanoan, jitoan, eta gogortu egiten da. Kaxalotea galbidean den espezie bat denez, anbar arrearen merkataritza debekatuta dago gaur egun.
Kaka jaten dutenak
Ez da kontraesana: aberatsak dira gorozkiak. Landareen substantzia erdi digerituak eta bakterio onuragarri asko dituzte. Hori dela eta, animalia jakin batzuek arrakastaz baliatzen dute elikagai gisa, eta askorentzat, elikagai bakarra ere bada. Elikagai mota horri koprofagia deitzen zaio, eta hori jaten dutenei, koprofagoak. «Adibidez, behi baten gorotzean, 200 animalia espezie egon daitezke; batez ere, intsektuak. Horietako askok oso funtzio garrantzitsua betetzen dute ingurumenean eta nekazaritzan; izan ere, gorozkiak lurperatzean lurra ongarritzen dute, eta landareen eskura jartzen dituzte garatzeko eta hazteko beharrezkoak dituzten elikagaiak», azaldu du Uribesalgok. Kakalardo pilotagilea goratu dute erakusketan: «Baina munduan milioi erdi kakalardo espezie daude, eta 6.000 dira kaka jaten dutenak».
Titulu esanguratsua du bigarren ataleko panelak: Zer libratu, hura izan. Animalien iraizkinek ikerketarako duten balioa nabarmentzen dute bertan. Nola erabiltzen dituzten espezie askok gorotza eta gernua euren lurraldea markatzeko, eta nola ematen duten horiek informazio baliotsua zientziarako: zer animaliak sortu dituen, haren dieta zein den, nahasmendu fisiologikorik edo bizkarroirik ba ote duen, zer sexutakoa den, eta animalia populazio horren egoerari buruzko datuak. Azkonar arrunta, katajineta, hartz arrea, otsoa... «Otsoaren gorozkiak analizatuz gero, egoera estresagarrietan askatzen diren hormonak kuantifikatuta, jakin daiteke zenbaterainoko estres fisiologikoa duen ale batek, eta hori garrantzitsua da kontserbaziorako estrategiak diseinatzeko orduan», dio Uribesalgok.
Egagropilak eta koprolitoak
Animalien beste iraizkin mota bat dira egagropilak: hegazti haragi jaleek digeritu ezin dituzten jan hondakinak, gorotz itxurako pilotak, baina ahotik kanporatzen dituztenak. Harrapakinen atal gogorrak kanporatzeko boloa egiten dute, uzkitik ezin baitituzte libratu hezur, ile, luma, oskol eta azazkalak. «Informazio iturri baliotsuak dira, inguruan bizi diren espezieen jarraipena egiteko, erlazio trofikoak ezagutzeko, eta mikrougaztunen mapa egiteko: saguenak, satitsuenak, satorrenak, muxarrenak...».
Eta zer dira koprolitoak? Fosildutako gorotzak dira, iraganeko denbora geologikoei buruzko arrastoak ematen dituztenak. «Gizakiaren eboluzioan, koprolitoen azterketa funtsezkoa da gure aurrekoek zer dieta zuten zehazteko. Aurkitu diren giza gorozki zaharrenen azterketa duela 50.000 urteko neandertal baten gorotz fosila da. Barazki ugari jaten zituela iradokitzen du, eta ez zirela uste bezain haragi jaleak». Alde horretatik, bada giza gorotz fosildu famatu bat ere: Mokordo Bikingoa. 1972an aurkitu zuten, Yorken (Erresuma Batua), aparkaleku bat egiten ari zirela. Aurkitu den handiena: hogei zentimetro luze eta bost zentimetro zabal!

Ura eta saneamendua izateko giza eskubideaz ere ari da erakusketan, iraizkinen arriskuaz, bizkarroiez, eta nazkaz: «Infekzio gune batetik urruntzea eboluzio mekanismo bat da. Halako hondakinek nazka ematen zietenek hobeto biziraun zuten, eta sentimendu horiek ondorengoei transmititu zizkieten. Beraz, naturan ia denak bezala, nazkak ere badu bere izateko arrazoia».
Eta flatulentziez ari dira, gorozkien Bristol eskalaz, eta koloreez. Eta nola erabiltzen den kaka medikuntzan, nola erabiltzen den erregai gisa, nola etxeen eraikuntzan, eta nola umorean. Francisco de Quevedo espainiarrak puzkerrari jarritako poemez, eta kristalezko ontzi batean dauzkaten Maria Andresaren puzkerrez. «Ezin da ireki, badaezpada».