'Brexit'-a. Konfiantza mozioa

Theresa Mayren azken hatsa

Erresuma Batuko lehen ministroak 200 alderdikideren botoei esker gainditu du kontserbadoreen adar gogorrenak haren aurka jarritako konfiantza mozioa. Mayk iragarri du azken agintaldia duela

Theresa May lehen ministroa, atzo goizean egindako agerraldian, Downing Streeten, Londresen. STR / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Theresa Mayk 83 botoren aldeari esker jarraituko du Downing Streeteko 10. zenbakian. Alderdi Kontserbadoreko 200 ordezkarik egin zuten atzo haren alde, alderdiko adar gogorrenak aurkeztutako konfiantza zentsuraren aurrean, baina lehen ministroaren ibilbide politikoarenak egin du. Mayk bozketaren aurretik jakinarazi zien tory-ei hau azken agintaldia duela, ez dela berriz ere hauteskundeetara aurkeztuko, eta ez dituela bozak aurreratuko ere. Azken atakatik onik atera da, baina ikusteko dago lehen ministroak agintaldia amaituko duen; izan ere, haren dimisioa eskatzen dutenen ahotsak gero eta irmoagoak dira, haren alderdi barruan eta oposizioan, eta, hori eta brexit-aren ituna gauzatzeko aurrerantzean ere hamaika zailtasun izango dituela aintzat hartuta, nekez iritsiko da 2022ra. Mayren azken hatsa izan liteke atzokoa.

Alderdi Kontserbadoreak Komunen Ganberako 4. aretoan egin zuen izaera sekretua zuen bozketa. Londresen arratsaldeko 18:00ak zirenean hasi zen saioa, lehen ministroaren agerraldiaren ostean, eta ilunabarrera arte luzatu zen, 20:00 arte. Erabakia 21:00etan puntu-puntuan jakinarazi zuten. Mayk kontrako 117 boto jaso zituen.

Sektore euroeszeptikoa

Goizaldean jakin zen alderdiko sektore euroeszeptikoenak haren aurkako konfiantza mozio bat aurkezteko mekanismoa aktibatu zuela. Graham Brady 1922 Batzordeko buruak —gobernuan ez dauden diputatuak ordezkatzen ditu batzorde horrek— jakinarazi zion mozioa aurkezteko beharrezkoak diren 48 parlamentariren babesa zuela.

Alderdi Kontserbadorearen estatutuek zehazten dute prozedura. Alderdiak Komunen Ganberan dituen diputatuen gehiengo sinplea —diputatuen erdia gehi bat— behar dela konfiantza mozioak aurrera egin dezan. Tory-ek 317 ordezkari dituzte 650 eserlekuko behe ganberan; hortaz, 159 alderdikideren babesa behar zuen Mayk.

Lehen ministroa goiz-goizetik saiatu zen zetorkionari sendotasunez aurre egiten: «Nire indar guztiekin egingo diot aurre konfiantza mozioari». Downing Streeten atarian egindako agerraldian ohartarazi zuen lidergo aldaketa batek «kolokan» jarriko lukeela «herrialdearen etorkizuna». Bruselarekin adostutako akordioaz ere mintzatu zen: «Brexit-a indarrean sartzea atzeratuko litzateke, edo bertan behera geratu, eta hura aldatu nahi dutela diotenek ere ez lukete helburua lortuko. Horrek banaketa areagotuko luke, oinarrizkoena batasuna den garaian».

Mayk zorrotz kritikatu zuen alderdikideen jarrera, zehaztuz kontserbadoreena «herritar guztien alderdia» dela eta salatuz lidergotik kentzeak oposizioan dauden laboristei baino ez liokeela mesede egingo: «Nire asmoa da hasitako lana amaitzea».

Krisi etengabean

2016ko ekainaren 23an brexit-aren inguruko erreferenduma egin zenetik, etengabeak izan dira auziak eragindako krisiak. May askotan izan da ataka zailean. Aste hau, baina, bereziki korapilatu zaio. Astelehenean brexit-aren bozketa atzeratu izanak zurrunbilo politikoa eragin du. Kontserbadoreen artean asko dira itunaren kontra agertu izan direnak, baina, bozketa atzeratu ostean, haren lidergoaren inguruko zalantzak handitu dira, alderdikide batzuen haserrea eragiteraino. Mozioa aurkezteko urratsa egiteko errezeloak zituzten kideek konfiantza mozioa aktibatzeko pausoa eman dute orain. Mayk Europako Batasunarekin adostu berri duen ituna babesteko aski sostengu ez zuela izango ikusita erabaki zuen bozketa atzeratzea. Parlamentuan bertan aitortu zuen bozketa atzeratu zuela ordezkariek «alde handiz» baztertuko luketelako.

Jeremy Corbyn oposizioko buruzagi laboristak «ihesalditzat» jo zuen lehen ministroaren jokaera. Bozketa atzeratuta «parlamentuak hartutako erabaki bat gutxietsi» zuela ulertu zuen Corbynek. Alderdi Laboristako buruaren arabera, parlamentuak erabaki zuen bozketa noiz egin, eta lehen ministroak bere kabuz ebatzi zuen bertan behera uztea.

Corbynek oraingoz baztertu egin du zentsura mozioa aurkeztea, baina oposizioko beste lau alderdi aurkezteko prest agertu dira: SNP Eskoziako Alderdi Nazionala, Alderdi Liberala, Berdeak eta Plaid Cymru.

Bozketa urtarrilaren 21a baino lehen egingo dela iragarri dute gobernuko iturriek. Europako Batasunak, berriz, goi bilkura egingo du gaur eta bihar, brexit-az aritzeko. Mayk akordioa gauzatzeko dituen «kezkak» azalduko dizkie estatu kideei.

Elefantea gizendu da

Galesen lehen ministroa ordezkatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.