Gerra Ukrainan. Negoziazioak

Ukrainak eta Errusiak korridore humanitarioak irekitzea adostu dute

Kievek esan du bi aldeek komunikazio kanalak sortuko dituztela, eta su-etenaz ez dutela ezer negoziatu. Zelenskik aurrez aurre biltzeko eskatu dio Putini: «Gerra hau gelditzeko modu bakarra da»

Barrikadak jartzen hasi dira Kieven. Argazkian, horietako bat, atzo, hiriburuaren erdigunean. ZURAB / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Bonbardaketak, desplazatze masiboak eta hildakoak gorabehera, Ukrainako eta Errusiako gobernuen ordezkaritzek xenda diplomatiko bat ireki dute, eta, atzo, gerra hasi zenetik bigarren aldiz, batzartu egin ziren, Bielorrusian. Kievek hiru baldintza jarri zituenelkarrizketa horietarako: su-eten bat, armistizio bat eta korridore humanitarioak sortzea zibilak ebakuatzeko. Azken horretan,ados jarri ziren bi aldeak, hori sortzeko epea zehaztu ez zuten arren.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen aholkulari Mikhailo Podoliakek negoziazioen ostean azaldu zuenez, Kievek eta Moskuk korridore horiek irekitzeko komunikazio kanalak sortuko dituzte, baina argitu zuen su-etenaz ez dutela ezer adostu, eta, hortaz, balitekeela bide horiek irekitzerako «behin-behineko meniarik» ez egotea indarrean. Hau da, zibilen segurtasuna ez dela zertan bermatuta egongo pasabideetan. «Oraindik ez ditugu lortu Ukrainak behar dituen emaitzak», esan zuen Podoliakek Kieven baldintzei erreferentzia eginez.

Bilera horren aurretik, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak bere gobernuaren helburuen berri eman zuen: besteak beste, Ukrainak neutraltasun estatus bat edukitzea, Minskeko bake akordioak (2014-2015) errespetatzea, eta Kievek aitortzea Krimea Errusia dela.

Azken hilabeteetan eta asteetan ikusitakoak eta entzundakoak kontuan hartuz gero, ez dirudi Errusiak eta Ukrainak epe motzean etengo dutenik bigarren herrialde horretan Kremlinek joan den ostegunean piztu zuen gerra. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak erreakzionatu du, gainera, Ukraina armatuz. Horrenbestez, Lavrovek mundu gerraren mamua haizatu zuen duela bi egun, baina atzo nabarmendu zuen «inolako zalantzarik» gabe uste duela irtenbide bat emango diotela Ukrainako «krisiari». Podoliaken arabera, bi aldeak berriz biltzekoak dira oraindik zehazteko dagoen egun batean.

Negoziazio horiei dagokienez, Zelenskik atzo adierazi zuen prest dagoela Vladimir Putin Errusiako presidentearekin batzartzeko, argudiatuta hori dela «gerra hau gelditzeko modu bakarra».

Errusiaren inbasioa hasi zenez geroztik bederatzi egun pasatu diren honetan, egoera okertzen ari da Ukrainan. Herenegun Kherson hiria (300.000 biztanle inguru) hartu duela jakinarazi zuen Kremlinek, eta, orain, beste helburu estrategiko bati, Mariupol hiriari (450.000 biztanle inguru), gogor eraso egiten ari zaio. Vadim Boitxenko alkateak Errusiari egotzi zion «nahita» egiten ari dela zibilen eta oinarrizko azpiegituren kontra. Atzo kaleratutako ohar batean salatu zuen Moskuren erasoak urik, berogailurik eta argindarrik gabe utzi duela hiria, eta zibilen ebakuazioa eragozten ari direla. Bai Kherson, bai Mariupol herrialdearen hegoaldean daude, eta irteera zuzena dute Itsaso Beltzera eta Azoveko itsasora, hurrenez hurren.

Hain zuzen ere, bi hiri horietan, Kiev hiriburuan (hiru milioi biztanle inguru) eta Kharkiven (1,5 milioi biztanle inguru) «giza hondamendi bat» gertatzear dagoela ohartarazi zuen atzo Errusiako Defentsa Ministerioaren Zuzendaritza Nazionalaren Zentroak, ohar batean. Zentroko buru Mikhail Mizhintxeven hitzetan, gainera, ukrainarrak dira horren erantzuleak. «Nazionalista ukrainarren ekintza terroristak amorragarriak dira». NBE Nazio Batuen Erakundeak plazaratu duenez, Errusiak 249 zibil hil ditu, eta 553 zauritu.

Eta Frantziako Gobernuko iturriek zabaldu dutenez, okerrena oraindik ez da gertatu Errusiaren erasoari dagokionez. Hori ondorioztatu zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, atzo Putinekin telefonoz hitz egin eta gero. Macronek adierazi zion, Eliseoaren arabera, «aitzakiak» bilatzen ari dela erasoei eusteko, «hutsegite larri bat» dela, eta, bide beretik jarraituz gero, Errusia «bakartuta, ahulduta eta zigorren pean egongo dela» denbora luzez. Frantziako presidentearen esanetan, Putinek azpimarratu zion Errusiak nahi duena lortuko duela, diplomaziaren bidez ez bada eraso eginez.

Baina Errusiako armada zibilak ere hiltzen ari da bonbardaketetan, Ukraina iparraldean, ekialdean eta hegoaldean egiten ari diren erasoetan. Beraz, Nazioarteko Zigor Auzitegiak erabaki du ikertzen hastea ea Ukrainan gerra krimenak eta gizateriaren kontrako krimenak egiten ari ote diren, eta ea genozidio bat gertatzen ari den. Hori deliberatu du Hagako fiskalburuak, 39 estatuk eskaera hori egin eta gero. Zelenskik gerra krimenak egitea leporatu dio Errusiari.

Putinek, ordea, ez du ezer aldatzeko asmorik, atzo adierazi baitzuen inbasioa «aurreikusitako planaren arabera» doala.

Georgia eta Moldavia

Errusiaren inbasioak Georgiaren eta Moldaviaren asmoak ere azkartu ditu. Izan ere, Maia Sandu Moldaviako presidenteak eta Irakli Garibatxvili Georgiako lehen ministroak Europako Batasuneko estatu kide bihurtzeko eskaera formalak izenpetu zituzten atzo. Ukrainak gauza bera egin zuen iragan astelehenean, hain zuzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.