Albistea entzun

Natura poltsikoan

Geroz eta gehiago dira natura behatzen eta ulertzen laguntzen duten sakelako aplikazioak. Behatu litezke mendiak, onddoak, hegaztiak, landareak, zeruak... eta bahetu litezke ondoren behaketak. Adituek diote erabilgarriak, errazak eta herritarrak zientziara hurbiltzeko lagungarriak direla, baina tentuz erabiltzekoak ere bai, ez dutelako beti bete-betean asmatzen.
Txantxangorri bati eta onddo bati sakelakoarekin egindako argazkiek Merlin eta Mushtool aplikazioetan egindako bidea.
Txantxangorri bati eta onddo bati sakelakoarekin egindako argazkiek Merlin eta Mushtool aplikazioetan egindako bidea. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2022ko abenduak 3

Hiru Erregeen Mahaitik ikusten diren bi gailur haiek Petretxema eta Atxerito ote diren. Ilargi betearen alboan distira egiten duen izar haren izena zein ote den. Landare hura bertakoa edo inbaditzailea. Elorri hura zuria edo beltza. Kuleto hura benetakoa edo faltsua. Txorrotxio hura txonta batena edo buztanikara batena. Naturaren beha sortzen diren zalantzak eta galderak dira. Eta poltsikoan bertan egon litezke erantzun asko.

Sakelakoan eta aplikazio ezberdinen bidez: horrela eskaintzen ditu teknologiak natura behatzeko, ulertzen laguntzeko eta mundu ezberdinetan barneratzen hasteko tresnak. Geroz eta gehiago dira, geroz eta erabilgarriagoak dira, eta geroz eta erabilerrazagoak dira: mundu bat, mundu asko ulertzen laguntzeko. Informaziorako iturri dira, eta zalantzak argitzeko eta galderak egiteko akuilu. Adituek eta erabiltzaileek diote erabilgarriak direla naturara eta zientziara hurbiltzeko, baina tentuz erabili behar direla, asko ez direlako guztiz fidagarriak, ez dutelako beti asmatzen, eta ez dutelako aditua ordezkatzen.

«Geroz eta gehiago erabiltzen ditugu», onartu du Martin Elorza mendi gidariak. Haren alorrean halako asko daudela dio, baina bat nabarmendu dela aspaldian, «sekulako» hazkundea izan duena: Wikiloc. «Erabiltzeko erraza da, ibilbide pila bat dago, deskarga ditzakezu, zeurea jarri eta banatu... Erabilerraza da ikasteko: intuitiboa». Mundu guztian ari dira erabiltzen. Batak bestearen ibilbideak erabiltzen ditu, eta besteak batarenak. «Eta sortzen da halako kidetasun edo talde sentsazio bat: mendizale komunitatearen artean elkar laguntze bat».

Beraz, onurak gehiago, kalteak edo arriskuak baino, «baina ikasi egin behar da horrelakoak ere nola erabili, eta neurria hartu». Arriskua? Oso «mendekoak» bihur gaitzaketela: «Lehen mapekin eta iparrorratzarekin ibiltzen ginen, ikastaroak egiten ziren, baina horiek geroz eta gutxiago egiten dira, eta beharrezkoak dira, zeren horiek sekula ez dute hutsik egiten. Iparrorratz batekin eta mapa on batekin edozein lekutara irits zaitezke, ez dago bateriaren edo koberturaren menpe. Bateriarik gabe gelditzen dira asko, eta ez dakite non dauden ere».

Alor eta emaitza ezberdinak

Alor guztiak ez dira berdinak, eta ezta aplikazio horien fidagarritasuna eta emaitzak sortzen duen arrisku maila ere. Ez da gauza bera aplikazio batekin txori bat edo haren kantua identifikatzea, edo onddo bat jangarria ote den edo ez deliberatzea. Garbi dute hori Edorta Unamuno Urdaibai Bird Centerreko biologoak eta Joxepo Teres Aranzadi zientzia elkarteko mikologoak. «Laguntzen dute lehen urratsa egiten, mundu horretan barneratzen», azaldu du Unamunok. «Esango nuke aplikazio horien helburu nagusia ez dela beti espezieak digitalki identifikatzea, baizik eta herritarren parte hartzea. Adituak direnen eta ez direnen artean, elkarrekin, bizidunak identifikatzea. Parte hartze hori, auzolan hori, zientzia mailan, interesgarria da», nabarmendu du Teresek.

Eta heldu dio bakoitzak bere alorrari. Unamunok aplikazio bat nabarmendu du: Merlin. «Asko daude, baina hori da guk erabiltzen duguna. Oso baliagarria da belarria egiteko. Egiten duzu, adibidez, ibilaldi bat Bird Centerretik padurara. Eta jartzen duzu gailua martxan, ea zer txori detektatzen duen. Entzuten du, eta esaten dizu: kaskabeltz handia, buztanluzea, martin arrantzalea... Entzuten duzuna lotzen duzu pantailan ikusten duzunarekin, eta hori hor gelditzen da, ikasi egiten duzu».

Teresek dio Aranzadiko mikologoek ez dituztela halako aplikazioak erabiltzen, ez direla «erabilgarriak», «mugatuak» geratzen direla, eta ez direla «fidagarriak». Ez, behintzat, ikerketarako: «Guk ikerketetan espeziea zein den zehaztu nahi dugu. Horrelakoek lagundu dezakete, asko jota, generora iristen. Herritar batentzat izan liteke baliagarria, baina kontuz: askotan kale egiten dute. Argazki baten bidez identifikatzen dituzte onddoak. Pentsa, guri ere bidaltzen dizkigute askotan argazkiak, eta ez gara ausartzen zein den esatera. Bere garaian erabaki genuen ez genuela esango espezie bat jangarria den edo ez argazkia bakarrik ikusita, zeren hanka sartzeko arriskua dago».

Unamunok ere egin du bereizketa hori, eta jarri du adibide bat: «Duela gutxi, Oiz mendiaren puntan jarri nuen martxan aplikazioa. Dena ondo: tuntun arrunta, txonta... eta halako batean: martin arrantzalea! Non eta Oizko puntan! Horregatik diot kontuz ibili behar dela. Adibidez, ikerketa bat egiten ari denarentzat, ez dut uste aplikazio horiek prestatuta daudenik oraindik. Tentuz erabili behar dira».

Eta egia da partekatzeko aukera ematen dutela, galderak egitekoa eta erantzunak jasotzekoa. Elkarlan hori sortzen da adituen eta herritarren artean. Eta herritarrak ere sentitzen dira askotan zientzialari. Hor agertu da kontzeptua: «herritarren zientzia». Kasu horietarako, webguneak eta plataformak aipatu eta nabarmendu dituzte adituek. Eta oinarrizko aplikazio horiek izan litezkeela gune horietara iristeko bideak. SEO Birdlife, eBird eta ornito.eus aipatu ditu Unamunok: «Horko datuak bai erabiltzen direla ikerketak egiteko. Gainera, zuk aipamen bat igo eta oharra iritsiko zaizu: 'Txo! Berdantza txikia ikusi duzula diozu, baina horrelakorik ez dago hemen, horiek Laponian bizi dira. Datu gehiago behar ditugu hori onartzeko'. Eta argazkiak, doinuak... igo behar dira horretarako. Izan ere, ornito.eus, eBird eta horrelakoetan badago batzorde bat, eta igo edo sartzen duzunaren arabera, ohartarazpena egiten dizute».

Teresek nabarmendu dituenak iNaturalis eta Natusfera dira. Kaliforniako (AEB) Zientziaren Akademiak eta National Geographic elkarteak sortutako plataforma eta doako aplikazioa da lehenengoa, eta CSIC Ikerketa Zientifikoen Espainiako Kontseilu Nagusiak sustatu eta Espainiako Estaturako sortutako haren bertsioa da bigarrena. Erabiltzaileek milioika behaketa erregistratzen eta partekatzen dituzte: norbanakoek, elkarteek, hezitzaileek, dibulgatzaileek eta zientzialariek bat egiten dute horietan. «Lagundu egiten digute halakoek. Horra igotzen ditugu ikusten ditugun espezieak askotan, koaderno batean apuntatu edo buruan eraman beharrean. Gero, badugu aukera hortik deskargatu eta gure webgunera [aranzadi.eus] inportatzeko. Edozein bizidun identifikatzeko aplikazioak dira», azpimarratu du Teresek.

Jendeak erabiltzen ditu

Izan ere, ia edonork dauka eskura sakelako bat. Keinu erraza da hura poltsikotik atera, argazkia egin, eta aplikazioan barna bidaltzea, bere bidea egin dezan. Erabiltzen ditu jendeak. Modu askotara erabili ere. Unamunorena da pasadizoa: «Euskadi Irratian saio bat egiten nuen lehen. Besteak beste, sartzen nituen hegaztien doinuak entzuleek asmatu zitzaten. Konturatu nintzen, ordea, jartzen nituen guztiak, nahiz eta munduko arraroenak izan, nahiz eta Euskal Herrian ez entzun, asmatu egiten zituztela. Esan nuen nire baitan: 'Hemen badabil norbait aplikazioarekin!'. Eta jada misterioa galdu zuen [barrez]».

Jendeari«beste mundu bat» erakusteko balekoak direla dio Unamunok: «Begiak zabaltzeko perretxikoen mundura, txorien mundura, izarren mundura...». Bai: izarren mundura. Badaudelako aplikazioak zerua behatzeko ere. Ez bat eta ez bi: asko. Roberto Garciak badu horien berri. Astroargazkilaria da eta Iruñeko Planetarioko langilea. Aipatzen ditu SkySafari, Sky Map, ISS Detector, Vigilantes de la Noche, Cazasteroides... Azken bi horiek herritar gisa zientzian parte hartzeko aukera ematen dutenak direla dio: argiaren kutsadura kontrolatzeko da bata (Vigilantes de la Noche), eta asteroideen populazioa kontrolatzeko da bestea (Cazasteroides): «Parte hartzeko modu proaktibo bat da: 'Badut denbora, badut aukera, eta alde profesional horretara informazioa bidaltzen dut, erabilgarria bazaie, erabil dezaten'. Hori da herritarrek egindako zientzia».

Horietarako, ziurrenik, behar dira sakelako batek ematen dituenak baino baliabide gehiago, ekipo zehatz bat... Baina horiek gabe ere astronomiara hurbiltzen laguntzeko moduko aplikazio errazak badaudela dio Garciak: «Jende gaztea erakartzeko amu bat ere badira halakoak. Gai jakin batzuetara gerturatuko ez litzatekeen jendea gerturatzeko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Besteez barre egiteari utzi behar diogu»

Unai Etxenausia

Konbentzituta dago Montalvo: arte eszenikoak ikuspegi feminista batetik abiatuz landu behar dira. Umorea feminismoarekin uztartzen duen formakuntza bat aurkeztuko du asteburuan, Ozetan.
Bego Viñuela kaligrafoa, <em>kaligrafia</em> hitza lumaz idazten, Bilboko bere estudioan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Jokin Etxeberria, <em>Muak</em>-en. ©MUAK

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...