Eskoziako erreferenduma

Alde egiteko akordio bila

'Brexit'-arekin, Eskozian indartu egin da bigarren independentzia erreferenduma egitearen aldeko aldarria. Sturgeonek dio gobernuak «bere botere guztia» erabiliko duela EBtik kanpo ez gelditzeko

Milaka lagun elkartu ziren iazko urrian, Edinburgon, Eskoziaren independentziaren alde. ROBERT PERRY / EFE.
Eider Goenaga Lizaso.
2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Ezezkoa jaso du aste honetan Eskoziak, Erresuma Batuko lehen ministro Boris Johnsonen ezezko biribila, idatziz eta modu ofizialean. Abenduaren 12ko hauteskundeen ostean, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak eskaera formala egin zion, Eskoziako Parlamentuari 2020an erreferendum bat antolatzeko bidea eman ziezaion. Johnsonek argi erantzun dio: «Ezin dut onartu beste independentzia erreferendum batera eramango gaituen eskumen transferentziarik».

Sturgeonek ez du Johnsonen ezezkoa onartzeko asmorik, eta independentziaren bidean jarraitzeko intentzioa berretsi zuen atzo. Haren arabera, ez Johnsonek eta ez toriek ez dute geldiaraziko bigarren independentzia prozesua. «Demokraziaren ukazioak ezin dezake iraun. Baina kontserbadoreek, eta agian beste zenbaitek ere bai, demokrazia ukatzen jarraitzen badute, gero eta seguruagoa izango da Eskozia herrialde independente bat izango dela».

Sturgeonen arabera, gainera, gakoa ez da Eskoziak independentea izan behar duen edo ez. «Gakoa da zeinena den erabakia: eskoziarrena edo Westminsterrena?». Argi du erantzuna Eskoziako lehen ministroak: eskubide hori eskoziarrena da, aitortua dute, eta horren adibide da 2014ko independentzia erreferenduma. Sturgeonek ez du Eskozia Europako Batasunetik kanpo ikusi nahi, eta hitzeman du «Eskoziako Gobernuak bere botere guztia» egingo duela hori eragozteko.

2014an, independentzia erreferenduma egin zutenean, EBk kanpo gelditzeko beldurrak sekulako pisua izan zuen, bai kanpainako mezuetan eta bai emaitzetan. %45ek bozkatu zuten independentziaren alde, %55ek kontra. Erresuma Batuan, eta batez ere Europan, gelditzeko hautuak irabazi zuen. Baina, orain, Erresuma Batua EBtik irtetear dago, eta Eskozia berarekin eramatea eragotzi nahi du Sturgeonen gobernuak.

Hiru urte eta erdi dira brexit-aren erreferenduma egin zutenetik, eta denbora horretan Eskozian beste independentzia erreferendum baten aldarria indartuz joan da. Eta iragan abenduko hauteskundeetan SNPk (Eskoziako Alderdi Nazionala) izaniko emaitza onek eta igoera nabarmenak hori berretsi baino ez zuten egin. Izan ere, Westminsterreko Parlamentuan Eskoziari dagozkion 59 eserlekuetatik 48 lortu zituen SNPk, aurreko legealdian baino hamahiru ordezkari gehiago.

Bide orria

Sturgeonek eta SNPk badute aski babes Eskozian independentzia erreferendumaren prozesua hasteko, baina Eskoziako Gobernuak ez du alde bakarreko bide bat hasi nahi. Egitekotan, erreferendum lotesle bat nahi dute, akordio baten ostean egingo dena, Londresen oniritziarekin. 2012an David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak eta Alex Salmond (SNP) Eskoziakoak sinaturiko Edinburgoko Ituna litzateke segitu beharreko bide orria. 2020a amaitu aurretik eta brexit-aren trantsizioa guztiz gauzatu baino lehen egin nahi dute erreferenduma. Johnson eserarazi eta akordiora eraman nahi dute, 2012an aitortu zitzaien eskubidea aitortzera behartu.

Oraingoz, 2014ko erreferendumeko emaitzek indarrean jarraitzen dutela dio Johnsonek, eta independentziari ezezkoa eman zioten eskoziarrak defendatzen ari dela. SNPk brexit-aren erreferendumaren Eskoziako emaitzak ditu aldeko, bigarren erreferendum bat eskatzeko garaian; izan ere, brexit-aren inguruko erreferendumean eskoziarren %62k bozkatu zuten Europan jarraitzearen alde.

Aukera horrek duen babes soziala ez da soilik hauteskunde emaitzetan islatzen. Joan den larunbatean, 100.000 lagun atera ziren kalera Glasgown, All Under One Banner mugimendu independentistak (Denok Bandera Bera) deituta. Beste zazpi mobilizazio antolatuko ditu 2020an, Johnson lehen ministroari presio egiteko.

Erreferenduma aurten gauzatuko ez balitz, 2021eko maiatzean hauteskundeak egingo dituzte Eskozian, eta SNPk orain arteko joerari eusten badio, gehiengo zabala lortuko du parlamentuan. Horrek zaildu egingo luke Johnsonek ezezko jarreran eustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.