'Brexit'-a. Eztabaida Erresuma Batuan

Mayk akordioarentzako «berme gehigarriak» eskatuko dizkio EBri

Lehen ministroak gibelatu egin du Komunen Ganberak itunari buruz gaur egitekoa zuen bozketa. Irlandako mugari buruzko xehetasunak berriz negoziatu nahi ditu Mayk datozen egunetan

Brexit-aren aldeko manifestari bat Joateak joatea esan nahi du idatzia duen afixari eusten, atzo, Erresuma Batuko Parlamentuaren parean. WILL OLIVER / EFE.
mikel rodriguez
2018ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Espero bezala, Theresa Mayk oposizio osoa sutu zuen atzo. Erresuma Batuko lehen ministroak bazkalondoan berretsi zuen hedabideek ordu batzuk lehenago argitaratutakoa: Komunen Ganberak gaur ez duela bozketarik eginen EB Europako Batasunak eta Mayren gobernuak brexit-erako egin duten akordioari buruz. «Patetikoa», «koldarra», «joan zaitez», «dimisioa eman»... halako erreakzioak sortu zituen lehen ministroaren erabakiak. Mayk parlamentuan bertan aitortu zuen bozketa gibelatu zuela ordezkari gehienek «alde handiz» baztertuko luketelako akordioa, baina ez zen izan jarrera defentsibo soil bat bakarrik, eta erran zuen gainerako alternatibek ere ez dutela «gehiengoa» Westminsterren. Bozketa gibelatuta, bide orri are ziurgabeagoa ezarri du Mayk. Emanen duen lehenbiziko pausoa: EBri «premiazko elkarrizketak» eskatzea, Irlandako mugari buruz hitzartutakoarekin «berme gehigarriak» lortzeko, hori baita Westminsterren gehiengoa lortzeko duen traba nagusia.

EBko 28 estatuetako agintari gorenak elkartzen dituen Europar Kontseiluak etzi eta etzidamu eginen du ohiko goi bilera, Bruselan. Donald Tusk kontseiluko presidenteak atzo arratsaldean adierazi zuen etzi mintzatuko direla auziari buruz, eta prest daudela eztabaidatzeko «nola erraztu Erresuma Batuaren [akordioaren] berrespena». Baina marra gorria argi ezarri zuen: «Ez dugu akordioa berriz negoziatuko».

Joan den astean, bai lehen ministroak bai haren gobernuko kideek behin baino gehiagotan adierazi zuten gaur egitekoa zuten bozketa ez zutela gibelatuko, baita Bruselarekin joan den hilabetean lortu zuten akordioa behin betikoa zela ere. Oposizioko lider nagusiak, Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buruak, Mayri galdetu zion zerk justifikatzen duen halako iritzi aldaketa, kontuan hartuta EBko ordezkariek jada adierazia zutela ez zutela ituna berriz negoziatuko.

Mayk erran zuen joan den asteburuan «EBko hainbat liderrekin» mintzatu dela auzi horri buruz, eta haiekin eztabaidatuko dituela Erresuma Batuko Parlamentuak adierazi dituen «kezka argiak».

Datarik ez bozketarako

Irlandako mugarekin backstop erran dioten protokolo berezia hitzartua dute EBk eta Erresuma Batuak. Horren arabera, brexit-aren ondoko trantsizio epea —2021era arte— etorkizuneko harremanerako akordiorik gabe bukatuko balute ere, Irlandan ez litzateke muga gogorrik ezarriko. Mayren kudeaketarekin gustura ez dauden alderdikide kontserbadoreentzat Ipar Irlanda Erresuma Batutik bereiziko luke horrek, eta zer erranik ez Mayren gobernuaren bazkide den Irlandako DUP Alderdi Demokratiko Unionistarentzat. Arlene Foster DUPeko burua inoiz baino argiago mintzatu zen atzo, Twitter bidez: «Backstop-a kendu egin behar da».

Nahitaezkoa da Erresuma Batuko Parlamentuak akordioaren inguruan bozkatzea, baina Mayk atzo ez zuen bertze datarik zehaztu nahi izan. Heldu den urtarrilaren 21a da horretarako gehienezko epea. Martxoaren 29an, berriz, Erresuma Batuak EB utziko du.

«Aldaketa txikiak egiteak agian erraztu lezake ituna onartzea»

Erresuma Batuak 'brexit'-a bere kabuz ezeztatu ahalko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.