'Brexit'-ari buruzko akordioa. Eztabaida politikoa

Hesituta ere, oraingoz tinko

Mayk akordioa defendatu du, nahiz eta 'tory' euroeszeptikoenek haren kontrako konfiantza mozio bat behartu nahi duten. Gobernuko bi kidek dimititu dute. Brusela 25ean da dibortzioa sinatzekoa

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa kazetarien aurrean azalpenak ematen atzo, Downing Streeteko 10. zenbakian DAVID LEVENSON / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Komunen Ganberaren erdia baino gehiago kontra dauka Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak, eta hori bere larruan frogatu zuen, atzo. Londresek eta EB Europako Batasunak brexit-erako lortutako akordioa defendatzera jo zuen goizean ganberara, berak hala eskatuta. Ordu batzuk geroago, belarriak berotuak zituela atera zen handik. Oposizioak leporatu zion herrialdea «kaos bat» dela, akordioa ez dagoela «behar bezala» osatua. Alderdi Kontserbadoreko zenbait kidek, gainera, hankaz gora bota nahi dituzte haren asmoak. Tory-en diputatu euroeszeptikoenek, brexit gogorraren aldekoek, Mayren kontrako konfiantza mozio bat behartu nahi dute, hura kargugabetzeko. Alderdian dituen etsaiak dira. Hori guztia gutxi ez, eta dimisioa eman zuten haren kabineteko bi kidek, nahiz eta bezperan gobernuaren babesa jaso zuen —ez da baztertzen dimisio gehiago egotea—. Lehen ministroa hesituta dago. Baina oraingoz tinko eusten dio bere jarrerari, jakin arren gaur-gaurkoz Komunen Ganberak ez duela akordioa onartuko, eta hala ez bada beste modu batean planteatu beharko duela dibortzioa.

Abenduaren 18an dira Parlamentuan bozkatzekoak Erresuma Batua EBtik nola aterako den jasotzen duen akordioaz, eta matematikek ez dute hutsik egiten: kontuan hartuta gutxienez 40 bat tory aurka bozkatzekoak direla, Mayk ez du gehiengoa lortuko. Bien bitartean, Europar Kontseiluak ezohiko goi bilerara deitu du hilaren 25erako. Batzarrak xede du EBko 27 estatuetako agintari gorenak elkartzea —Erresuma Batukoa ez beste guztietakoak—, eta horiek akordioa sinatzea.

Halere, hitzordu hori iritsi bitartean ez dago argi Londresen zer gerta daitekeen, May jasaten ari den presioa geroz eta handiagoa baita. Hark, ordea, jendaurrean behintzat, argi duela nabarmentzen du behin eta berriro. «Hautua argi dago. Nik aukeratu dut britainiarrei zin egin egin zitzaiena ematea», esan zuen gainontzeko diputatuen aurrean mintzatu zenean. Horietako askok «dimititu!» oihu egin zioten. Halere, egoera zein den aintzat hartuta, akordiorik gabeko, are brexit-ik gabeko agertokiak ere aurreikusten ditu lehen ministroak. Batik bat batasuna eskatu zuen Komunen Ganberan egindako agerraldian.

Dena den, agerraldi hori nahikoa ez, eta iluntzean prentsaurrekoa eman zuen Downing Streeteko 10. zenbakian. Lehen ministroaren kabineteak iragarri zuenean, haren dimisioarekin espekulatu zen. Ez zen halakorik gertatu, ordea. Goizean esandakoa berrestera atera zen hedabideen aurrera. «Herriari ahotsa eman genion, eta jendeak alde egitea bozkatu zuen». Haren kontrako balizko konfiantza mozioaren garrantzia minimizatu zuen, eta adierazi «penatuta» dagoela dimisioekin, errespetatzen dituen arren.

Irribarretsu agertu zen, nahiz eta bazituen arduratuta egoteko motiboak, balizko konfiantza mozioa dela eta. ERG Europarako Ikerketa Taldea tory-en ildo euroeszeptikoaren buru Jacob Rees-Mogg diputatua da ideiaren bultzatzailea. Bezperan eskutitz bat bidali zien Alderdi Kontserbadoreko diputatu guztiei akordioaren aurka bozka dezatela eskatzeko, eta atzo bere alderdiari eskatu zion haren eskaera babesteko. 48 parlamentarik eskaera bera egiten badute —ganberan tory-ek dituzten diputatuen %15ek—, prozesua martxan jarriko du Alderdi Kontserbadoreak. Bozketa egingo lukete, eta, karguari eusteko, Mayk nahikoa luke gehiengo sinplearekin. Baina bozketa galduko balu, lehen ministro izateari utziko lioke. Rees-Moggek kazetariei adierazi zienez, akordioa «aurreikusitakoa baino okerragoa» delako hartu du erabakia. Haren iritziz, Mayk ez du emandako hitza bete aduana batasuna uzteari, lurralde batasunari eusteari, eta Europako Justizia Auzitegiaren jurisdikziopetik ateratzeari dagokionean.

Bestalde, dimisioa eman zuten zazpi tory-en artean, Raabena da esanguratsuena. Brexit-erako Erresuma Batuaren negoziatzailea izan da Bruselan, David Davis haren aurrekoak joan den uztail hasieran karguari uko egin zionetik. Mayk dibortziorako aurkeztutako Cheequers plana-rekin bat egiten ez zuelako erabaki zuen dimititzea, gobernuko beste hiru kiderekin batera. Raab ere ez zegoen ados lehen ministroaren asmoekin, eta lau hilabete pasa geroago eman du horren berri, jendaurrean. Brexit-erako zirriborroaren osaketan parte hartu du, «akordio on baten alde» borrokatu dela nabarmendu zion atzo BBCri, baina Mayri leporatu dio negoziatzaile bat baino gehiago «idazkari bat» nahi duela. «Iruditzen zait nik ezingo nukeela hori kontzientzia onarekin egin».

Raaben ustez, Mayk herenegun bere kabineteko kideei egindako proposamenak bi huts «zorigaiztoko» zituen. Batetik, akordio proposamenak Erresuma Batuaren batasuna «arriskuan» jartzen duela. «Bestetik, egoera mugagabe bat eragingo duela [akordioak], are behin betikoa, zeinean erregimen batean harrapatuta geratuko garen, ezartzen diren neurriekiko ahotsik gabe, ateratzeko mekanismoarik gabe». Areago joan zen, hala ere: «Akordio hau indarrean sartzen bada, eragin suntsigarria edukiko du herritarrek demokrazian duten konfiantzan». The Telegraph egunkariaren arabera, Michael Gavek hartuko du Raaben lekukoa, baldin eta akordioa berriro negoziatzeko aukera ematen badiote.

Frantziaren errezeloak

Esther McVey Lan eta Pentsioen ministroak ere dimitu zuen atzo goizean, baita Suella Braverman brexit-erako estatu idazkariak, Shailesh Vara Ipar Irlandarako estatu idazkariak, eta Ranil Jayawardena, Rehman Chishti eta Anne-Marie Trevelyan diputatu tory-ek ere.

EBko kideak baikorrak dira, oro har, akordioari dagokionez. Edouard Philippe Frantziako Lehen ministroak atzo ohartarazi zuenez, ordea, akordiorik gabeko aukerarako «presatu» behar dute klubeko kideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.