Pentsioak. Frantziako Gobernuaren erreforma

Erreforma parlamentura bidali du gobernuak, kaleko protesten artean

Gaur egungo 42 pentsio sistemak bakar batean biltzen ditu proiektuak. Baionan, hiru mila lagun inguru elkartu dira erreformaren aurka. Hilaren 30ean hasiko da finantzaketari buruzko konferentzia

Erretiratuak eta langileak pentsioen erreformaren aurkako manifestazioan, atzo, Baionan. BOB EDME.
Iker Aranburu.
2020ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Pentsio sistemaren erreformaren maratoiak beste etapa bat bete zuen atzo. Frantziako Gobernuak ontzat hartu zuen gaur egungo 42 erretiro sistemak bertan behera utzi eta puntukako sistema bakar bat ezartzen duen erreforma. Frantziako Asanbleak asteartean hasiko du eztabaida,eta gobernuak espero du udarako onartu ahal izatea. Emmanuel Macronen LREM Errepublika Martxan alderdiak gehiengo osoa duenez, eragozpen nagusiak kalean aurkituko ditu Frantziako Gobernuak, erreformaren aurkakoek ez dutelako amore emateko asmorik azaldu.

Badira zazpi aste pentsioen erreformaren aurkako mugimendua abian jarri zela. Garraio publikoetako langileen mugagabeko greba amaitua da, eta ez dute arrakasta handirik lortu greba beste sektore batzuetara hedatzeko deiek. Baina horrek ez die protestarako grina itzali erreformaren aurkakoei, eta kaleko protestek jarraitu egiten dute.

Atzo zazpigarren mobilizazio egun handia izan zuten, eta hamarnaka mila lagun kalera atera ziren Frantziako hirietan. Euskal Herrian ere izan manifestazio bat, Baionan. Hiru mila lagun inguru bildu ziren erreforma bertan behera geratzeko eskatzeko. Azkeneko manifestazioetan bezala, hezkuntzako langileen parte hartzea handia izan zen, sindikatuek nabarmendu dutenez, sektore horretako langileek asko dutelako galtzeko sistema berriarekin. Parisko gobernuak agindu du hurrengo urteetan irakasleen soldata handitu behar duela, erreformak kalte egin ez diezaien. Promesa horrek, baina, ez ditu protestak eten, eta atzoko manifestazioan Lapurdiko hainbat ikastetxetako ordezkariak izan ziren, hala nola, Angeluko Cantau lizeokoak, Hendaiako Irandatz kolegiokoak, eta Miarritzeko Malraux lizeokoak.

Herritarren %61, aurka

Protesta bultzatu duten sindikatuek, CGT eta FO buru dituztela—LAB ere bai, Ipar Euskal Herrian—, ez dute lortu greba masiborik, eta abenduko manifestazioetan baino parte hartzaile gutxiago dituzte urtarrilekoek. Baina badute esperantza bat: inkesten arabera, herritarren zati handi bat haserretu du Macronenerreformak. Asteazkenean BFM telebista kateak eskatutako inkesta batean, galdezkatuen %61ek esan zuten gobernuak erreforma bertan behera utzi beharko lukeela. Aurreko asteburuko beste inkesta batean %51en atxikimendua zuen protestak, urte hasieran baino zazpi puntu gehiago.

Gobernuak erreformaren puntu nagusietako batean amore emateko prest egoteak ez die babesik kendu aurkakoei. CFDT mugimendutik atera ahal izateko, Edouard Phillippe lehen ministroak onartu zuen orekarako adina erreformatik ateratzea—pentsioa osorik jasotzeko 64 urtera arte itxaron behar izatea—, eta sindikatu horren eskaera bat bete zuen: pentsio sistemaren finantzaketa eztabaidatzeko konferentzia bat antolatzea. Datorren ostegunean bilduko da lehen aldiz lan talde hori, sindikatuak eta patronalak han direla. Edonola ere, Phillippek jakinarazi du konferentzia horretan sistemaren finantzak orekatzeko beste formula bat aurkitu ezean, orekarako adina berreskuratuko duela.

Finantzaketari buruzko konferentzia horretan eztabaidatuko duten txosten bat mahai gainean jarri zuen atzo Parisko gobernuak. Horren arabera, orekarako adina 65 urtean jarrita ere, sistemak BPGaren %0,2 eta %0,3 arteko defizita izango du 2050. urtera arte. Gaur egungo sistemarekin, berriz, defizita %0,4 eta %0,5 artekoa izango da 2050 arte, eta %0,3koa hortik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.