Gurutzea, kolokan

Olarizuko ikurra botatzen saiatu dira. Gasteizko Udalak azaldu du gurutzeak «kalte larriak» dituela, eta eremua mugatu du. Leheneratzeko asmoa agertu du

Dozenaka pertsona igo dira Olarizuko gurutzearen gunera, erasoa ikusteko. Segurtasun eremua zinta batekin mugatu dute. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Olarizuko gurutzeak zutik jarraitzen du. Zutik, baina kaltetuta. Ezezagun talde batek eraso egin zion, herenegun, ordu txikietan. Mailu pneumatiko bat eta rotaflex bat baliatuta, ikurraren oinarria apurtu zuten: betoia kendu, eta barruko metalezko kable batzuk moztu zituzten. Gurutzearen goiko partean ere soka batzuk lotu zituzten, egitura botatzen laguntzeko-edo. Ez zuten gurutzea botatzerik lortu, baina «oso kaltetuta» utzi zuten, Gasteizko Udalak aitortu duenaren arabera. Suhiltzaileek eremua mugatu dute, inor gertura ez dadin. Udalak lehengoratzeko asmoa du, «luzaroan» zutik manten dadin.

Eragindako kaltearen nondik norakoak aztertzeko daude. Dena dela, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak lehengoratze lanak egiteko asmoa agertu du: «Herritarren gehiengoak hala nahi du». Eztabaida areagotu egin da gurutzearen inguruan. Batzuen ustez, ikur frankista bat da, eta eraitsi egin beharko litzateke; horien artean dago, besteak beste, Mendiolako kontzejua, gurutzea dagoen lurren jabea. Beste batzuek argudiatzen dute herri ekinbideari esker egin zen ikur erlijioso bat dela, eta mantentzearen aldekoak dira, betiere testuingurua emanez azaltzeko frankismoa gurutzearen esanahia bereganatzen saiatu zela; azken horren alde egin zuen Gasteizko udalbatzak.

Gurutzea lehengoratzeko lanak ez dituzte «berehala» hasiko. Urtaranek azaldu du «epe luzera» begirako obrak izango direla, «konplexuak», eta urteetan irauteko modukoak. Edonola ere, lan horiek eskumenen gaia jarriko dute mahai gainean berriro ere. Gurutzea Gasteizko udalerriaren barruan badago ere, udala baino txikiagoa den administrazio baten lurren barruan dago: Mendiolako Kontzejua. Horri dagokio bere eremuaren barruko lanak egitea eta baimentzea. Ordea, Urtaranek iragarri du udalak egingo dituela kaltea konpontzeko lanak. Eskumenei buruz galdetuta, alkateak esan du lehentasunezko gaia dela segurtasuna bermatzea.

«Memoria gutxietsia»

Erasoa Hala Bedi irratiaren bitartez ezagutarazi zuten, atzo goizean. Egileek bideo bat igorri zioten ekintzaren irudiekin, baita erasoaren zergatiak argudiatzeko ohar bat ere. Olarizuko ikurrari buruz egondako eztabaida politikoa «mingarria eta iraingarria» izan dela azaldu dute egileek: «Memoria gutxietsia eta baztertua izan da, eta amnesia historikoa eta frankismoaren zuribidea izan dira nagusi».

Gasteizko udal talde gehienek erasoa gaitzetsi zuten, bozeramaileen ezohiko batzar batean. EAJk, PSE-EEk, PPk, Ahal Dugu-k eta Irabazik esaldi bat adostu zuten: berretsi zuten gurutzea «hiritar guztien ondarea» dela. Bide beretik mintzatu zen Urtaran alkatea, batzarra amaitu ondoren egindako adierazpenetan. «Gurutzea ikur erlijiosoa baino gehiago da: gure ondarearen, kulturaren, ohituren eta hiriaren historiaren zati bat da». Halaber, Urtaranek EH Bilduren aurka egin zuen, erasoa egin zuen taldea babestea leporatuz.

EH Bilduk adierazi zuenOlarizuko gurutzearen kontrako erasoak ez duela laguntzen eztabaida «lasai» bat egiten. «Inoiz baino behar handiagoa dago eztabaida honi heltzeko, ahalik eta modu lasaienenean eta sakonenean». Horren harira, Urtarani leporatu zion Mendiolako batzarrarekin negoziazioak hasi ez izana, irtenbide bat bilatzeko.

Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzainak ere ohar bat eman zuen argitara atzo, Gasteizko Apezpiku Kontseiluarekin batera, erasoa gaitzesteko. «Ikur erlijioso bati eraso egiteak tristatu eta kezkatu egiten nau; ez ditu egotzi nahi dizkioten konnotazio politikoak». Diskriminaziorik, indarkeriarik eta gorrotorik gabeko gizarte bat eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.