Moncloan zikloa aldatuko delako zantzu batzuk plazaratu zituzten Espainiako udal eta erkidegoetarako hauteskundeetako emaitzek, mapa politikoa urdindu egin baitzen. Olatu hori zukutu nahi du PP Alderdi Popularrak, Alberto Nuñez Feijoo buru duela, igandean egingo dituzten gorteetarako bozetan. Estrategia argia dauka: Vox higatzea eta estu hartzea, ahalik eta eserleku gehien eskuratzeko eta alderdi ultraeskuindarrekin gobernua osatu behar ez izateko. Lluis Orriols politologoak (Bartzelona, 1977), ordea, «zail» ikusten du popularrek gehiengo osoa lortzea: «Ez bakarrik inkestek esaten dutelako, baita jokaleku politikoan lau alderdi nagusi egongo direlako ere [PPz gain, Vox, PSOE eta Sumar]. Bina alderdi, ezker-eskuin. Lau horien artean, botoen banaketa erabat zatituta egongo da».
Ikusi gehiago: Erresistentzia gidaliburua zabaldu du Pedro Sanchezek azken txanpan
Orriols Zientzia Politikoetako doktore da Oxfordeko Unibertsitatean (Erresuma Batua), eta gaur egun irakasle dabil Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatean. Iraganean ez bezalako mapa politiko bat egongo dela kontuan hartuta, Nuñez Feijook ahobizarrik gabe esan du gehiengo osoa lortzen ez badu prest egongo litzatekeela Santiago Abascal buru duen alderdi ultraeskuindarrarekin negoziatzeko. Eta ministerioak eskaintzeko? «PPk zer-nolako emaitzak lortzen dituen, bai», erantzun du politologoak. «Halere, Espainian ikasi dugu logika parlamentarioa estatuan bertan ezarri dela, gainerako demokrazia parlamentarioen gisan; hau da, alderdi batek gehiengo osoa erdiesten ez duenean eta beste indarren babesa behar duenean, eta azken horiek botere kuota zilegitasun osoz exijitzen diotenean, gertatzen da negoziazioetan ados jartzea azkenean; eta, urrunago joanda, blokeo egoera bat izanez gero, bozak berriz egingo lirateke, azken urteetan ikusi den gisan».
Aintzat hartu behar da, gainera, PPk Voxen babesa lortu duela zenbait erkidegotako zenbait gobernuetan, eta horietako lautan koalizioan gobernatuko dutela: Aragoin, Balearretan, Valentzian eta Extremaduran —Gaztela eta Leonen iaztik daude elkarrekin—. Dena den, Orriolsek uste du Abascal buru duen alderdiarekin egindako gobernu itunek ez dietela askorik eragingo popularrei gorteetarako hauteskundeetan; «ondorio txikia» nozituko du. Honela arrazoitu du: «Eskuinaren boto emaile asko bat datoz jarrera horrekin. Kontua zera da: kontserbadoreen artean egungo gobernuaren aurkako jarrera handiagoa dela Voxekin ituna egitearen aurkakoa baino».
Irakaslearen esanetan, PPri, Voxekin hitzarmena egiteak bainoago, «barne borrokek, zatiketek edota baroi popular batzuek Voxen aurka egindako adierazpenek egingo diote kalterik handiena».
Horregatik, PPren posizio horrek ezkerra mobilizatzera behartuko al du? «Azken hauteskundeetan argi ikusi duguna izan da ezkerra desmobilizatua egon dela, PPren mesederako. Parte hartzea %70 ingurukoa bada, eskuineko alderdien onerako izango da». Aurreko legealdiarekin alderatuta, ordea, PPk karta bat gutxiago izango du oraingoan: «[C's] Ciudadanos zegoen orduan, eta, ondorioz, PPk zailtasun handiagoa zuen nolabait Voxekin egindako itunak justifikatzeko; orain, ordea, ez».
Orriolsen ustetan, PP, Voxen aurka bainoago, Sanchezen «kontrakarrean» ari da kanpainan. «Antisanchismoaren ideia horrek fruituak ematen dizkio; ez bakarrik gobernuari eta haren politikei buruz, baita Espainiako nazionalismoaren aurka doazen gobernuko bazkideei buruz ere; zehazki, Euskal Herriko eta Kataluniako alderdi abertzaleez. Bide horrek oso ondo funtzionatu dio PPri; azken batean, Espainiako iritzi publikoa ere oso antzekoa da. Popularrek hori aktibatzen badute, abantaila har lezakete».
Politologoaren arabera, eskuin muturrean dauden alderdiek «errazago» dute, besteak beste, abortuaren, migrazioaren, berdintasunaren edota LGTBI kolektiboaren aurkako mezuak haizatzea; «zentro-eskuineko alderdiek», berriz, «arriskua» dute zenbait mugarekin «talka» egiteko. PPren kasuan, Voxekin eta PSOErekin. «Horregatik, bi indar horiekin duen lehia neurtu behar du, eta ezin du arreta galdu. Iraganean ikusi dugunaren arabera, alderdi kontserbadore klasikoek eskuin muturrari eman izan diote arreta, eta, hein batean, eurek ezarri izan dituzte politika ultraeskuindarrak indarrean. PPn ez dugu hori ikusi; hain zuzen, zentroan egoten saiatzen ari da, eklektikotasuna bilatuz; hau da, Voxekin lehiakorra izatea, zentroa baztertu gabe. Oraingoz, izaera hori mantentzen ari da PP».
Eta hori guztia, Nuñez Feijoo alderdiaren buru delarik. Irakasleak nabarmendu duenez, alderdi askotan bereizten dira egungo buruzagia eta PPko presidente ohi Pablo Casado (2018-2022): «Nuñez Feijook kudeatzeko gaitasun handia dauka, eta boto emaile moderatuak nahiz muturrekoak erakarri ditu. Funtsean, politikari zaildua da, Casado ez bezala; oso ahula zen». Nuñez Feijook «eskarmentua» du bizkarrean: «Galiziako presidente izan da urte luzez, gehiengo osoarekin eta zarata handirik atera gabe».
PPren «benetako arazoa»
PPrentzat, «benetako arazoa» izango da bozak irabazi baina Voxen babesa ez lortzea gehiengo osorako. Bide horretan, Orriolsek ez du zalantzarik «behar izanez gero» PPk «tentazioa» izango duela Ferrazeko atea jotzeko. «Egingo duen lehen mugimendua izango da hori».
Edonola ere, PPko liderrak presidente izatea lortzen ez badu, atzetik badu nor zain: «Alderdian lidergoari begirako barne lehia bat eragingo luke. Nuñez Feijoorentzat porrota litzateke hori, eta, zalantzarik gabe, aurkari zuzen bat helduko litzaioke buruzagitzako lehiara: Isabel Diaz Ayuso».
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdiak
Penduluari eutsi nahian
Vox higatzea du xede PPk, bere profil eskuindarra baztertu gabe. C's joko zelaitik irten ostean, Nuñez Feijoo buru duen alderdiak «errazagoa» du ultraeskuinarekin ados jartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu