'Handia' Goya sarietan

Taldean jasotako uzta, talde lanean jarraitzeko hauspoa

Goya sarietan lortutako arrakastak filmari beste bultzada bat eman ahal diola uste du Jose Mari Goenagak, baina baita datozen proiektuei ere

Handia filmeko lantaldeko kideak, Madrilen, Goya sarien izendatuen festan, orain bi aste. KIKO HUESCA / EFE.
Ainhoa Sarasola.
2018ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Goya sarietako galan gertatu zenak «erabat jokoz kanpo» harrapatu zuela eta bi egun pasatutaoraindik «barneratzen» ari zela aitortu zuen Jose Mari Goenagak atzo eguerdian. «Esanda genuen bi sari lortuz gero jada ondo egongo zela, eta lau lortzea sekulako arrakasta litzatekeela. Baina, gero, ikustea lau, bost, sei, zazpi... hamarrera arte igotzen zela kopuru hori... izugarria izan zen». Egoera barneratzen ez ezik, hedabideen deiak erantzuten nahikoa lan bazuen bestela ere Handia filmean gidoilari aritutakoak, baina beste ezeren gainetik, poza nabaritzen zitzaion.

Poza, eta handia, lantaldea saritu dutelako zuen Goenagak batez ere. Talde lanean sinesten dute Moriartiko kideek. Talde gisa hartzen dituzte erabakiak, taldean zuzendu ohi dituzte filmak, eta lantalde zabal batekin eraman ohi dituzte aurrera beren proiektuak. Sinesmen horren isla da Goenagaren poza. Baita «pena txiki bat» aitortzea ere, soinu onenaren saria ez zutelako eskuratu ahal izan Iñaki Diez eta Xanti Salvador taldekideek. «Baina oholtza gainean kide guztiak ikusteak sekulako poztasuna ematen dizu. Elkarrekin askotan egin izan dugu lan, batzuekin hasiera-hasieratik; Javi Agirre, Pascal Gaigne... gure lehen laburretan ere izan ziren».

Ekitaldia aurrera joan ahala, eta ordurako hamar sari eskuratuta, askok pentsatuko zuten film eta zuzendaritza onenaren sariak ere Handia-k irabaziko zituela, baina ez zen hala izan —Isabel Coixeten La librería-k irabazi zituen bi horiek—. Goenaga, ordea, ez zen hainbeste harritu: «Goyak, alde horretatik, beti izaten dira zailak iragartzen, askotan gertatu izan dira horrelakoak, eta kontziente ginen horretaz. Jabetzen ginen, era berean, aurten oso indartsu zetozen film asko zeudela. Egia da han zaudenean eta dagoeneko hamar sari lortu dituzunean esaten duzula: 'Zergatik ez?'. Baina, tira, dezepzio txiki horrek ez zigun gehiegi iraun [barrez]. Atera eta lantalde osoa bere Goyarekin ikustea oso polita izan zen».

Orain filmak bultzada bat jasoko duela argi du Goenagak. Baina ez du hain argi ikusten zein formatan igarriko den hauspo hori. Zinema aretoetara iazko urrian iritsi zen Handia, eta publikoaren harrera oso ona izan da: ikusle gehien bildu duen euskarazko filma da dagoeneko. Halaber, asteon plataforma digital batean ikusgai jarriko dute, beste zenbaitetan aurrerago, DVDan ere aterako da... «Ez dakit zein analisi egingo duten banatzaileek... Ilusioa egingo liguke oraindik pantaila handian ikusi ahal izatea, baina, tira, oraindik aukera hori badago Euskal Herrian hainbat lekutan».

Jaialdietarako bidean ere sariek bultzada bat ekar dezaketela uste du, nahiz eta dagoeneko hainbatetan izango den filma. Atlantikoaz beste aldera jauzi egingo du asteon bertan, eta Ameriketara iritsiko da, Santa Barbarako (Kalifornia, AEB) zinema jaialdira lehenik —Jon Garañok aurkeztuko du han—, eta Guadalajarara (Mexiko) eta Bogotara (Kolonbia) gero, besteak beste. Mexikoko Ariel sarietan parte hartzeko ere hautatu du Espainiako Akademiak.

Edonola, sariek «gauza askotan» izan dezakete eragina, Goenagaren iritziz, «bai film honetan bertan, eta bai hurrengo proiektuei begira».

Bi proiektu esku artean

Elkarrekin zuzendu zuten Goenagak eta Garañok 80 egunean filma (2010), baita Loreak ere (2014), zeinetan Aitor Arregi ere izan zen gidoilari. Arregi eta Garaño zuzendari aritu dira Handia-n, eta gidoilari taldean Goenaga, haiekin eta Andoni de Carlosekin. Luze gabe bi proiektutan murgilduko dira, eta talde lanean onduko dituzte horiek ere.

Bi aste barru, film labur bat hasiko dira grabatzen, Iban Zalduaren ipuin bat oinarri duena. Mateoren ama izango du izenburu, eta 80 egunean-eko bi protagonistek —Itziar Aizpuruk eta Mariasun Pagoagak— eta Handia-n aritutako Iñigo Aranburuk parte hartuko dute. «Ilusioz gaude, lagun artean egingo dugun zerbait delako».

Udaberrian, berriz, beste film luze bati ekingo diote. La trinchera infinita izenburupean, 1936ko gerraren ondotik, errepresioaren beldur, etxean urte luzez ezkutatuta bizi izan zen pertsona baten istorioa kontatuko dute, gazteleraz oraingoan. Antonio de la Torre eta Belen Cuesta izango ditu protagonista, eta oso pertsonaia gutxiko filma dela aurreratu du Goenagak. Hark, Garañok eta Arregik zuzenduko dute, eta, istorioak hala eskatuta, bi zatitan grabatuko: maiatzean eta uztailean. Agenda kontuengatik, haiek ere banatu egingo dira filmaketan: lehen partean Goenaga eta Arregi izango dira, eta, bigarrenean, Goenaga eta Garaño. «Jendeari arraroa egiten zaio, baina nahiko koherentea da gure lan egiteko moduarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.