Koronabirusa

Mendillorrira begira

204 positibo atzeman dituzte Hegoaldean; 93 Bizkaian. Bilboko, Donostiako eta Gasteizko alkateek hizpide izan dute gaueko aisialdia mugatzeko aukera

Auzoko ehunka gazteri PCR probak egiten aritu ziren atzo osasun langileak Mendillorrin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Agerraldiak azaldu ahala, PCR proba masiboak ugaritu egin dira, kutsatze komunitarioak saiheste aldera. Azken orduetan 5.135test egin dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 2.000 gazte ingururi proba egiteko deia egin diete Mendillorrin (Nafarroa). Iruñeko auzo horretako emaitzak ikusteko daude oraindik, baina, azken orduetan, beste 204 kasu atzeman dituzte Hegoaldean. Herrialdeka, Gipuzkoako agerraldiak baretzen ari direla dirudi: 38 kasu detektatu dituzte; gehienak, Eibarren: hamalau. Bizkaian, berriz, gora egin dute kasuek: 93 positibo atzeman dituzte. Ermuan izandako agerraldiarekin loturikoak dira 22, eta Bilbon gehitu egin dira kasuak: 37 izan dira azken orduetan. Nafarroan 66 kasu detektatu dituzte, eta Araban, sei.

Oldarraldirik bortitzena Mendillorrin dago oraintxe. Ehundik gora kasu atzeman dituzte azken egunetan Iruñeko auzo horretan, gehienak gazteen artean. Ustez, uztailaren 11ko asteburuan Alde Zaharrean sortutako aisialdi giroan du sorburua agerraldiak. Atzo, PCR probak egiten hasi ziren auzoko 17 eta 28 urte bitarteko gazte guztiei; 2.000 probatik gora egitea aurreikusten du Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak. Kasuen gorakadaren ondorioz, atzera egin du auzoak, eta bigarren fasera itzuli da.

Osasun kontseilari Santos Indurainek adierazi du orain progresiboki hazten ari direla Mendillorriko agerraldiarekin loturiko kasuak, lehenengo egunetako bat-bateko igoeraren ostean. COVID-19aren proban positibo eman duten gehienak 17 eta 29 urte artekoak direla baieztatu du kontseilariak, eta asintomatikoak direla positiboen %60 inguru. Ospitaleratzeak, baina, ugaritu egin dira: hamar pertsona ospitaleratu dituzte azken orduetan, eta bik ZIUan jarraitzen dute.

Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi du kutsatzeetariko asko familia ospakizunetan gertatu direla, eta familiarteko kutsatzeak ere ugaritu egin direla azkenaldian. Izan ere, eremu itxietan kutsatze arriskua handiagoa dela gogorarazi du sailburuak. Hain zuzen ere, ospakizunek eta bereziki, gaueko aisialdiarekin loturikoek piztu dute alarma. Nafarroako Gobernuak 02:00etara aurreratu du asteon gaueko tabernak ixteko ordutegia, eta foru dekretu bat argitaratu du, tokian tokiko agintariek ordutegiak are gehiago mugatu ahal izateko: Mendillorrin gauerdirarte soilik ireki ahal izango dute tabernek eta jatetxeek.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea ere gaueko tabernak mugatzearen alde agertu da, birusa «gazteenen artean» zabaldu ez dadin. Aburtok adierazi du Eneko Goia Donostiako alkatearekin hitz egin duela erabaki horren inguruan, eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea ere bat dator neurriarekin. Aburtok sailburuari helarazi dio proposamena, eta hark aukera aztertuko dutela azaldu du. Bilbon kasuek gora egin dutela ikusita, Murgak azaldu du oldarraldi bat atzeman dutela azken orduetan hiriko taberna batean, eta dagoeneko 33 positibo detektatu dituztela agerraldi horrekin lotura dutenak.

Kasuak goraka helduetan

Bolo-bolo ibili dira agintarien ahotan gazteak eta festak egunotan, eta zuzenean lotu dira positiboak haiekin. Asteburuan, kutsatuen erdia baino gehiago ziren hamar eta 30 urte bitartekoak, %60 inguru, baina azken egunetan aldatuz joan da joera hori. Azken bi egunetako datuen arabera, positiboen %40 inguru dira gazteak, eta gerozeta gehiago dira 50 urtetik gorakoak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kutsatuen %20 eta %30 bitartean izan dira asteon 50 urtetik gorakoak, gehienbat 50 eta 60 urte bitartekoak. Baliteke familia arteko kutsatzeen ondorioz ugaritu izana positiboak helduen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.