Onespen espliziturik gabeko sexu jarduna delitu izatea proposatu du Madrilek

Espainiako Gobernuak Zigor Kodea moldatu nahi du, «interpretaziorako tokirik» egon ez dadin. Calvok esan du kontziliazioa errazteko lege bat lantzen ari dela

Sanferminetako bortxaketaren epaiak eragindako protesta bat, Bilbon, epaitegien aurrean. MIGUEL TOÑA / EFE.
2018ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Onespen espliziturik egon ezean, sexu jarduna delitu izatea nahi du Espainiako Gobernuak. Carmen Calvo presidenteorde eta Berdintasun ministroak atzo Kongresuan azaldu zuenez, Zigor Kodea eta Prozedura Kriminalaren Legea moldatu nahi dute, lelo feminista bat bere eginez: «Emakume batek ez badu espresuki bai esaten, gainerako guztia ez da». Aldaketa horrekin ziurtatu nahi dute sexu erasoen inguruan «interpretaziorako tokirik» ez egotea.

Sanferminetako 2016ko talde bortxaketaren harira izandako polemikari heldu dio gobernuak: erasotzat ez, abusutzat hartu zuen Nafarroako Lurralde Auzitegiak. Berdintasun ministroak adierazi duenez, moldaketaren helburua da horrelakoak saihestea: «Emakumeen aurkako delitu hain larriak interpretazioen bidez arriskuan ez jartzeko, kontzeptu penalak berrikusi behar ditugu».

Calvok aurreratu du moldaketa Suediako Parlamentuak maiatzean egin zuenaren antzekoa izango dela. Bertako legediak bortxaketatzat jotzen du emakumeen berariazko onarpenik ez duen edozein sexu jarduera. «Hor dago babestuta [emakumearen] autonomia, askatasuna eta bere pertsonarekiko eta sexualitatearekiko errespetua». Alemanian ere egoera bera dute, 2017ko uztailean onartu baitzuten antzeko lege bat.

Zigor Kodeko aldaketa proposatzeaz gain, gobernua «hausnartzen» ari da epaiketetan sexu erasoen biktima diren emakumeen «defentsa nola hobetu».

Lan arloko politikez ere mintzatu da Carmen Calvo. Eremu horretan egun emakumeek jasaten duten diskriminazioaren kontrako neurriak hartu behar direla adierazi du: «Emakumeei independentzia ekonomikoa bermatu behar zaie». Horretarako, gobernua erantzunkidetasuna errazteko lege bat lantzen ari da. «Ordutegiak moldatu behar dira, eta bateragarri egin bizitza pertsonala, familia eta lana». Hitzarmen kolektiboak aldatzea proposatu du.

Ildo horretan, amatasuna eta lana bateragarriak izatea «eskubide» bihurtzea nahi du ministroak, orain «ia ezinezkoa» delakoan. Zailtasun horiek eremu pribatuan konpontzen dira egun, baina Calvok gogorarazi du egoera horiek bideratzea instituzio publikoen ardura dela.

Aurrekontuak handitzea

Bestalde, udal aurrekontuak ere aipatu ditu ministroak. Toki erakundeek hogei milioi euro jasotzen dituzte egun berdintasun politiketan erabiltzeko. Calvok onartu du gutxi dela, eta gobernua prest dagoela «esfortzua» egiteko aurrekontuak igotzeko. Neurri hori aurreikusita dago iaz sinatu zuten Genero Indarkeriaren Aurkako Estatu Itunean. Madrilek udalei itzuliko dizkie berdintasunaren inguruko konpetentziak.

Calvok jakinarazi du udalekin bilduko direla uztaila bukatu baino lehen, eta bertan zehaztuko dituztela bakoitzaren eskumenak. Izan ere, udalek «lehen erabakiak hartzeko» lekuak izan beharko dute: emakume askok ez dakite nora joan salatzera, eta horrelakoetan udalak babeslekuak izan ohi dira. Horregatik, gobernuak nahi du administrazio horiek baliabide ekonomiko nahikoak edukitzea, laguntza egokia eman ahal izateko.

Emakumeen segurtasuna

Berdintasun ministroak «emakumeen segurtasuna eta askatasuna» izango ditu helburutzat. Zenbait neurri aurreikusi ditu horretarako. Jada lantzen ari dira sexu esplotaziorako emakume eta haurren salerosketaren aurkako legea. Kiroletan emakumeei ikusgarritasuna emateko ere neurriak hartuko dituzte. Kulturan eta komunikazio arloan ere eragin nahi dute: ekintza positiboko politikak abiatuko dituzte, andreen lana «orekatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.