Babes soziala. Herri ekinaldia

Eusko Legebiltzarrak atea itxi dio pobreziaren aurkako herri ekinaldi legegileari

Gaiari heltzen dion beste lege proposamen bat badagoela argudiatu dute EAJk, PSE-EEk eta PPk, aurka bozkatzeko. 51.000 sinaduren babesa zuen ekinaldiak

Janire Landaluze Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako kidea herri ekinaldi legegilea defendatzen, atzoko osoko bilkuran. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak ez ditu eztabaidatuko Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak egindako proposamenak. Osoko bilkurak erabaki zuen pobreziaren eta bazterkeria sozialaren aurkako herri ekinaldi legegilea aintzat ez hartzea. EAJk, PSE-EEk eta PPk aurka bozkatu zuten —46 boto—, eta EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek alde —29 boto—. Aurka agertu diren alderdiek argudiatu dute egun beste lege proposamen bat dagoela gai horri buruz.

Janire Landaluze Perezek, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako kideak, hartu zuen hitza osoko bilkuran, 51.000 herritarren babesa jaso zuten proposamenak defendatzeko. Babes sozialerako sistema publikoaren garrantzia nabarmendu zuen, baita hausnartu ere gaur egun dagoena ez dela nahikoa. Datuekin argudiatu zuen baieztapena: 2018an, diru sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoa 644 euro izan ziren; baina 2008ko legea errespetatuz gero, 924 euro lirateke. «2008ko legetik gaur arte beharrizanak handitu dira, baina, hala ere, sistemak urtero murrizketak jasan ditu, pertsona asko sistematik at utziz».

Bi ekinaldien arteko talka

EAJk, PSE-EEk eta PPk ia ez zieten aipamenik egin herri ekinaldi legegilearen edukiei. Nagusiki argudio formala baliatu zuten: gai berari buruzko lege proposamen bat dago eztabaidatzeke. Lege proposamen hori geldirik dago, oraintxe. 2018ko apirilean aurkeztu zuten EAJ eta PSE-EE legebiltzar taldeek, herri ekinaldia erregistratu eta bi hilabetera. 2018ko ekainean, osoko bilkuran, eztabaidatu behar zuten EAJren eta PSE-EEren proposamena aintzat hartzea; ordea, atzeratu zuten adostasun zabalagoa lortzeko.

Janire Landaluze kritikoa izan zen proposamen horren edukiekin: «Berriz ere betiko neurriak ditu, betiko kutsuarekin, eta betikoen kalterako». Tinixara Guanche Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide hausnartu zuen EAJ eta PSE-EEren proposamena «blokeatuta» dagoela, «inork ez duelako gustuko». EH Bilduko legebiltzarkide Nerea Kortajarenak gaineratu zuen EAJren eta PSE-EEren ekinaldia irekita dagoela oposizioko legebiltzar taldeei esker. «Gaiaren garrantzia dela-eta elkarrizketaren alde egin genuen, alderdikeriak alde batera utzita, konpromiso moralagatik; zuek ez duzue jarrera eskuzabal hori izan herri ekinaldia babestu duten 51.000 pertsonarekin».

Amaia Agirre EAJko legebiltzarkideak azaldu zuen legebiltzar taldeen proposamenak «legearen osotasuna» berrikusten duela, eta horrek lege aldaketari «koherentzia» ematen diola. PSE-EEko legebiltzarkide Gloria Sanchezek eskatu zuen proposamen hori «desblokeatzeko», gaiari buruz eztabaidatu ahal izateko. Are, Agirrek gaineratu zuen herri ekinaldi legegileko ideiak ere eztabaidatu ahal izango direla bertan. Laura Garrido PPko legebiltzarkideak aurreratu zituen eztabaida horretan defendatuko dituen puntuak: sistema «bidezko, eraginkor eta iraunkorra» egin, onuradunen nortasunaren kontrola, laguntzen erabileraren kontrola...

Mobilizazioa asteazkenean

Ekinaldia eztabaidatzeari uko egin ostean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuneko kideek hausnartu zuten halako gertaerek «handitzen» dela Eusko Legebiltzarraren eta hiritarren arteko aldea. Atzo gertatutakoa salatzeko, mobilizazioa iragarri dute otsailaren 13rako Bilbon. Giza kate bat egingo dute EAJ, PSE-EE eta PPren egoitzak lotzeko.

Herri ekinaldien araudia aldatu zenetik bi proposamen eztabaidatu ditu Eusko Legebiltzarrak: Eskola inklusiboarena, eta atzokoa. Biak atzera bota dituzte, EAJ, PSE-EE eta PPren botoekin.

Diru sarrerak bermatzeko errenta erreformatzea, egiteke dagoen lana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.