Errezeta «kutsagarri» bat

Klima larrialdiari erantzuteko, Nazio Batuen Erakundeak proposatu du dieta aldatzea, lurra zaintzea eta baso gehiago sortzea. Ohartarazi du elikagaien ekoizpenak sortzen dituela berotegi gasen herenak

Traktore bat pestizidak zabaltzen Alemaniako soro batean. PATRICK PLEUL / EFE.
jokin sagarzazu
2019ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Elikagaien ekoizpenarekin loturiko giza jarduerek eragiten dituzte berotegi gasen herenak baino gehiago. Hala ohartarazi du NBE Nazio Batuen Erakundearen IPCC klima aldaketari buruzko gobernuarteko taldeak. Jakiak transformatzeko, garraiatzeko eta kontsumitzeko era aldatzeko eskatu du. Beste bi datu eman ditu: ekoizten diren elikagaien %25-30 alferrik galtzen uzten dira, eta horiek eragindakoak dira berotegi efektua sortzen duten gasen %8-10.

Klima aldaketa eta lurra deituriko txostena egin du IPCCrentzat lanean ari den zientzialari taldeak. Klima larrialdiari aurre egiteko 2016ko Parisko Akordioaren ondoren agindutako hiru ikerketetako bigarrena da atzo ezagutarazitakoa. Aurreneko txostenean, ikerlariek azpimarratu zuten tenperaturaren igoera 1,5 gradura mugatu behar dela mende bukaerarako. Irailerako aurreikusita dago hirugarren txostena, ozeanoei buruzkoa. IPCCren azterketak oinarri gisa erabiliko dituzte estatuetako agintariek, klimari eta ingurumenari buruzko hurrengo negoziazioetan. Hurrengoan abenduan izango da, Santiagon (Txile).

Lurrean jarri du arreta atzo plazaratutako ikerketak. Degradatzen ari dela dio, batez ere gizakien jarduerengatik, eta horrek eragina duela, klima aldaketan ez ezik, baita gizakien elikaduran ere. Munduko lur erabilgarriaren %72 —izozpean ez dagoena— hartzen du gizakiak bere beharrak—elikadurakoak eta bestelakoak— asetzeko, eta ur gezaren %70 lehen sektoreko jardueretarako. IPCCrentzat errealitate hori ez da iraunkorra; hala, «nahitaezkoa» iruditzen zaio hainbat sektoretan aldi berean eragingo duten «berehalako» neurriak hartzea. Bereziki, lur horiek ustiatzeko moduetan eta hortik lortzen diren jakien kontsumo ereduetan.

IPCCk gogoratu du lurrak funtzio garrantzitsua betetzen duela klima sisteman, eta horren erabilera arduratsu batek «potentzialitate handia» duela klima krisia mugatzeko. Ikerlarien arabera, kudeaketa horretako gakoetako bat izango da karbono isuriak mugatzea.

Lurrak, asebeteta

Berotegi efektua eragiten duten gasak dira klima aldaketaren eragile nagusiak. Erregai fosilek eta industriak eragiten dituzte nagusiki. Baina gizakiak sortutako gas isurien %23 lurraren ustiapenari dagozkio: bereziki nekazaritzan erabilitako ongarri kimikoek eta abeltzaintza intentsiboarekin loturiko metano eta nitrogeno oxidoek eragindakoak. Horri gehituz gero elikagaien produkzio sistemarekin zerikusia duten beste emisio batzuk —elikagaien transformazio prozesuekin loturikoak, garraioarekin, hondakinekin...—, %37ra hel daiteke gasen kopurua. Isuri horiek gutxitzeko beharra azpimarratu du IPCCk.

Era berean, ikerlariek ohartarazi dute murrizten ari dela lurraren prozesu naturalek karbono dioxidoa xurgatzeko duten ahalmena. Industriak eta erregai fosilek sortzen dutenaren heren baten parekoa da ia (%23). Lurrak gaitasun mugatua du prozesu hori egiteko; saturazio puntu bat du, eta, horra heltzean, funtzio hori betetzeari uzten dio. Hori gertatzen da, bereziki, landaredia gabeko lurretan eta uholdeek higatuetakoetan, besteak beste.

Atmosferako karbonoa xurgatzeko ahalmena areagotzeko, beraz, IPCCko ikerlariek gomendatu dute bestelako basogintza bat sustatzea; adibidez, baso berriak sortuz, daudenak handituz eta helburu horretarako egokiagoak diren espezieak landatuz; egurretik sortutako produktuak berrerabiltzea ere proposatu dute, eta harrizko zoruetan karbonoaren kudeaketa egokiago bat ahalbidetzen duten moduak bilatzea.

Elikadura arriskuak

Karbonoa xurgatzeko ahalmenean ez ezik, berotze efektuak eragin zuzena du lurraren produktibitatean ere: labore motak mugatu eta gutxitzen ditu. Hala, ikerlariek ohartarazi dute klima larrialdiak «elikadura segurtasuna» ere arriskuan jartzen duela. Elikagaien ekoizpen ahalmena kaltetzeaz gain, lurren degradazioak ere badakar jakiak eskuratzeko aukera murriztea, horien kalitatea txartzea eta ekoizpenaren egonkortasuna kolokan jartzea.

Horiek hala, eta populazioak behar duen elikagaien kopurua bermatzeko, IPCCk beharrezkotzat du, besteak beste, alferrik galtzen den jaki kopurua murriztea. Nabarmendu du egun ekoizten diren elikagaien herenak hondatzen direla. Azpimarratu du gainprodukzioa dagoela, eta banaketan desoreka handiak daudela mundu mailan.

Bestalde, gaineratu du ezinbestekoa dela elikadura ohiturak aldatzea. Eguneroko dieta bi elikagai motetan oinarritzera deitu du. Batetik, jatorri begetaleko elikagaiak jateko aholkatu du: barazkiak, frutak, zerealak eta lekaleak. Horiek ahalik eta gertuen ekoiztea eta garaian-garaikoak kontsumitzea gomendatu du. Bestetik, animalia jatorriko elikagaiak jatera deitu du, horiek ere era iraunkorrean eta berotegi efektua eragiten duten gas isuri urriko sistemetan ekoitzitakoak direnean. Neurri horiek hartuz gero, bioenergia sortzera bideratu ahalko liratekeen lur sailak horretara biderkatuko lirateke, IPCCren arabera, eta elikadura arriskua murriztuko litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.