Justiziarik ez etsaiarentzat

Txemi Gorostiza eta Gonzalo Boye abokatuek uste dute Espainiak helburu politikoekin erabiltzen duela justizia makroepaiketen kasuan. Boye: «Justiziak agenda propioa du»
Gonzalo Boye, Bea Ilardia eta Txemi Gorostiza, atzo, Bilbon.
Gonzalo Boye, Bea Ilardia eta Txemi Gorostiza, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU

Gotzon Hermosilla -

2019ko irailak 14
Aspaldi honetan, hizkera juridikoan boladan dago lawfare kontzeptua: hala esaten zaio lege sistema erabiltzeari gatazka militarretan etsaia mendean hartzeko. Brasilgo Lula da Silva, Ekuadorreko Rafael Correa eta Peruko Ollanta Humala gobernuburu ohien kontrako auzibideak direla eta, hitzetik hortzera erabili da kontzeptu hori. Baina Euskal Herrian aspaldiko kontua da justizia sistema erabiltzearena etsaitzat jotzen den aurkari politikoa kolpekatzeko, justizia sistema horren oinarriak bihurrituz behin baino gehiagotan. Horretan sakondu dute Txemi Gorostiza eta Gonzalo Boye abokatuek, Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren egoitzan antolaturiko mahai inguruan.

Bea Ilardia abokatu eta Bizkaiko Batzar Nagusietako kidea aritu da moderatzaile Lawfare: makroepailetak Espainiako Estatuan 2019an izeneko mahai inguruan. Gogorarazi du Euskal Herrian aspaldikoa dela «disidentzia politikoaren judizializazioa»; gutxienez, Baltasar Garzon epaileak «dena ETA da» tesi ezaguna plazaratu zuenetik. «Afera lehenagotik dator, baina nik esango nuke, modu zehatzagoan, 18/98 sumarioa izan zela segida makabro horren lehenengo katebegia», esan du.

Txemi Gorostiza abokatuak azaldu du kontzeptuaren bilakaera historikoa. Gunther Jakobs legelari eta filosofo alemaniarrak «etsaiaren zigor zuzenbidea» teorizatu zuen. «Herritarrak» eta «etsaiak» desberdintzen zituen: lehenengoei zuzenbidea aplikatu behar zaie, bigarrenei, berriz, «hertsadura». Baina Charles J. Dunlap izan zen teoria azken muturreraino eraman zuena: militarra da Dunlap, AEBetako armadaren aholkulari juridikoa, eta «terrorismoaren kontrako gerraren» abaroan argi eta garbi azaldu zen zuzenbidea «gerrarako arma gisa» erabiltzearen alde.

Gorostiza bat etorri da Ilardiarekin: teoriak gorabehera, praktika hori aspalditik da ezaguna Euskal Herriko disidentzia politikoaren kontrako borrokan. Espainiako Auzitegi Nazionalaren sorrera eta jokabidea aztertu ditu; gogora ekarri ditu orain arte egindako makroepaiketak, eta esan du horrelakoetan «disidentzia politikoa zigortzea» ezartzen dela xede gisa, eta gero «dena bideratzen da xede hori lortzera». «Horren ondorioa da norbait ETAko buruzagi izan daitekeela berak jakin gabe ere», azaldu du. Astelehenetik aurrera epaituko dituzten 47 herritarrei zorte ona opa eta «konfiantza» eskatu die. Haietako asko Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren aretoan zeuden, hitzaldia entzuten.

«Kontrapisuak» faltan

Carles Puigdemont Kataluniako presidentearen talde juridikoaren koordinatzailea da Gonzalo Boye, eta hark ere «etsaiaren zigor zuzenbidea» eta lawfare izenekoa aztertu ditu. Esan duenez, lehenengoaren kasuan badago lege esparru bat; bigarrenean, aldiz, «kontrapisuak» desagertzen dira, eta horrek aukera ematen dio justiziari «nahi duena» egiteko.

Boyek esan duenez, Espainian gertatzen denak bigarren kasu horren antz handiagoa du: «Espainian, botere guztiek dute kanpoko kontrola, judizialak izan ezik. Ez dago botere judizialari erantzukizunak eskatuko dizkion kanpoko botererik. Askotan galdetu didate zergatik ez diogun kereilarik jartzen [Pablo] Llarena epaileari; nik beti erantzuten dut horretarako arazorik ez dudala, baina kontuan hartzeko kereila [Manuel] Marchena epaileak bideratu beharko lukeela».

Boyeren aburuz, arazoa ez da Espainian botere judiziala independentea ez izatea; harago doa auzia. «Botere judizialak bere agenda propioa du, eta errealitate politikoa eraldatu nahi du, dauzkan baliabideak erabilita», esan du.

Urte askoan Euskal Herrian gertatu denarekin lotu du Boyek Kataluniako auzia: «Berrogei urtez, Espainian denak bizi izan dira Euskal Herrian gertatzen ari zenari bizkar emanda», esan du; «orain, Euskal Herriaren kasuan gertatutako zuzenbidearen bihurritzea Katalunian ere aplikatzen ari dira».

Boyek uste du Espainiak berriro aurkeztuko duela Puigdemonten kontrako euroagindua, eta berriro ere porrota jasoko duela: «Sinetsita daude forma arazo bat dagoela, baina ez: arazoa da delitutzat jotzen dutela Europan delitu ez dena».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna