Jaurlaritzak gazteen esku jarriko ditu babes ofizialeko etxeen %40

Etxebizitzen arloko premiazko neurrien dekretua onartu du gobernu kontseiluak. Kupoak ezarri dituzte babes ofizialeko etxebizitzak eta ordezko bizitokiak adjudikatzeko

Babes ofizialeko etxebizitzak, Iruñeko Buztintxuri auzoan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Jone Bastida Alzuru.
2019ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Etxebizitzaren arloko premiazko neurrien dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluak, eta aldaketa esanguratsuak jaso ditu araudian. Horien artean, badago nabarmendu beharreko bat: kupoak ezarri dituzte babes ofizialeko etxebizitzak eta ordezko bizitokiak adjudikatzeko. Gazteentzat izango dira egokitu gabeko etxebizitzen %40. Hau da, hamar pisutik lau 36 urtez azpikoentzat gordeko dira. Beste %40 etxebizitza bat izateko eskubide subjektiboa dutenentzat izango dira, %10 premia berezia duten kolektiboentzat, eta gainerako %10ak kupo orokorra izango dira. Kupoetako bat guztiz ez bada betetzen, azken horren parte bihurtuko da.

«Gazteei aukera gehiago ematea da kupoen xedea, eta alokairu sozialeko eraikinetan irizpide ekonomikoen eta familiaren premien arabera soilik aplikatzeak eragin ditzakeen bazterkeria egoerak saihestea», adierazi du Iñaki Arriola Etxebizitza, Lurralde Plangintza eta Ingurumen sailburuak. Diru sarreren, familiaren beharren eta Etxebideko erregistroko antzinatasunaren arabera ezarriko dute kideek duten lehentasuna. Arriolaren arabera, kohesio sozialaren, aniztasunaren eta integrazioaren aldeko apustu bat da. «Alokairu babestua duten bizilagunen komunitateak euskal gizarte osoaren ahalik eta antzekoena izatea nahi dugu, eremu bereiziak sustatu gabe».

Berritasun gehiago ere baditu dekretuak. Esaterako, ordezko bizitokiak adjudikatu ahal izango dizkiete 70 urtez gorakoei, nahiz eta horiek etxebizitza baten titular izan. Alokairu merkeko apartamentu txikiak dira horiek, nahitaez txandakatu beharrekoak. Baldintza bakarra bete beharko dute: euren jabetzako etxebizitza Bizigune programan sartzea. Hutsik dauden etxebizitzak eskuratzea eta alokairu babestuaren bidez merkaturatzea da programaren egitekoa. Bestalde, irisgarritasuna sustatzeko funts berezi bat sortu dute 65 urtez gorakoentzat eta diru sarrera gutxi edota finantzaketa eskuratzeko zailtasunak dituztenentzat. Irisgarritasun obrak egiten laguntzeko erabiliko da funts hori, eta gainerako diru laguntza publikoek barnean hartzen ez duten errehabilitazio lanen %100 ordaindu ahalko da. Hala, urteko errentaren eta bizikidetza unitateko kideen arabera zehaztuko da zer portzentaje ordainduko den.

Diru sarrerak

Babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko urteko diru sarreren baremo batzuetan ere izan dira aldaketak. Hain zuzen, erregimen orokorreko etxebizitzak alokatzeko beheko muga 3.000 eurotik 9.000 eurora pasatu da. Erosteko, berriz, 9.000tik 12.000ra. Goiko mugak berdin jarraitzen du: 39.000. Etxebizitza tasatu autonomikoak erosteko eta alokatzeko beheko muga ere igo egin dute: 12.000 eurotik 15.000ra. Kasu horretan, 50.000 da gehienekoa. Gainontzekoak mantendu egin dituzte.

Horrez gain, alokairuko etxebizitza publikoen esleipen zuzena ofizializatzen du dekretuak Hiri Errentamenduaren Legea dela- eta kaleratu dituzten pertsona bereziki kalteberentzat. «Gehienak dira gaur egun». Hipoteka exekutatzearen ondoriozko kaleratzeei emandako tratamendua parekatzea izan da horren asmoa.

Errehabilitazioei dagokienez, 2023. urte arte indarrean egongo den baliabide berri bat jarri dute martxan: Errehabilitatzeko Finantza Tresna Berezia. Etxebizitza Sailaren, Finantzen Euskal Institutuaren eta kreditu erakunde sinatzaileen arteko lankidetza definitzen du, eta errehabilitazio jarduerak, irisgarritasuna eta energia eraginkortasunaren hobekuntza finantzatuko ditu. 30 milioi euroko funtsa izango du tresnak, eta huts egindako mailegu bakoitzaren %16 ordaintzeko erabiliko da.

Aldaketak Gaztelagunen

Gazteen emantzipazioa errazteko asmoarekin, Gaztelagun programan ere aldaketak batzuk egon dira. Hain zuzen, programaren laguntzak eskuratzeko diru sarreren muga igo egingo dute 2020. urtean. Horrela, etxebizitzan pertsona bakarra bizi den kasuan, gehienez urtean 18.000 euroko diru sarrera izan ahalko du, 24.000 euro bi kide biziz gero, eta 28.000 hiru lagun edo gehiago direnean. 18 eta 35 urte bitarteko gazteen emantzipazioa bultzatzea da programaren asmoa, eta alokairua ordaintzeko laguntzak ematen ditu.

Programan sartzeko baldintzen aldaketaren arrazoiak eman ditu Pedro Jauregi Etxebizitza Saileko sailburuordeak: «Ohartu gara diru sarrera apur bat altuagoa zuten baina etxebizitzaren merkatura sartzeko zailtasunak zituzten pertsona batzuk bidean gelditu direla». Hala ere, errentari muga bat jartzea «beharrezkoa» dela esan du.

Bestalde, etxebizitza berrien prezioen igoera kritikatu du: «Merkatuko arau doilorren mende gaude, eta erabat baldintzatzen dizkigute politikak». Salmenta prezioei dagokienez, beren eskumen eremutik ezin dutela ezer askorik egin adierazi du, baina berezko legediaren bidez baldintza horiek egokituz joango direla dio, «gehiengoarentzat onura bat bilatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.