Koronabirusa. SERIEA. Izurriaren kantoietan (III). Jon Mirena Landa eta Izaskun Andonegi.

«Agur esateko eskubidea ez da bigarren mailako kontua»

Landak COVID-19aren izurriaren asterik zailenetan galdu zuen ama, eta agerian utzi nahi izan du bakardadean jazo diren heriotza horien bidegabekeria. Andonegik min antzekoa dutenei abaroa ematen dihardu: neurriak eskatu ditu.

JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
2020ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Jon Mirena Landa legelariak (Bilbo, 1968) oroimenean iltzatuta ditu, ia orduz ordu, amaren azken egunak, harengandik nahi baino aparteago egon bazen ere. Izurria heldu berria zen egun nahasi haietan izan zen: iktus baten ondorioz, ama erietxean zuten orduan, eta hura ondoan edukitzetik «arrastoa» galtzera eraman zituen epidemiak. Halaxe hil zen: etxekoak ondoan izan gabe. Bakartze giro hartan, hileta ere ezin izan zuten egin, eta orain egitekoak dira. Aste batzuen buruan, Landak iritzi artikulu batean adierazi zuen zer bidegabekeria egon den birusa saihesteko neurrien zurrunaren ondorioz bakarrik hil diren pertsonen heriotzen atzean: «COVID-19aren krisialdiaren zurrunbiloan, isolamenduaren inertziak aurretik eraman du agur esateko eskubidea». Ondo ulertzen du ohartarazpen horren funtsa Izaskun Andonegi zaintza aringarrietako erizainak (Donostia, 1967); horren atzean dagoen oinazea ere bai. Aditua da dolu eta trauma prozesuetan, eta izurriak ekarritako neurriek prozesu asko zaildu eta korapilatu dituztela onartu du. Ez du aurrez inoiz Landarekin hitz egin. Ezer baino lehen, «besarkada» bat helarazi dio, online bada ere. Eskertu ere egin dio gaiaz publikoki aritzea: «Ez da erraza».

Izurriaren hasierak hauskortasun egoera batean harrapatu zuen zuen ama, Jon Mirena...

JON MIRENA LANDA (J.M.L.): Bai, bi iktus izan zituen. Hala ere, aurrera atera zuten. Pixkanaka aurrera ari zen: errekuperazio bidean. Basurtuko erietxetik atera eta Gorlizera eramatea zen asmoa, han errehabilitazioa egiteko. Dena geldiarazi zuten, ordea, bere aldamenean zegoen pazienteak COVID-19an positibo eman zuelako. Nire amak ere eman zuen positibo, eta orduan galdu egin genuen amaren arrastoa. Azken goiz bat egin ahal izan genuen berarekin, eta gero geuk ere joan egin behar izan genuen etxera, bakartuta. Horrek eragin du egonezina, urruntasuna.

IZASKUN ANDONEGI (I.A.): Komentatu duzu, Jon, amaren arrastoa galdu zenutela...

J.M.L.: Dena zegoen primeran amak positibo eman zuen arte. Positibo eman zuenean, sartu zuten gela batean, hor zegoen, eta inor ere ez zen sartzen. Eta une haietan garbi zegoen ez zegoela protokolo garbi bat han. Esaterako, proba egin zioten babestuta, baina gero inor ez zegoen han babestuta. Orduan, ez genekien zer egin: «Etxera joan behar dugu? Sartu behar dugu? Nor sartuko ote da?». Azkenean, ni sartu nintzen; sartu nintzen, nolabait ere, protokoloaren kontra, eta egon nintzen goiz osoan: gauzak normalizatu ziren arte. Gero ja sartzen hasi ziren erizainak, haiek ere babestuta, eta orduan gu —hiru anaia gara— bidali gintuzten. Esan ziguten lasai joateko, haien eskuetan gelditzen zela; ordutik amaren jarraipena egin behar izan genuen etxetik. Aurrena pabiloi batean egon zen, gero beste batean, ondoren Santa Marina erietxean bukatu zuen... Larrimin handia zen; deitzen baduzu esaten dizute, ez dizute esaten, ez dago erarik kontaktatzeko... Lau egunean joan zen, baina amaigabea izan zen niretzat: oso luzea.

COVID-19ak, beraz, ekarri zuen aldaketa erabatekoa...

J.M.L.: Alde batetik, nik ez dut kritikatu nahi sistema: sinpleegia litzateke. Bertan egon ginenean, primeran tratatu gintuzten. Eta uste dut borondate on osoz esan zigutela: «Segi etxera. Batetik, zuek isolamenduan egon behar duzuelako. Gu arduratuko gara». Alde horretatik, uste dut ondo jardun zutela. Gertatzen dena da ez zegoela pentsatuta, oro har, horrek esan nahi duela zuk galtzen duzula kontaktua. Eta nik etxean nengoela esaten nuen: «Joan behar dut? Joaten banaiz kutsatu naiteke, eta ekarri dezaket gaitza etxera?». Eta, aldi berean, haiek ere lanean daude, eta ikaragarrizko olatua izan zen. Dena hasi zen unea zen; gainezka zegoen, eta ez duzu trabarik egin nahi, baina zure ama dago tartean. Azkenean, lortu genuen komunikazioa izatea, baina ez zegoen protokolizatuta horretarako bidea. Horri begiratu beharko litzaioke hurrengo baterako. Ez dut esaten haiek gaizki aritu zirenik, baina bizitzaren amaierako eskubideak eta agur esateko eskubidea ez dira bigarren mailako kontuak: lekua egin behar zaie. Hori protokoloetan txertatu behar da. Gainera, egoera horietan, behin esaten dizutenarekin ez da nahikoa. Nire burutik pasatu zen, esaterako, konfinamendua apurtu, eta amaren ondora joatea.

I.A.: Noski, nola ez. Nola ez.

Hilabeteotan izan diren arazoen adibide argi bat Jon Mirenaren bizipena. Halako asko ikusten ari zarete dolu prozesuetan laguntzen ari zareten adituak?

I.A.: Bai. Ikusten ari gara kasu oso antzekoak. Batez ere konfinamenduaren hasierakoak, zeinean izugarrizko ezjakintasuna baitzegoen. Profesionalei ere laguntzen aritu naiz prozesuan, eta haiek ere ez zekiten nola jokatu. Gero, kanpotik zetozen arauak politikariek hartutakoak ziren, ez ziren osasun arloko profesionalek hartuak. Osasun arloko profesionalenak balira, bizitzaren amaierako erabaki horiek seguruenera beste modu batean hartuko ziren. Ulertu egin behar da; larrialdia oso handia izan da, baina nahi gabeko ondorio handiak utzi ditu. Bizitza bukaerako zenbait eskubide ez dira kontuan hartu, batez ere behar emozionalak, psikologikoak eta espiritualak. Hala ere, esan nahi dut osasun arloko profesionalek, oro har, oheburuetan egon diren horiek, hilzorian zeuden pertsona horien familia bihurtu zirela puntu kritiko batean: humanizazio horren eskuak izan ziren. Horren lekukoa izan naiz ni. Baina orain dolu horien liseriketa egin behar dugu.


Jon Mirena Landa. / Luis Jauregialtzo, Foku.

J.M.L.: Hor gakoa da ziurtasuna behar duzula. Komunikazio kanal bat ezarrita egotea eta norbaitek esatea: «Joan etxera, eta hitz egiteko aukera izango dugu arratsaldeko zortzietan». Aldiz, esaten badizute lasai joateko, baina gero ibili behar baduzu nora deitu, nora ez deitu, zoratu egiten zara.

I.A.: Jonek esan duen hitz gakoa da ziurtasuna. Gizakiok behar dugu segurtasuna gure bizitzan zehar, eta, halako momentu zail batean, pertsona maite baten arrastoa galdu duzunean, ildo bat ezarri behar da esateko nolako kontaktua mantendu behar den.

Jendea sendatzeko asmoz hartutako erabakiak izan ziren, birusari hesia jartzeko...

I.A.: Bai, larrialdi horretan garrantzitsuena izan zen bizitzak aurrera ateratzea. Baina beti iristen da une bat zeinean ezin baita pertsona bat sendatu. Prozesu guztietan badago puntu bat non pertsona begiratu behar den, ez gaitza. Pertsona osotasunean begiratu behar da, haren sendia ere bai, eta ezin dira ahantzi beste beharrak. Ez dago aitzakiarik.

Baina beldurra zegoen...

I.A.: Bai, beldurra zegoen, kaosa, ados nago. Baina beste neurri batzuekin egongo zen era beste modu batean jarduteko, eta ez da egin. Hiltzera doan pertsonaren ondoan egon da profesional bat, egon da pertsona bat. Zer alde legoke, esaterako, pertsona hori egon beharrean Jon Mirena egotean amaren ondoan? Edo beste senide bat... Eta hori, beharra baldin badago. Izan ere, batzuetan familiek ez dute ondoan egon nahi. Badakit oso polemikoa dela hori, baina beti errespetatu behar dira familien eta hiltzera doan pertsona horren beharrak. Eta aukera eman behar da. Ez da gauza bera aukera ematea edo ez ematea. Gero bakoitzak erabakiko du: hor dago askatasuna.

Dolua ondo bideratze aldera, kontu horiek guztiak oso garrantzitsuak direla nabarmendu ohi duzue sarri askotan arloko profesionalek. Gainerakoan, pisutsuagoa da prozesua, ezta?

J.M.L.: Bai, hau guztia landu egin behar duzu. Egoera oso arraroa izan da. Bakartuta geunden etxean, eta mundu guztia zegoen halako egoera arraro batean. Guk hileta, esaterako, orain egingo dugu. Une hartan informazioa falta zen hori egiteko moduen inguruan ere, eta laga egin genuen. Eta falta zaizkizu euskarriak dolua egiteko. Ordezkatu egin behar dituzu; nik ordezkatu nituen, adibidez, idazten. Gero, nire ama oso positiboa zen. Aspalditik esaten zidan aitarekin joan nahi zuela. Guk heriotzaz hitz egin dugu etxean, eta gauza positibo horietara jotzen duzu. Baina zailagoa izan da; euskarriak falta zaizkizu.


Izaskun Andonegi. / Jon Urbe, Foku

Distantziei eutsi beharrak, oro har, dolu prozesuak zaildu egin ditu. Besarkadarik gabeko doluak dira, agurrik gabekoak...

I.A.: Bai, batzuek esaten dute dolua diferituan bizitzen ari direla. Erritualek badute beren pisua eta esanahi antropologikoa. Adibidez, Jonek esan du orain egingo dutela agur kolektiboa... Baina agurra ekintza intimo bat ere bada. Jonek bere prozesu propioa egin beharko du amarekin, eta bere anaiek ere bai: bakoitzak berea. Prozesu horiek bakarrik ere egin behar ditugu; gero partekatzeak gertatutakoari zentzua ematen laguntzen digu, eta errealitatean horrekin topo egiten.

J.M.L.: Bai, bakoitzak bere prozesua egin behar du. Baina egia da, baita ere, badaudela zati batzuk izoztuta geratu zitzaizkigunak. Errautsak hartzea, hileta prestatzea... Hori guztia izoztuta zegoen; bazenekien helduko zela, baina ez zenekien noiz helduko zen ere. Hori kontu arraroa da. Baina guztiz ados; bakoitzak sortu behar du bere prozesua. Dimentsio indibidual hori ere hor dago.

Birusa hor dago. Etorkizunera begira, protokoloak behar dira halakoak saihesteko, ezta?

J.M.L.: Bai, ezustean harrapatu gaitu honek, baina gerora begira buelta bat eman beharko litzaioke. Nola antolatu behar da hau? Zer aukera eman behar dira? Nola? Zer baldintzatan? Eskaintza bat egoteko. Gero jendeak erabakiko du hartu nahi duen edo ez.

I.A.: Hori da, aukera eman, eta gero norberak erabakitzeko askatasun hori izan dezala.

J.M.L.: Hor badago sakoneko kontu bat. Nik ez daukat erabat garbi, baina gauza bat da erlijioa, eta beste bat da gu hiltzen garenean, edo gure senitarteko bat hiltzen denean, hor badagoela zerbait oso sakona gure eskubideen barnean dagoena. Hori bidera daiteke modu erlijiosoan, edo erlijiotik kanpo. Baina kontua ez da: «Hil da, eta kito». Ezin ukituzko hori bada eskubideen barruan kudeatu beharreko zerbait. Hor oso gauza serio bat dago, eta modua egin behar da horri bide bat emateko eta guk erabakitzeko, baita salbuespeneko egoeretan ere. Jakina, ez badago prestatuta, ez dago egiterik. Baina baldin badakigu berriz antzeko egoera bat etor daitekeela, presta dezagun. Badakit zaila dela, baina ezin dugu esan: «Besterik gabe, kendu egingo dugu». Eta hori, alde batera utzita bakoitzak zer pentsatzen duen: beste mundurik badagoen, ez dagoen... Duintasun kontua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.