Iraungitze datarik gabeko argazkiak

Ehun urte baino gehiago dituzten kamerak erabiltzen ditu Maider Kuadra argazkilariak. Egiten dituen argazkiak «bakarrak» dira, ezin baita kopiarik egin; pasioz bizi du lana: «Oso polita da, inoiz ez baitakit zer aterako den».

Mugimendua. Argazkiak esposizio luzekoak direnez, mugimenduarekin jolastu daiteke. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2022ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Diafragma ireki, eta objektibotik argia sartzen da. Oihal beltz batek estaltzen du argazkilaria, eta horri esker ikus dezake kamera aurrean duena. Hauspoarekin aurrera eta atzera eginez enfokatzen du. Argiak barruan dagoen altzairuzko xaflan jotzen du, eta argazkia ateratzen da. 1851. urteko teknikak erabiltzen ditu Maider Kuadra argazkilariak (Iruñea, 1974); hala nola 1910. urteko eta 1920. urteko egurrezko kamerak ditu. Kolodioi hezea teknikarekin egindako Inauteriak erakusketa ikusgai jarri du Mendillorriko Civivoxen, Iruñean, otsailaren 28ra arte.

«Aitatxi argazkilaria zen, eta, aitona-amonen etxean argazki kamerak ikusten nituen bakoitzean, esaten nuen: 'Garai bateko teknikak ikasiko ditut, ziur'», azaldu du Kuadrak. Hortaz, 2009. urtean kolodioi hezearen teknika ikasten hasi zen. Ezjakintasun handiko bidaia izan zen, hasieran gutxi zirelako teknika hori jorratzen zutenak: «Dena zen probatu eta huts eginez ikastea; gainera, gai kimikoak sortu nituen ez zirelako existitzen». Hala ere, urteak pasatu ahala, ikasiz joan da: «Poliki-poliki, gai kimikoak ezagutzen hasi naiz, eta gutxi gorabehera badakit zein izanen den hutsegitea». Ikasten ari da oraindik, baina irakatsi ere egiten du.

Kolodioi hezea deritzo teknikari prozesuan erabiltzen den xaflak heze egon behar duelako gai kimikoak jartzen direnetik argazkia errebelatu arte. Kuadra alde batetik bestera joaten da furgonetarekin: hartan, ur bidoiak, gai kimikoak eta argia pasatzen uzten ez duen laborategi mugikorra eramaten ditu: «Laborategian, gai kimikoak eta emultsioa prestatzen ditut, xafla emultsionatzen dut, eta xafla txasisean sartu. Txasisean dagoenean eguzkiak ematen ez dionez, kanpora ateratzen naiz, eta kameran sartzen dut».

Maskararik gabe

Argazki sesio baten atzean, egun osoko lana dago: «Gai kimikoak prestatzen aritzen naiz bi orduz, dena furgonetan kargatu, argazkia atera, dena garbitu, eta etxera itzultzen naiz; hori guztia argazki bat edo bi egiteko». Horrez gain, argazki bat egin baino lehen, gaiaz egindako lanak aztertzen ditu, eta irudikatu nahi duena marraztu: «Ez noa kalera ikustera zer dagoen, galtzen bainaiz. Bost bozeto egiten baditut, bost argazki dira».

Kamerak hutsik daude barrutik, eta ez dute ispilurik. Hortaz, argazkiak alderantziz ateratzen dira: goitik behera, eta ezkerretik eskuinera. Horrez gain, normalean zortzi eta 32 segundo arteko esposizioa duten argazkiak dira. Kuadraren arabera, modeloak nekatu, eta maskara kentzen dute:«Jendea aspertzen da ordu bat egoten garelako: pertsonaia desagertzen da, eta pertsona atera. Ezin dira egon 32 segundo argazki aurpegiarekin». Bi gauza horien ondorioz jendeak bere burua «arraro» ikusten duela dio Kuadrak.

Argazkilariaren arabera, kolodioi hezearen teknika «berezia» da, estetikagatik eta argazkiak «bakarrak» direlako: hau da, ezin da kopiarik egin. Altzairuzko xafla batean errebelatzen baditu, ferrotipoa da, eta beiran eginez gero, anbrotipoa. Azkeneko horien kopiak egin daitezke. Argazkia altzairuzko xafla batean grabatuta geratzen denez, «izugarri» gustuko du Kuadrak: «Objektua eskuetan izatea ikaragarria da. Eskultura bat egitea edo liburu bat irakurtzea bezala da».

Ferrotipoen erresistentzia

Kuadrak estudio bat dauka Iruñean, eta gunea prestatzen ari da galeria bat sortzeko. Han, barrutik isolatzailea duen egurrezko kutxa bat dauka. Barruan gordetzen ditu gai kimikoak, hezetasunaren eta beroaren arabera hondatzen direlako: «Oso polita da, inoiz ez baitakit zer gertatuko den; hezetasun eta bero handia egiten duenean, gai kimikoak honda daitezke». Horrez gain, kutxaz josita daude armairuak, eta gordeak ditu argazki ugari: «Oso iraunkorrak dira, baina ondo gorde behar dira». Argazki digitalak egiten ditu, eta disko gogorrean gordeak zituen asko galdu ditu. Ferrotipoek erresistentzia handiago dutela dio:«Ondo gordez gero, duela berrehun urteko ferrotipoak izan ditzakegu. Aspaldiko ferrotipoak berreskuratu dituzte itsasotik, eta, hondatuta egon arren, irudia hor dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.