Testuinguru berria aintzat hartuta zigortu ditu epaileak Pla eta Sorzabal

Bost urteko zigorra ezarri diote David Plari, eta zazpi urtekoa, berriz, Iratxe Sorzabali. Biek epaitegian nabarmendu dute aktore guztien parte hartzea «ezinbestekoa» dela prozesuak aitzina egin ahal izateko

Akusatuen senitartekoak eta lagunak, herenegun, epaiketako lehen egunean.
Akusatuen senitartekoak eta lagunak, herenegun, epaiketako lehen egunean. EKHI ERREMUNDEGI BELOKI

Ekhi Erremundegi Beloki - Berriemaile berezia

2019ko otsailak 6

«Iragana ezin dugu aldatu, baina etorkizuna erabaki dezakegu». Iratxe Sorzabalek, Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen aldeko erabakia hartzeko eskatu zion atzo Parisko Auzitegi Korrekzionaleko epaileari bere azken hitzartzean. Zazpi urteko presondegi zigorrera kondenatu dute, Frantziako lurraldean sartzeko debekuarekin. Zigorren bateratzearekin, gehienez ere 2025 arte egon beharko du Frantzian preso, eta, ondoren, Espainiara bidaliko dute han ezarritako zigorra bete dezan. David Plari bost urteko zigorra ezarri diote, eta ez du Frantziko lurraldera sartzeko debekurik. ETAko kide gisa zigortu dituzte biak, ez haren zuzendaritzakide moduan. 2015ean atzeman zituztenean, polizia indarrek zioten ETAren zuzendaritzako kideak zirela. Epaiari helegiterik jarri ezean, aurki libre ateratzeko aukera izan lezake. Fijait arau-hauste terroristen egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuan sartuko dituzte bi presoak. «Baikor» agertu da erabakiarekin Xantiana Cachenaut abokatua, bi akusatuek 2010 eta 2015 artean izan zuten jarduna kontuan hartu dutela kontsideratuta.

Akusazioaren eta defentsaren argumentuak entzun ahal izan ziren atzoko auzi saioan. Prokuradoreak gogor egin zuen Plaren eta Sorzabalen kontra: «Gaur ez dituzue bakearen aldeko aktibista batzuk epaitu behar, terroristak baizik». ETAren desegitea arte emandako urratsak erakundearen «porrotaren erakusgarri» direla ebatzi zuen, erakundearen bakerako borondatea zalantzan emanez. «Zein zen 2015ean ETAren egoera? Jarduera armatuaren bukaera onartuta ere, ez zen armagabetua eta bere ekintza gaitasuna atxikitzen zuen, bere jarduera logistikoa atxikitzen baitzuen. 2011tik 2015era 30 bat kide atxilotuak izan ziren, denek armak eta batzuek lehergaiak ere bazituzten. Atxilotu biak ETAko kide dira, arma eta dokumentu faltsuak zituzten, diru zama handiak. Prest ziren behar izanez gero tiro egiteko!». Sei eta bederatzi urteko presondegi zigorrak iradoki zituen, hurrenez hurren, eta inpunitaterik ez izateko eskatu zuen. Zigor txikiagoak ezartzea erabaki zuen azkenean epaileak.

Alde biko gatazka

Cachenautek euskal gatazkaren «konplexutasuna» azpimarratu zuen, eta egia judiziala eta egia politikoa biak kontuan hartzeko eskatu. Prokuradorearen zorroztasuna deitoratu zuen, halaber: «Onartu behar dut beste tonu bat espero nuela nire baitan». Osloko (Norvegia) elkarrizketa saiakera ekarri zuen gogora. «Hamabost hilabete pasatu ahal izan bazituzten, ETAko kide gisa, Espainiak eskatuta eta Frantzia jakitun zela, ez zen eragile horiek ETArengadik errendizio bat espero zutelako. Ez zuten haien atxiloketarik eskatu Norvegian zeuden bitartean. Elkarrizketa ezinbestekoa da erakundearen eta gobernuen artean, helburua ez delarik errendizioa, konponbidea baizik».

Prokuradorearen errekisizioa ETAren alde militarrean oinarritu izana gaitzetsi zuen. «Iragana baizik ez du begiratzen, oraina eta etorkizuna kontuan hartu gabe. Atentatuak bakarrik aipatzen dira; biktimak. Ez da zuzena, ez intelektualki ezta historikoki ere». Gatazka batek aldebikotasuna suposatzen duela gaineratu zuen: «Ezin da alde bat ahantzi, Espainiako Gobernuak egin duen gisan. Euskal gatazka erakunde armatu baten eta estatuaren arteko gatazkara mugatzea ere ez da zuzena». Eta prokuradorearen hitzei erreferentzia eginez: «Garaile eta garaitu eskema arriskutsua da. Bake iraunkorra arriskuan jar lezake». Espainiako Estatuak eragindako mina ere kontuan hartu behar dela argudiatu zuen. «Sakabanaketa, paramilitarrak, tortura... Sorzabalen torturapeko deklarazioek ez dute prozeduraren funtsa aldatzen, baina elementuak ematen ditu. Gaur egun, frogatua da torturak egon direla. Kasu bat da, 4.000tik gora kasuren artean». Gogorarazi zuen 50 urteko gatazkan min handia eragin dela eta joan den apirilean ETAk agiria atera zuela eragindako kaltea onartuz.

Prokuradorearen eta abokatuaren ondotik, Sorzabal eta Pla akusatuek ere hitza hartzeko parada izan zuten. «ETAren helburua zen denboran luzatzen ari zen inertziarekin hautsi eta ziklo armatuari bukaera ematea. Bestalde, konfrontazioaren logikarekin hautsi eta bide politiko eta demokratikoa bilatzea zinezko gatazka politiko bati erantzuteko. Prozesu horretan, ETAk bide egin du eta bururaino eraman du», adierazi zuen Plak. 2010-2015ko epean ETA atentatuak egiteko prest zela erranez prokuradoreak egindako «intsinuazioak» ere hizpide izan zituen. «Urte horietan zehar beti intsinuazio horiek izan ditugu aurrean, gatazkaren konponbidean urratsik ez egiteko aitzakia hori erabiltzen zuten pertsonengandik. Baina errealitateak guztiz kontrakoa erakutsi du. Errealitatea da 2010etik saialdi zintzoak izan direla bake prozesua irekitzeko».

Sorzabalek, berriz, edozein konponbide prozesuk aitzina egin ahal izateko «aktore guztien parte hartzea ezinbestekoa» dela baieztatu zuen, justiziak ere bere rola duela nabarmenduta. «Badira oraindik sufrimenduak, erantzun beharreko galderak». Oier Gomezen kasua aipatuta, eri diren presoak gogora ekarri zituen, presorik gabeko egoera bat beharrezkoa dela erranez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna