Herri osoa makulu

Auzolanerako deiari erantzunez, Tafalla aldeko ehunka bizilagun kalera irten dira, uholdeak eragindako kalteak konpontzeko. Aseguruen zain dira herritar asko

Herritarrak garbiketa lanetan, atzo arratsaldean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Tafalla
2019ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Hondarraren azpian, asfaltoa dago. Baita harlauzak, espaloiak eta belarra ere. Horiek denak azaleratzen hasi dira Tafallan eta inguruko herrietan (Nafarroa), asteleheneko uholdeek utzitako lokatz geruza kentzearekin batera. Bere onera etortzen hasiak dira kaleak, garbitzaileei, bizilagunei eta boluntarioei esker. Izan ere, Tafallako Udalak auzolanerako deia egin du, eta, horri erantzunez, dozenaka herritar atera dira kalera, orbana garbitu eta hondakinak biltzeko helburuarekin. Erratzak, palak, ontziak eta eskularruak hartuta, makulu bihurtu dira Tafallako bizilagunak, besoz beso, lokazpean zegoen herriari zutitzen laguntzeko.

Makirriain eta Olleta kaleen artean, udal beharginak uraz ari dira espaloiak garbitzen, eta suhiltzaileak, mahuka luzeekin estoldak libratzen. Kalte handiagoa pairatu zuten, ordea, Martinez Espronceda kaleko bizilagunek eta merkatariek. Han, indar handiz sartu zen ura etxabeetan, saltokietan eta garajeetan, eta kale erdian botata gelditu ziren hainbat auto, txiki-txiki eginda. Garabiek bide erditik erretiratu dituzte jada auto eta edukiontzi gehienak, eta herritarrek alimaleko lana egin dute lokatza espaloietatik eta etxeetatik kentzeko.

Gomazko botak eta eskularruak jantzita, ezkaratze batetik lokatza ateratzen ari da Yolanda Remirez tafallarra. Ez da kale horretan bizi, baina Martinez Esproncedako lanetara elkartu da, auzo horretan laguntza «beharrezkoagoa» dela iritzita: «Gure ezkaratzean belaunetaraino sartu zitzaigun ura, baina garbitu dugu jadanik, eta etxebizitzetan ez du kalterik eragin. Kale honetako egoera, berriz, izugarria da».

Handik metro gutxira, Cortes plazan, hankaz gora dago ELA sindikatuaren egoitza. Uraren arrastoa antzeman daiteke bulegoko paretetan. «Metro eta erdiko altuera hartu zuen urak, eta dena suntsitu zuen», azaldu du sindikatuko kide Iñaki Irisarrik. Hori dela eta, garbiketa enpresa bat kontratatu dute bulegoa barrutik garbitzeko. Kanpoaldea, berriz, auzolanean txukundu dute bizilagunek: «Izugarria da jendearen elkartasuna. Astearte arratsaldean bertan etorri zen jendea, Tafallakoa nahiz inguruko herrietakoa, eta ezer galdetu gabe hasi ziren dena garbitzen. Hunkituta gaude».

Etorkizuna, perituen menpe

Herriko sarbideetako batean, traktoreak Zidakos ibaitik ateratzen ari dira zenbait boluntario, garabi baten laguntzaz. Rufino Ojer enpresako traktoreak dira. Hango arduradunak, Juan Carlos Ojerrek, etsipenez begiratzen dio belarrez eta lokatzez mukuru atera berri duten traktoreari. «Halako bost dauzkagu oraindik ur azpian, eta 100.000 eurotik gora balio du bakoitzak. Negozio osoa suntsitu du uholdeak, eta ez dakit aurrera egin ahalko dugun. Milioika eta milioika euro eraman ditu urak». Perituen zain dago, asegurua kobratuko duen jakiteko. «Ez didate esan noiz etorriko diren, eta ezin dugu ezer egin».

Ezbeharraren ostean, bizilagunen elkartasunean aurkitu du kontsolamendua. Nekazaritza arloan ezaguna da Ojer traktore saltzailea, eta Nafarroa osoko hainbat nekazari joan zaizkio laguntzera. «Erretiratuta daudenak ere etorri dira erratza hartu eta garbitzera. Jendea izugarria da», dio, negarrari eutsi ezinik. «Tristea da hondamendi bat gertatu behar izatea, halakoez ohartzeko». Tafalla hondamen eremu izendatzea eskatuko du gaur gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.