Garraiolarien protesta artean, Gipuzkoa bidesariak ordainarazten hasi da berriro

2021etik geldituta egon da, epaitegiek behartuta. Europako Batzordeak baimendu du foru arau berria. Kilometroa 22 edo 28 zentimo ordainduko dute

Bidesaria iragartzen duen kartela, N-1 errepidean. JON URBE / FOKU.
inaut matauko rada
2023ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Urtebetetik gorako geldialdiaren ostean, garraiolarientzako bidesari berezia Gipuzkoako errepideetara itzuli da. 2018 eta 2021 bitartean Gipuzkoako Foru Aldundiak kamioilariei bidesari berezi bat kobratu zien N-1 eta A-15 errepideetako hemeretzi kilometrotan, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eten egin zuen —eta Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi zuen—, Gipuzkoatik kanpoko garraiolarientzat «diskriminatzailea» zela adierazita. Hala, aldundiak berritu egin du sistema, eta, Europako Batzordeak onespena eman ostean, arau berria onartu zuen hilabete hasieran. Atzo hasi ziren 3,5 tonatik gorako ibilgailuei kanona ordainarazten.

Ikusi gehiago: Bizkaiak bihar piztuko ditu arkuak N-240an eta BI-625ean

Aldundiak nabarmen handitu du ordaindu beharreko errepide-zatia. Lehen hemeretzi kilometro ordaintzen ziren, hiru zatitan, eta orain N-1 eta A-15 errepideak beren osotasunean dira ordainpekoak (76 kilometro). Horretarako, aldundiak zazpi arku jarri ditu, eta sarrera-irteera guztietan banderola bana, 108 guztira. Aldundiaren arabera, sistemaren berritzeak 25 milioi euro inguruko kostua izan du.

3,5 tonatik gorako ibilgailuek ordaindu beharko dute bidesaria. 3,5 eta 12 tona bitartekoek kilometroko 22 zentimo ordainduko dute, eta 12 tonatik gorakoek, berriz, 28.

Hala ere, indarrean dira jada ibilgailu jasangarrienentzako deskontuak. Urtarrilaren lehenetik aurrera, salgaiak garraiatzeko ibilgailu elektroniko astunek eta gas edo hidrogeno motordunek %25eko deskontua dute A-636, N-1 eta A-15 errepideetan —AP-1 eta AP-8 errepideetan urriaren 1etik aurrera, atzeraeraginarekin—. Euro 6 kategoriako ibilgailuentzat deskontu hori %20koa izango da, eta Euro 5 kategorikoentzat, berriz, %15ekoa.

Horiek eta gainontzeko ibilgailu astunek maiztasunaren araberako deskontuak izango dituzte urriaren lehenetik aurrera. Hilabetean 21. eta 50. erabileren artean %10ekoa, eta %13koa 50.etik aurrera.

Elkarteak, bidesarien aurka

Fenadismer Espainiako Garraio Elkarteen Federazioa izan da azken urteetan Gipuzkoako Foru Aldundiaren arauen aurka judizialki egin duena. 2016an onartu zuten lehen foru araua, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Fenadismerren helegitearen alde egin zuen, bidesaria Gipuzkoatik kanpoko garraiolarientzat baztertzailea zela onartuta. Aldundiak ez zuen bidesaria eten, eta Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko auzitegiaren epaia berretsi zuen. Hala, aldundiak beste foru arau bat onartu zuen, ordainpeko zatiari sei kilometro gehituta. Helegitea jarri zion berriro Fenadismerrek foru arau horri, eta aipatutako bi epaitegiek helegitearen alde egin zuten berriro ere. Juan Jose Gil Fenadismerreko idazkari nagusiak dio aldundiari geratu zitzaion «aukera bakarra» bidesaria etetea zela.

Hala, N-1 eta A-15 errepideen Gipuzkoako ibilbide osoak bihurtu ditu aldundiak ordainpeko, 2021aren amaieran onartutako eta 2022 amaieran moldatutako foru arau batekin. Gilek dio horrek diskriminazioa amaitzen duela, baina bi arazo dituela oraindik ere: «Ez dago ibilgailuen Euro kategoriaren araberako ezberdintasunik, eta ibilgailu arinen eta pisutsuen arteko arrakala handiegia da». Neurri berriaren aurka ere helegitea jarri zuten, eta datozen asteetan espero dute ebazpena jasotzea.

Gilek dio bidesari berriak aurrekoa hirukoizten duela, eta Belgikan baino %50 eta Alemanian baino %40 garestiagoa dela. Gainera, iritzi du N-1a ez dela autobide bat, sarrera eta irteera asko dituen errepide «bikoiztu» bat baizik. Hain zuzen ere, irteera eta sarrera guztiak kontrolatu behar direnez, aldundiak azpiegituretan «inbertsio handia» egin behar izan duela dio. Azkenik, haien kalkuluen arabera, egunean lau aldiz igarotzen den garraiolari batek hilabetean 1.500 bat euro ordainduko dituela ohartarazi du: «Basakeria bat da».

ASIC Espainiako garraio enpresen patronalak ere gogor egin du Gipuzkoako bidesariaren aurka. Neurriak egunerokoan errepide horietatik igarotzen diren 10.000 kamioiri eragiten diela nabarmendu dute, eta foru gobernuaren «nagusikeria» onartezina dela iritzi dute.

2022 amaieran Donostiako epaitegi batek hiru garraiolariren alde egin zuen, eta Gipuzkoako Foru Aldundia 13.000 euroko kalte ordainak ematera behartu zuen, 2018 eta 2021 artean bidesariak «bidegabeki» ordainarazi zietela ebatzita. Guztira 1.122 garraiolarik egin dute kalte ordain eskaera, 12,2 milioi euro guztira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.