Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Eztabaida

Zigor Kodea aldatzea proposatu du Sanchezek, galdeketak debekatzeko

Bozen kanpainan egindako eztabaida bakarrean, hautagaiek arreta jarri dute U-1aren sententziaren ostean Katalunian sortu den testuinguruan. Riverak 155.a bigarrenez aplikatzeko eskatu du

Bost hautagaiek atzo izan zuten hauteskunde kanpainako eztabaida bakarra. Irudian, hitzordua hasi aurreko unea. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
ander perez zala
2019ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteak aurreikusia zuen gainontzekoen estrategia telebistako eztabaidarako. Hitzordua gai polemikoenarekin hasi zen, Kataluniarekin, eta denak haren kontra aritu ziren hasiera-hasieratik. Horregatik, aurrea hartzea erabakia zuen: Kataluniako gatazka konpontzeko proposamenak egiten lehen hautagaia izan zen, baina horien artean gatazkaren sakontzea eragin dezakeen neurri bat jakinarazi zuen. Zigor Kodearen erreforma egitea, erreferendumak legez kanpokoak izan daitezen, hori izan zen ia ezerezean pasatu zen neurria. Eskuinari begirako keinu batekin hasi zen Sanchez, baina gutxi iraun zion.

Haren PSOE izan zen, hain justu, Jose Luis Rodriguez Zapateroren garaian galdeketak despenalizatu zituen alderdia; horregatik, PPko Pablo Casado eta Ciudadanoseko (C's) Albert Rivera erasokor agertu ziren Espainiako jarduneko presidentearekin, proposamena mahaigaineratzeagatik. Ordea, gutxi iraun zuten neurriarekiko kritikek, eta berehala eraman zuten eztabaida igandeko hitzordura: boto emaileei begira, biek ohartarazi zioten Sanchezi herritarrek botoa emateko aukera eta «askatasuna» izan behar luketela, bortizkeriarik gabe.

Finean, denak Sanchezen kontra aritzea eraginkorra den arren, errazagoa da botoak bloke beretik erakartzea, bestetik erakartzea baino. Horretan aritu ziren Rivera eta Casado, nahiz eta PPkoak «etsaiez ez nahasteko» ohartarazi zion: «Denok gaude ezkerra eta nazionalistak egiten ari direnaren aurka».

Horren ondorioz, PSOEren hautagaiaren proposamenak berehala galdu ziren, desagertu egin ziren platoan, inoiz esan ez balitu bezala. Ez ziren neurri soilak: Sanchezek TV3 kateari begirako neurri bat ere aipatu zuen, Kataluniako Parlamentuaren bi herenak behar izateko administrazio kontseilua aukeratzeko. «Alderdikoikeriarekin» amaitzeko erabakitzat aurkeztu zuen: «Kataluniako egoera bideratzeko, batasuna, proportzionaltasuna eta irmotasun demokratikoa dira beharrezkoak». Riverak, ordea, erasokor jarraitu zuen, eta 155. artikulua berriz aplikatzeko eskatu zion Sanchezi: «Moderatuena Konstituzioa aplikatzea da. Egiazko 155.a adostu behar da».

Inkesten paisaia politikoa

Hautagaientzat, atzoko eztabaida kanpainako hitzordu erabakigarriena izan zen boto emaileak erakartze aldera. Inkestek baldintzatuta aritu ziren platoan —atzotik horiek kaleratzeko debekua indarrean sartu zen—.

Bozketa egunerako bost egun falta direla, honako paisaia politikoa irudikatu dute inkestek: PSOEk irabaziko lituzke hauteskundeak, 116 diputatu jasota batezbeste (iragan apirilean baino zazpi gutxiago); PP izango luke atzetik, 94rekin (+28), eta Vox ultraeskuindarra izango litzateke hirugarrena, 42 ordezkarirekin (+18). UPk zazpi diputatu galduko lituzke, 37rekin geratzeko, eta C's-ek izango luke beherakada handiena, 57 diputatutik 19ra jaitsita. Iñigo Errejonen Mas Paisek, aldiz, sei ordezkari izango lituzke.

Katalunian, Esquerra Republicanak (ERC) apirileko hamabost diputatuei eutsiko lieke, eta Junts Per Catalunyak (JxC) sei ordezkari eskuratuko lituzke, duela zazpi hilabete baino bat gutxiago. CUPi dagokionez, estreinakoz sartuko litzateke Espainiako Kongresuan, hiru diputaturekin.

Hego Euskal Herrian, EAJk eta EH Bilduk ordezkari kopuru berari eutsiko liokete: jeltzaleek sei ordezkari izango lituzkete, eta koalizioak, lau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.