Lankidetzarako urratsa

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Elkargoak mugaz gaindiko egitasmoak bultzatzeko akordioa sinatu dute. Etxegaraik dio bi lurraldeek «ikuspegi komuna» dutela

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria, Ajuriaeneko sinadura ekitaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2019ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Elkargoak aro berria abiatu dute mugaz gaindiko elkarlanean. Hego eta Ipar Euskal Herriko «lankidetza instituzionala» indartzeko, memorandum bat sinatu zuten atzo Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak eta Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak, Gasteizen, Ajuriaeneko jauregian. Bi erakundeen arteko harremanak sendotuko ditu itunak, eta etorkizunean estrategietan bat egitea ahalbidetuko die bi gobernuei. Hitzarmenak «mugarri» bat ezarriko du Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko harremanetan, Urkulluk nabarmendu zuenez.

Lehen aldia da Jaurlaritzak eta Euskal Elkargoak lankidetzarako akordioa sinatzen dutela. Joan den martxoan iragarri zuten bi lehendakariek Elkar Aditze Memorandum bat lantzen ari zirela «lankidetza indartua» garatzeko, eta atzo izenpetu zuten ituna. Memorandumak ezartzen duenez, bi gobernuek lankidetzarako aukera berriak aztertuko dituzte, eta zenbait proiektu landuko dituzte hainbat esparrutan. Zehazki, eremu hauetan arituko dira elkarrekin: mugikortasunean, goi mailako irakaskuntzan, prestakuntzan eta ikerketan, ekonomiaren garapenean eta turismoan, nekazaritzan, lurraldearen garapen iraunkorrean, ingurumenean eta biodibertsitatean, eta kulturan eta euskaran.

Dagoeneko hainbat esparrutan elkarlanean ari dira bi gobernuak, eta lan agenda espezifikoa dute. Besteak beste, ingurumen arloan, mugaz gaindiko ibaien kudeaketa eta kostaldearekin lotutako proiektuak garatzen ari dira. Halaber, lurralde antolamenduan eta mugikortasunean ere badituzte egitasmoak. Arlo horietan, beraz, lankidetza indartzeko asmoa dute bi aldeek, eta gainerako eremuetan elkarlanean hasteko zimenduak jarriko dituzte aurrerantzean. Atzo, baina, ez zituzten xehatu elkarlanerako esparruetan zein egitasmo martxan jarriko dituzten. Akordioak jasotzen du sei pertsonak osatutako batzorde bat arduratuko dela bertan ezartzen diren egitasmoak ebaluatzeaz, eta baita lankidetzarako beste aukera batzuk aztertzeaz ere.

Mugaz gaindiko elkarlana aspaldi hasi zuten bi erakundeek. Izan ere, badira bi urte Euskal Elkargoa sortu zela, Ipar Euskal Herriak zeuzkan hamar herri elkargoek bat eginik, eta ordutik hasiera eman zitzaion Lapurdiren, Nafarroa Beherearen eta Zuberoaren, eta Arabaren, Bizkairen eta Gipuzkoaren arteko lankidetza fase berri bati. Orain, elkarlanean «aurrerapauso garrantzitsua» eman dute bi gobernuek, Urkulluren esanetan.

«Aro berri bati» hasiera emango dio itunak, loturak «estutzeko» parada emango duelako eragile ekonomiko, sozial eta kulturalen artean, Jaurlaritzako lehendakariak azaldu zuenez. Akordioa sinatu den testuingurua ere nabarmendu zuen Urkulluk. Haren ustez, Europako Ardatz Atlantikoa ahultzeko arriskuan dago brexit-aren erruz, eta Europako Batasuneko «erronka globalei» aurre egiteko tresna izango da ituna.

Hori hala, «brexit-aren tamainako erronkari» edota ekonomia arloan bizi den «ziurgabetasunari» aurre egiteko balio izango du mugaz gaindiko hitzarmenak, Urkulluren ustetan. «Beharrezkoa da indarrak batzea Europako Batasuneko eremu periferiko gisa geratzeko arriskua gainditzeko».

Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko loturak eta harremanak «sendotzeko» pausotzat jo zuen Etxegaraik sinatutako akordioa. «Ohoretzat» jo zuen Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena lortzea, eta Urkulluri adeitsu mintzatu zitzaion: «Gaur hemen gaude balio berberak ditugulako, biok lurralde beretik gatozelako, eta borondate politiko berberaren ordezkoak garelako». Etxegarairen esanetan, bi lurraldeek mugaz gaindiko «ikuspegi komuna» izatea ezinbestekoa da proiektu «handinahitsuak» aurrera atera nahi badituzte. «Ez gaude hemen hitzak nahi ditugulako, lankidetzarako proiektuak abiarazi nahi ditugulako baizik», zehaztu zuen.

Besteak beste, migrazioaren krisiari eman beharreko erantzunean ikuspegi berbera dute Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Elkargoak. Share programaren edukiarekin bat egin zuen Etxe- garaik, haren bitartez «ozen eta sendo» defendatzen direlako giza eskubideak. Iheslariak, migratzaileak eta bidaiderik gabeko adingabeak hartzean erantzukizuna banatzeko mekanismo bat ezartzeko egitasmoa da Share, eta Euskal Elkargoak interesa du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezartzen den mekanismo hori Ipar Euskal Herrian sustatzeko. Espainiak eta Frantziak migrazioarekiko duten politiketatik aldendu, eta jarrera propioa izatea defendatu zuen Euskal Elkargoko lehendakariak. «Euskal Herrian baditugu migrazio fluxuak gure kokapen geopolitikoaren ondorioz, eta oso ongi deritzot hemen gure eskumenen barruan jarrera propioa izateari».

Tourra, 2023an

Bestalde, Urkulluk eta Etxegaraik «interesa» azaldu zuten 2023an Frantziako Tourraren hasiera Hego Euskal Herritik egiteko. Urkulluk jakinarazi zuenez, dagoeneko Tourreko antolatzaileekin negoziazioetan ari dira urte horretan Hegoaldetik abiatu dadin lasterketa. Elkarrizketak hastapenetan daude, baina bide onean doaz, lehendakariak azaldu zuenez. Irteerako hiria eta etapak nondik igaroko den zehaztea falta da oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.