Frantziako presidentetzarako hauteskundeak. Lehen itzulia

Sozialisten ordua heldu da

Sarkozyren gainbeheraren ondorioz, Hollandek Eliseoa eskuratzeko aukeran jar dezake PS; bozen lehen itzulia dute gaurPresidenteak ez du dena galdua, baina bigarren lekua ematen diote inkestek

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Indarrez eta karismaz frantziarrak konbentzitu zituen presidentea zen, eta bost urtean babesik apalena duen hautagai bihurtu da Nicolas Sarkozy. Duela astebete Ifop-ek argitaratutako galdeketaren arabera, herritarren %36k babesten dute hark egindakoa. Valery Giscard d'Staing kontserbadorea izan da Frantziako presidenteen artean bigarren aldiz horren babes gutxirekin aurkeztu den bakarra: François Mitterranden kontra galdu zituen hauteskundeak 1981ean. François Hollande, berriz, Mitterranden ondoren, Frantziako bigarren presidente sozialista izateko bidean jar daiteke gaur. Urteetan burua altxa ezinik ibili den alderdiari boterea eman diezaioke, baina ez dago argi porrot egin duen gobernua aldatzeko ezer berririk eskainiko ote duen. Oraingoz, galdera ikur handi bat da etorkizuna; Hollanderen bidea, berriz, iragan hurbilak eman dion aukerarekin hasi zen.

Duela ia urtebete, maiatzaren 14an, Dominique Strauss-Kahnorduan Nazioarteko Diru Funtseko arduradunaren sexu eskandaluek alderdi sozialista lur jota utziko zutela zirudien. Hori gertatu aurretik, Strauss-Kahnek dena zuen alde hautagai sozialista izateko. Garai hartan Sarkozyk ordura arteko babes unerik baxuena zuen, eta gertatutakoa espero zezakeen albisterik onena izan zen harentzat. Dena dela, sozialisten primarioetako prozesuak, inoiz baino parte hartzaileagoak, krisi etengabean zirudien sozialismoari bultzada ematea lortu zuen, eta Martine Aubryri irabazi zion hautagaiaren aroa hasi zen: François Hollanderena.

Sarkozyren arerio bilakatuta,desindustrializazioak, immigranteen gaiak, Alemaniaren aurrean Europaren pisuaren galerak eta langabeziak jotako gazteen egoerak markatu dute haren borroka. Sarkozyren jakineko politikaren aukera gisa aurkeztu du bere burua.

Arazo ekonomikoak

Zurrunbilo ekonomikoa alde izan du hautagai sozialistak. Standard & Poor's kalifikazio agentziak (S&P) kalifikazio gorena (AAA) kendu zion urtarrilean Frantziari, luzera begirako zorrari, herri fidagarrien artetik ateraz, nahiz eta aurretik bost urterako 65.000 milioiko murrizketa historikoa egin zuten.

Eta ezkerrak eskuak lotu zizkion Sarkozyri: Alemaniak bultzatako zerga diziplinarentzat Europako itun berria aurrera eramateko konstituzioaren erreforma ezinezkoa izango zela esan zuen presidenteak. Zehazki, Jean-luc Melenchon ministro ohi eta Ezkerreko Alderdiaren hautagaiak ez zuela sinatuko esan zuen, eta hauteskundeen ondorenerako utzi zuten gaia.

Merkelek, baina, Sarkozyri babes osoa erakutsi zion, haren alde kanpaina aktiboa egingo zuela iragarriz, eta, bide batez, Hollandek eskatutako bilerari uko egin zion. Alemaniako buruzagiak ez zituen batere gustuko ezkerreko proposamenak, utopikoak iruditzen zitzaizkion, eta Der Spiegel-ek argitaratutakoaren arabera, Europako buruzagi kontserbadore guztiek zeukaten agindu hori. Baina Sarkozyk, aholkularien presioaren ondorioz, bere kanpainan ez parte hartzeko eskatu zion Merkeli, eta horrek bere onetik atera zuen Merkel. Kanpainaren azken unean, inkestek irabazletzat jotzen duten hautagaiarekin jarri da harremanean. Hollandek, berriz, jakinarazi du Alemaniara egingo duela lehen bidaia irabazten badu: «Europako batasunak Frantziaren eta Alemaniaren elkarkidetasuna beharrezkoa du krisi sakonetik ateratzeko».

Tolosako gertaerak

Europarekiko tirabiren erdian, Mohamed Merah Tolosako ustezko hiltzailearen kasuari zukua atera zion Sarkozyk. Merah harrapatu, inguratu eta hil bitarteko prozesua ongi saltzen jakin zuen. Ondoren, hainbat islamista atxilotu zituen Poliziak legez kanpoko talde batekoak zirelakoan, eta Internetez indarkeriaren kontrako mezuak hedatzearen kontrako legea bideratu zuen, baina arerioek ez zuten aukera hori baliatu gabe utzi nahi izan, eta Merahen aurretiko atxiloketa ez gertatzeagatik —fitxatuta zegoen— gobernuaren segurtasun sistemaren fidagarritasuna zalantzan jartzea lortu zuten.

Frantzia osoa adi izan zuen gertaeraren ostean, gorabehera ekonomikoak jarri ziren berriz interesgunean, tartean Espainiaren egoera tamalgarria; helduleku berri bat topatu zuen Sarkozyk inkestetan gora egiteko. Espainiako gobernu sozialista erabili zuen Hollande Eliseora iritsiko balitz zer gertatuko den irudikatzeko, baina bere ministro batzuk, bizkar eman, eta arerioarengana gerturatu ziren azken unean, eta, hori gutxi balitz bezala, Muammar Gaddafirekin Libian proiektu nuklear bat izan zuela onartu behar izateak min eman dio. Sarkozyk, ordea, une zailenetan burua altxatzeko gai dela erakutsi izan du beti.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.