Altsasuko gurasoen ustez, Auzitegi Gorenaren epaiak «injustizia baieztatzen du»

Urriaren 26rako elkarretaratzera deitu dute Iruñean, epaia salatzeko. Gurasoak prest daude auzia Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegira eramateko

Altsasuko Gurasoak, atzo, Iruñean egindako agerraldian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2019ko urriaren 11
00:00
Entzun
«Injustizia baieztatu da». Tinko eta argi mintzatu ziren Altsasuko Gurasoak eta Altsasukoak Aske plataformetako kideak atzo goizean Iruñean egindako agerraldian. Gazteen alde egindako manifestazioetako irudiak eskuan zituztela egin zuten agerraldia, eta jendetza bildu zen babesa eta elkartasuna adieraztera. Hunkituta zeuden gurasoak, eta «Altsasukoak Askatu» oihu artean bukatu zen agerraldia.

Asteazken goizean eman zuen epaia Espainiako Auzitegi Gorenak. 79 urtetik 51 urtera jaitsi zien espetxe zigorra Altsasuko zortzi gazteei. «Diskriminazio larrigarria» kendu, eta Aratz Urrizolari eta Iñaki Abadi lesio delitua ere kendu zien. Bi plataformek epaia txarretsi zuten atzoko agerraldian.

Antxon Ramirez de Aldak—preso dagoen Adur Ramirez de Aldaren aitak— eta Izaskun Etxeberriak hartu zuten hitza Altsasuko Gurasoak eta Altsasukoak Aske plataformen izenean. Auzitegi Gorenak asteazkenean emandako epaia irmo gaitzetsi zuten: « Gure samina, haserrea, inpotentzia eta amorrua adierazi nahi ditugu. Injustizia apaindu nahi bazuten, ez dute lortu; hau astakeria eta zentzugabekeria da».

Altsasuko auziak hasieratik izan duen erabilera «mediatiko» eta «maltzurra» salatu zuten Ramirez de Aldak eta Etxeberriak, eta nabarmendu zuten «oso zigor gogorra» eta «gizagabea» ezarri dutela: «Ez da justiziarik egin: injustizia baieztatu da».

Azken hiru urteetan jasotako elkartasuna eskertu zuten, eta adierazi zuten mobilizazioari eta borrokari esker lortu dutela «terrorismoa» eta «diskriminazio ideologikoa» aurrekari gisa ez gelditzea. «Injustizia» berri horren aitzinean, mobilizaziorako deialdi bat ere egin zuten bi plataformek. Iruñeko Justizia Auzitegi parean eginen dute lehen mobilizazioa, urriaren 26an. Elkarretaratze horrekin bat eginen du goizean Altsasutik bertatik bizikletan abiatuko den Duintasuna- ren Martxak.

Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren ondotik fase berri batean sartu da Altsasuko auzia. Ramirez de Aldak atzo nabarmendu zuen auzia Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegira eramateko prest daudela: «Ziur nago auzia Estrasburgon bukatuko dela. Beharrezkoa bada Marteraino joateko ere prest gaude. Ziur gaude Estrasburgok errango duela Espainian egindakoa injustizia izan dela». Ramirez de Aldaren arabera, gazteen abokatuak sententzia aztertzen ari dira, eta datozen egunetan erabakiko dute zein diren egin beharreko hurrengo urratsak.

Auzitegi Gorenaren epaia irmoa da, eta horrek espetxe onurak lortzeko bidea ematen die kartzelatutako zazpi gazteei. Ramirez de Aldak atzo azaldu zuenez, hori izango da datozen egunetan hartuko duten bidea. Gazteen egoeraren berri ere eman zuten agerraldian. Ramirez de Aldak kontatu zuenez, edozein epai jasotzeko prest zeuden gazteak: «Epaia onartu dugu; bizitzak jarraitzen du. Orain, espetxe onurak lortzen saiatuko gara kartzelarik ahalik eta lasterren ateratzeko».

Hiru urte kartzelan

Azaroan beteko dira hiru urte zortzi gazteetako hiru —Adur Ramirez de Alda, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz— kartzelatu zituztela. Hori dela eta, azarorako ere hainbat ekitaldi antolatzen ari dira Altsasuko Gurasoak eta Altsasukoak Aske plataformakoak. Azaroaren 2an elkartasun kontzertua antolatu dute, eta hogei talde baino gehiago ariko dira bertan jotzen. Azaroaren 8an, auziaren zirrikituak aztertuko dituen mahai inguru bat eginen dute Iortia kulturgunean, eta hilabete bereko 24an Kataluniatik eta Euskal Herritik etorritako hainbat taldek kontzertuak eginen dituzte. Gainera, hilabete osoan, ARCOn zentsuratutako Presos políticos en la España contemporánea erakusketa egonen da ikusgai Iortia kulturgunean. Eta datozen egunetan ekintza gehiagoren berri emanen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.