21. Korrika

Bihar hasiko da Korrika, Garesen

Euskararen aldeko lasterketak 17:00etan emango ditu lehen pausoak, Gasteiz jomuga duela. 2.560 kilometro egin ostean iritsiko da Arabako hiriburura, apirilaren 14an. Euskararen alde «klika egitea» du helburu Korrikak

2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Bihar, 17:00etan, Asier Amondok begi guztiak adi-adi begira izango ditu, Korrikako koordinatzailea arduratuko baita 21. Korrikako mezu ezkutua lekukoan sartzeaz, urtero legez. Ondoren, lekukoa eskuz aldatuko da, eta, kilometroz kilometro, berdin ibiliko da: eskuz esku, gau eta egun, ezertarako gelditu gabe. 2.560 kilometroko bidea egingo du aurten lekukoak; herriz herri, auzoz auzo eta mendiz mendi, Gasteizera iritsi arte.

Bidean milaka eta milaka euskaldun eta euskaltzale izango ditu itxaroten Korrikak, pasatu ahala haren atzetik metro batzuk edo kilometro batzuk egiteko zain, bakoitzaren gaitasunaren arabera. Garestik hegoaldera joko du, eta Erriberan igaroko du ostiraleko zatirik handiena; larunbatean, Iruñera iritsiko da, 14:20an, eta hainbat sartu-irten egingo ditu hiriburuan. Hamabi ordu geroago, Donibane Garazira helduko da, eta, igandean, Mauletik igaroko da, 07:00etan. Igandean bertan, Baionara helduko da, 17:50 inguruan. Korrikak ez du beste hiribururik zapalduko hurrengo ostegun arte; egun horretan, Bilbora helduko da, 11:50 inguruan, eta 16:15 aldean utziko du Bizkaiko hiriburua. Donostiara, berriz, apirilaren 12an iritsiko da, 16:30 inguruan.

Gasteiz izango da azken hiriburua eta 21. Korrikaren jomuga. Arabako hiriburura 08:20 aldean helduko da, eta bueltaka ibiliko da 12:30era arte. Orduan geldituko da lekukoaren eskuz eskuko bidaia. Lekukoan sartutako mezu sekretua milaka lagunen aurrean irakurri ostean amaituko da 21. Korrika, eta beste bi urte itxaron beharko da 22.a Arabako zer herritatik aterako den jakiteko.

Aldaketaren 'klika'

Klika da aurtengo euskararen aldeko lasterketaren leloa; aukera bat egitea esan nahi du, eta, horren bidez, antolatzaileek jarrerak aldatzeko deia egin nahi dute: klika eginez jokamoldeak aldatzea, ohiturak aldatzea, euskara aukeratzea... «Hautua da euskara ikastea, euskara erabiltzea, inplikatzea, jauzia egitea. Klika egitea da euskaraz ahalduntzea, euskaltegietan matrikulatzea. Klika da herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartzea». Azken finean, aktibatzeko deia da Klika, eta pertsona bakoitzari dagokio klika hori egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.