Zapateroren ondoren, Sanchez. Moncloako maizterren eta maizter ohien harrera leku bihurtu da bi egunez Donostia, hauteskunde kanpainaren bide ulergaitzak tarteko. Espainiako gobernuburu izandakoa (2004-2011) PSOEren aldeko giroa berotzen ari da azken asteetan, indarberriturik, eta PPren aurkako salaketak aho bilorik gabe banatzen han eta hemen, bekainaren keinua ere berreskuraturik. Haren ostean iritsi da Pedro Sanchez hautagaia, egungo Espainiako gobernuburua, PSE-EEk bi diputatu atera ditzakeen lurraldera, EITB Focusen arabera.
Ikusi gehiago: Penduluari eutsi nahian
Eta atzoko protagonista nagusiak ikusmina piztu zuen PSE-EEko euskal afiliatu, militante eta ordezkarien artean, Donostiako Kursaalean. Ekitaldia ez zuten kuboetan egin, ez handian eta ez txikian, beste areto apalago batean baizik, baina eraikin osoan segurtasun neurri handiak ezarri zituzten, ertzain askoren presentzia tarteko, eta jende ugari geratu zen aretora sartu ezinik, ez zegoelako toki gehiago. Kursaal parean gelditutako autobus mordo batek utzitako entzuleei eta beren kabuz joandakoei esan zien «gezurren artean» doala kanpainaren azken txanpa, «PPk zabaltzen duen gorrotoan». PP-Vox bikoaren mamua astindu zuen bere hitzaldiaren hasieratik, eskuin muturra Moncloara iritsiz gero etor daitekeen dramaren zirriborroak marraztuz arlo batean eta bestean, emakumeen aldeko politikan eta eskubideetan, langile eta pentsiodunen bizi kalitatean, bai eta Espainiako Estatuan dauden beste nazioei dagokienez ere, nahiz eta azken arrisku horri lerro artean erreparatu zion.
Espainiako Estatuaren CIS inkestak ez beste guztiek egoera iluna islatzen dute Sanchezentzat, beti PPtik nahiko urrun kokatuz —30 diputatu ingurukoa litzateke aldea—, bigarren lekuan; baina egunotan bere biografiak Manual de resistencia (Erresistentziaren gidaliburua) izenburua duela gogoratzen duen hautagaiak ez du amore eman, eta Donostian ere bozak irabaziko dituela errepikatu zuen behin baino gehiagotan, epikari dei eginez.
PSEren Gipuzkoako Kongresurako zerrendaburu Rafaela Romerok eta alderdiko idazkari nagusi Eneko Anduezak hartu zuten hitza, Sanchezen aurretik. Romerok «gezurrarekin, gorrotoarekin eta gerrarekin» lotu zuen Alberto Nuñez Feijoo, PPko Espainiako presindetegaia. «Batzuk 1936ko altxamendua ospatzen ari dira gaur [atzo], eta ez diegu utziko berriro gertatzen», esan zuen ozen. Eta «kolpismoa» aipatu zuen birritan, PPren estrategiari lotua.
Andueza oso gogor aritu zen, «amorrua eta gezurra» egotziz PPri zuzenean, eta Vox aipatu gabe. PPren hautagaia « gezur hutsa da, gezur mamitua» dela esan zuen, eta PPk nahi duen gauza bakarra dela «boterea, ez besterik». Euskaraz aritu zen une batez esateko PPri ez zaiola gustatzen «Espainia ondo joatea».
Andueza bukatzen ari zela sartu zen aretora Sanchez, haren hegazkina apur bat berandutu ei zelako. «Presidente, presidente» oihuen artean igaro zen PSOEko banderen eta ikurrinen artean oholtzara. «Oso hunkitua» zegoela onartu zuen, «jendea sartu ezinik» ikusita.
«Garaipena inoiz baino hobeto» gozatuko dela progresisten artean azaldu zuen. «Eskuina gezurraren gainean dabil hauteskunde hauetan, eta, gu, berriz, goraka berriro». Feijook TVEko elkarrizketa batean pentsioei buruz izan duen aferari erreparatu zion, eta esan zuen «faltsukeria izugarria» dagoela PPren mezuetan. Hain zuzen, TVEn gaur egingo den eztabaida politikora joateko esan zion, «gezurrak argitzera». PSOE, Sumar eta Voxeko ordezkariak egongo dira, baina ez PPrena. «Joan dadila telebista publikora», bota zuen silaba bakoitza ozen nabarmenduz.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Kanpaina
Erresistentzia gidaliburua zabaldu du Pedro Sanchezek azken txanpan
PP «etengabe gezurretan» ari dela esan du Espainiako gobernuburuak, eta PSOE «berriro goraka» ari dela. Progresistek PSOEren «garaipena inoiz baino gehiago» ospatuko dutela iragarri du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu