Urtebete Euskaraldirako

'Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan' izango da leloa datorren Euskaraldian. 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo dute ariketa soziala

Urtebete Euskaraldirako.
Jone Bastida Alzuru.
2019ko azaroaren 21a
00:00
Entzun

Martxan da makineria, eta taxutu dute hizkuntza ohiturak aldatu eta praktika berriak sustatzea helburu duen ariketa soziala: Euskaraldia. 2020aren amaieran egingo dute egitasmo hori bigarren aldiz, hamabost egunez: azaroaren 20tik abenduaren 4ra, hain zuzen. Atzo arratsaldean egin zuten aurkezpena, Donostiako San Telmo museoan.

Aurrekoaren ildotik, ahobizi eta belarriprest rolen dinamika izango da ariketaren oinarri nagusia, baina taldeko kutsu nabarmenagoa izango du. Horretarako, arigune kontzeptua erantsi diote; entitateentzat pentsatuta dago, eta euskaraz eroso aritzeko aukera ematen duten espazioak izango dira. Askotariko eragileak daude deituta ariguneak osatzera: besteak beste, erakunde publikoak, enpresak, kooperatibak eta kirol elkarteak. Hala ere, bi mota bereizi dituzte. Alde batetik, barne ariguneak daude, leku eta talde itxietakoak. Esaterako, enpresa bateko departamentu bat izan liteke. Bi baldintza bete behar dira barne arigunea osatzeko: euskara ulertzea denek, eta taldeko kideen %80 gutxienez ados egotea.

Bestetik, kanpo ariguneak izango dira. Herritarrekin harreman espazioetan dauden entitateei eragingo die, eta herritarrak une oro euskaraz artatuak izango direla bermatuko dute toki horiek. Talde horietako kideek ere ahobizi edo belarriprest modura jardungo dute, baina ariguneetan modu kolektiboan gauzatuko dute ariketa.

Dinamika sakondu

Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan izango da hurrengo Euskaraldiaren leloa. Hala, dinamika zabaldu eta sakontzearekin batera, eragina handitzea du helburu. «Lehen Euskaraldiak zabaldu zuen komunitate zentzua sendotu egin nahi dugu hurrengoan, eta herriz herri sortutako indar hori egonkortzen saiatuko gara», adierazi du Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak.

Bestalde, ahobizi eta belarriprest rolen esanahiak findu nahi izan dituzte, gaizki-ulerturik izan ez dadin. «Portaeran dago gakoa, eta ez hitz egiteko gaitasunean», azaldu dute. Beraz, ulertzeaz gain ahal den guztietan euskaraz egiteko jarrera dutenek hartuko dute ahobizi rola. Horrela, ahal denean euskaraz egiteko konpromisoari eutsiko diote. Belarriprest izateko, berriz, bete beharreko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da. Hala ere, ulertzen duten guztiekin une oro euskaraz hitz egingo ez dutenek betetzen dute rol hori, nahiz eta besteek euskaraz egitea eskatuko duten.

Irailean zabaldu zuten herri batzordeek izena emateko epea. Euskaraldia antolatzeko garaian duten «garrantzia» nabarmendu zuten, eta izen ematea «martxa onean» doala azpimarratu. Horrez gain, atzo ireki zuten entitateek ariguneak sortu eta izena emateko aukera. Euskaraldiaren webgunean izango dute horretarako abagunea. Azkenik, 2020ko irailean zabalduko dute herritarrentzat Euskaraldian izena eman eta ahobizi edo belarriprest rolak hautatzeko epea.

[YouTube]https://youtu.be/wgDJJEjlwY4[/YouTube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.