Martxoak 8: greba feminista

Kaleak berriz «bizitzera»

Euskal Herriko emakumeak grebara deituta daude, «esparru guztietan» bizi dituzten diskriminazio eta indarkeria egoerak salatzeko. Alderdi, sindikatu eta gizarte eragileen babesa du deialdiak

Milaka emakume batu ziren iaz Bibon eginiko manifestazioan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Kaleak berenak egin nahi dituzte, hartu eta bizitzeko, beldurrik gabe. Hala adierazi dute Euskal Herriko mugimendu feministako kideek. Iazko greba deialdiak izan zuen arrakastari segida eman nahi diote. «Gizartearen erdiari» dei egin diote gaur lantoki eta ikasgeletan greba egitera, zaintza lanak albo batera uztera, eta manifestazioetan parte hartzera. Eskualde guztietan antolatu dituzte mobilizazioak; eguneroko «normaltasuna apurtu», eta «herriak geldiarazi» nahi dituzte.

Greba irudikatzeko, proposatu dute besoko moreak eta txapak janztea, mantalak balkoietan eskegitzea eta kontsumo greba egitea. «Egungo zapalkuntza sistema basatia ezin dugu termino bakar batekin definitu», azpimarratu dute Martxoaren 8ari begira kaleratu duten adierazpenean. Hori agertzeko, «planto» egingo diote «kapitalismoari, patriarkatuari, heteroarauari, kolonialismoari eta kapazitismoari».

Mobilizazioaren xedea da salatzea emakumeek «bizitzako esparru guztietan» sufritzen dituzten diskriminazio eta indarkeria egoerak. Leloa: Greba feminista, bizitza erdigunean kokatzeko. Aurten, zaintza lanei eman diete zentralitatea: lan horien balioa ikusgai egin nahi dute, eta salatu zapalkuntza modu guztiak gurutzatzen direla lan horietan. Alor horretako ardurak beren gain hartzeko eskatuko diete gizonei eta, bereziki, erakunde publikoei: azken horiei aurrekontuen bidez finantzatzeko neurri «ausartagoak»eskatu dizkiete, eta zaintza jartzeko politika publikoen zehar lerro gisa.

Zaintzaz gain, mobilizazioak beste lau ardatz izango ditu: enplegu eta kontsumo greba ere izango da, baita pentsiodun eta ikasleena ere. Mugimendu feministak 28 eskaera zehatz jaso ditu agiri batean, lanarekin loturiko aldarrikapenekin, genero indarkeriarekin eta justiziarekin, sexu aniztasunarekin... Horien bidez, deitzaileek «gizarte itun berria» proposatu nahi dute, zeinak helburu izan behar duen «herritartasun eredu inklusibo bat».

Sarea ehuntzen

Aurten, mobilizazioak prestatzeko, mugimendu feministak deszentralizazioa lehenetsi du, «tokiko errealitateei hobeto erantzuteko». 50 herritan baino gehiagotan osatu dituzte batzarrak. Sare hori bihartik aurrera «ehuntzen jarraitzeko» deia egin dute. Aliantzak ere osatu dituzte, besteak beste, honako mugimendu hauekin: pentsiodunekin, etxeko langileekin, emakume baserritarrekin, migratzaileekin, ikasle eta gazteekin, aniztasun funtzionala duten emakumeekin, presoekin eta gehiengo sindikalarekin.

Hain justu, grebara mugimendu feministak deitu arren, sindikatuek erregistratu dute deialdia. Berritasun bat izango du aurtengoak: egun osokoa deitzearen alde egin du gehiengo sindikalak —iaz, gehienek txandako bi edo lau orduko lanuzteak egitera deitu zuten—. CCOOk eta UGTk, dena den, txandako bi orduko grebari eutsiko diote aurten, baina sektore feminizatuetan «aukera» eman dute ordu kopuru hori handitzeko.

Saiorik ez legebiltzarrean

Alderdiek ere indartu dute konpromisoa. Iaz, EH Bilduko, Elkarrekin Podemoseko eta PSE eta PSNko emakumeek egin zuten greba; aurten, EAJko zuzendaritzak «askatasuna» eman die alderdikoei bat egiteko ala ez —iaz, kargu publikoak zituztenek ezin zuten—. PPkoek eta UPNkoek, iaz bezala, ez dute egingo lanuzterik.

Horiek horrela, historian aurreneko aldiz Eusko Legebiltzarrak eten egingo du jarduna greba batengatik. Kontrol saiora daude deituta gaurko, baina ez da gutxieneko parlamentari kopurua egongo. EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EEko emakumeez gain, hiru gizon ez dira egongo: EAJko Joseba Egibarrek lana eta familia bateratzeko arazoak argudiatu ditu, Kerman Orbegozo jeltzalea aitatasun baimen batekin dago, eta EH Bilduko Pello Urizar bidaian dago.

Emakundek eta EAEko Arartekoak, berriz, adierazpenak egin dituzte grebarekin bat eginez. «Feminismoaren kontrako gorrotozko jarreren ugaritzea» salatu du Manu Lezertua arartekoak. Mobilizazioek arlo ugaritan izango dute eragina, eta Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu, besteak beste, osasun sisteman, garraioetan eta hezkuntzan.

Sektore ugaritan nabaritu dira geldialdiak. Emakumeen goi mailako kirol taldeetan, adibidez: besteak beste, Bera Bera, Athletic eta Realekoak jokalariak ez dira entrenatzera joango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.