Medikuek eta abokatuek diotenez, ehun bat presok aske behar lukete

Eskatu dute «berehala libre uzteko» gaixo larri direnak, 70 urte baino zaharragoak eta zigorraren hiru laurden betetakoak. Graduen sailkatzearen erabilera «zitala» salatu dute

Haizea Ziluaga, Mati Iturralde, Miren Arana eta Iñaki Zugadi, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Espainiako legea beteko balitz, ehun euskal preso inguruk kalean beharko lukete, gaixotasun larri eta sendaezinak dituztelako, 70 urte baino gehiago dutelako edo zigorraren hiru laurdenak bete dituztelako —baldintza horietako bat baino gehiago betetzen dituen presorik ere badago—. Hori azaldu dute euskal presoekin lanean aritzen diren mediku eta abokatuen ordezkariek, eta aukera baliatu dute espetxe agintariei eskatzeko legea bete dezatela eta preso horiek «berehala» aska ditzatela.

Mati Iturralde eta Miren Arana medikuek eta Iñaki Zugadi eta Haizea Ziluaga abokatuek azaldu dute zertan den euskal presoen osasuna. Euren esperientzian oinarrituta, Iturraldek eta Aranak esan dute kartzelak ez direla «gaixotasunak diagnostikatu eta tratatzeko leku egokiak», eta adierazi dute bereziki kezkaturik daudela «espetxe zigor luzeen eta arta egokirik ezaren ondorioz» sorturiko gaixotasun psikologikoak direla eta.

Esan dutenez, 24 dira gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenak; horietatik hamasei agertzen dira argitara atera den zerrendan, eta beste zortzik nahiago izan dute euren egoera publiko ez egitea, arrazoi pertsonalak direla medio. «Hala ere, Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak eta Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak ongi dakite zein diren kasu hauek», zehaztu dute.

24 horietatik bi baino ez dira espetxe zigorra etxean betetzen ari, eta beste hiru Euskal Herrian daude, bigarren graduan. Gainerakoak Euskal Herritik urrun eta baldintzarik latzenetan —lehen graduan— ari dira zigorra betetzen. Medikuak bereziki kezkaturik agertu dira larrien dauden presoen kasua dela eta: hamabi inguru dira, eta «hil ala biziko egoeran» daude.

Adinez nagusiak diren presoei dagokienez, 70 urte baino gehiagoko hiru preso daude; beste hamahiruk 65 urte baino gehiago dituzte, eta hemeretzik, 60 urte baino gehiago. Edozein modutan, medikuek nabarmendu dute auzi honetan beste aldagai batzuk ere hartu behar direla kontuan: bizi itxaropena, esaterako. «Espetxe zigor luzeek bizi itxaropena gutxitzea eragiten dute, eta libre dagoen 65 urteko pertsona baten osasun fisikoa eta psikikoa ezin da parekatu espetxean dozenaka urte daramatzan adin bereko pertsona batekin», esan du Iturraldek.

Zugadik eta Ziluagak azaldu dutenez, legea «oso argia» da kasu horietan guztietan, eta egoera horretan dauden presoak kaleratzeko aukera dauka: gaixo handi diren presoen kasuan, espetxe arautegiaren 100.2 eta 104.4 artikuluetan, eta Zigor Kodeko 91. artikuluan; eta adinez nagusiak diren presoen kasuan, Zigor Kodeko 36.3 artikuluan. Hala ere, ezezkoa jaso dute orain arte bideratutako eskaera guztiek, edo oraindik ebatzi gabe daude: gaixo handi diren zenbait presoren kasuan, urtebete baino gehiago igaro da eskaera egin zutenetik, eta oraindik ez dute erantzunik jaso.

Betetako zigorrari dagokionez, abokatuek azaldu dute preso arruntekin ohikoa izaten dela zigorraren hiru laurdenak bete ostean kalera irteteko aukera izatea, baina euskal presoekin ez dela hori gertatzen, graduen sailkapena «modu zitalean» erabiltzen delako: euskal preso ia guztiak lehen graduan atxikitzen dituzte, eta horrek ezinezko egiten du baldintzapeko askatasuna erdiestea, zigorraren zatirik handiena beteta izan arren.

Emakume presoen egoera

Mediku eta abokatuek emakume presoen egoera nabarmendu nahi izan dute bereziki. Esan dutenez, hamabi emakume preso daude urteak eman dituztenak bakarturik, eta zortzi dira seme-alaba adingabeak dituztenak. Lauk3 urte baino gutxiagoko umeak dituzte, eta haiekin bizi dira, Picassent (Herrialde Katalanak) eta Aranjuez (Espainia) kartzeletan, baina, 3 urte betetakoan, umeak eta amak banandu egingo dituzte: «Haur horiek amarekin 24 orduz egotetik ehunka kilometroko bidaia egin behar izatera pasatuko dira hilabetean ordu gutxi batzuk elkarrekin egon ahal izateko», esan dute.

Horregatik, kalean beharko luketen presoak askatzeko eskatzeaz gain, zera ere eskatu dute: bakarrik dauden emakumeak, ume txikien guraso diren presoak, 60 urtetik gorakoak eta abar «familiatik gertu dagoen espetxe batera gerturatzea eta norbere egoera pertsonalari dagokion graduan jartzea» .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.