Presoen senide eta lagunen «ilusioarekin ez jolasteko» eskatu du Etxerat elkarteak

Euskal presoak etxean eta bizirik nahi dituztela aldarrikatu dute, Loiolan. Bakartxo Tejeriak eta Markel Olanok jaso dute Etxerat-eko kideen gutuna

Fermina Villanueva, Bakartxo Tejeria, Markel Olano eta Naike Diez, Etxerat-eko kideek agintariei gutuna ematen. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Azpeitia
2018ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
«Espekulazioetan dabiltzanen objektu» bihurtzea salatu du Etxerat euskal preso eta iheslarien senide eta lagunen elkarteak Loiolako santutegiaren aurrean, Azpeitian (Gipuzkoa). Urterolegez, agintari politiko ugari joan ziren atzo Loiolako basilikara, eta, beste urtebetez, presoen sakabanaketa politika salatu zuten elkarteko dozenaka kidek santutegiaren aurrean. Egungo espetxe politika dela-eta jasaten ari diren «sufrimendua» kritikatu zuten, eta eskatu neurriok eteteko eta presoen senide eta lagunen «ilusioarekin ez jolasteko».

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri eman nahi zioten azken urteko balorazioarekin Etxerat-ek osatutako dokumentua, baina beste konpromiso batzuk zirela medio, Urkullu ez zen Loiolan egon. Haren ordez, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak jaso zuten. Naike Diez Etxerat-eko kideak salatu zuen presoen senide eta lagunen «bizitzarekin eta esperantzarekin jolasean» ari direla, eta euskal preso eta iheslariak etxean eta bizirik nahi dituztela «berehala».

Hain justu, beste istripu baten berri eman zuen arratsaldean Etxerat-ek. Kepa Arronategi presoaren senideak Almeriatik Euskal Herrira zeramatzan furgonetaren gurpil bat lehertu egin zen, baina gidariak ez zuen ibilgailuaren kontrola galdu, eta barruan zihoazen guztiak onik irten ziren.

Diezen esanetan, giza eskubideak urratzen ditu politika horrek, eta senide eta lagunek «sufritzen» jarraitzen dute bisita egin ahal izateko. Diezek azaldu zuen asteburuero beren bizitza «arriskuan» jartzen dutela eta hori amaitu beharra dagoela: «Ez dugu berriz harrikatuak izan nahi, ez dugu Andaluziako espetxeetara bidaiarik egin nahi, ez dugu istripurik gertatzerik nahi». Gogorarazi zuen, halaber, presoen urrunketa jasaten duten senide eta lagunak «balizko biktimak» direla.

Tejeriari eta Olanori Diezek eta Fermina Villanueva Etxerat-eko lehendakariakeman zieten elkartearen dokumentua eta hariatxikitako eskutitza. Gutuna ematearekin batera, Diezek esan zien gustatuko litzaiekeela «datorren urtean elkartu behar ez izatea», horrek esan nahiko lukeelako presoen auzian «aurrerapausoak» izan direla. Etxerat-ek ez du ezagutarazi dokumentuaren edukia. Azaldu zuen Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzari zor zaion «errespetuagatik» eta elkarren arteko «lan zuzena eta isila» sustatzeko erabaki dutela agiriaren edukia ez plazaratzea.

Bestalde, Espainiako Gobernuak bestelako espetxe politika bat ezartzeko aukeraz esandakoekin mesfidati agertu ziren Etxerat-eko kideak: «Asko ari da hitz egiten, egiten ari direnerako». Adierazpenez gain «mugimendu errealik» ez dela egiten ari salatu zuen Diezek, eta senide eta lagunen ilusioarekin jolasean ez ibiltzeko eskatu zuen, uste baitu hala egiten dutela azken egunetako albisteek. Erantsi zuenez, ekintzarik ikusi ezean, ezin dute baloraziorik egin Pedro Sanchezen gobernuaren inguruan.

Diezek hizpide izan zuen joan den asteburuan Algecirasen (Espainia) presoen senide eta lagunak bisitetara eramaten dituen autobusak jasandako erasoa ere. Algeciras espetxetik itzultzeko bidaian kanpoko harrikadek autobuseko kristala hautsi zuten. Diezek esan zuen «onartezina» dela eta errepide nahiz bidaia horiek «iragana» izan beharko luketeela: «Salbuespenezko politikaren berehalako amaiera eskatzen dugu, gu balizko biktimak izan ez gaitezen, ez dakigulako hurrengo asteburuan zer gertatuko zaigun urruneko errepide horietan».

EH Bilduren eskaria

Euskal presoen auzian «aurrerapausoak» emateko eskatu dio Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideak ere PSOEren gobernuari. Europa Press agentziari eginiko adierazpenetan, presoen senideak eta lagunak zeramatzan autobusaren aurkako erasoa gaitzetsi du, eta gaineratu «horrelako gertakariek» adierazten dutela sakabanaketa politikarekin eten beharra dagoela. HasieranSanchezen gobernuak espetxe politika aldatzeko asmoarekin «baikor» azaldu baziren ere, pausorik ez dutela ikusi azaldu du Urruzunok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.