Koronabirusa

Ondo bidean, Jaurlaritzak etzi indargabetuko du alarma egoera

Urkullu bihar bilduko da bere sailburuekin, erabakia hartzeko. Neurria onartuz gero, Kantabria eta Bizkaia artean mugitzea posible izango da ostiral honetan bertan

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Gasteizen, atzoko agerraldian. IREKIA.
Paulo Ostolaza.
2020ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Argi esan zuen atzo Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak: «Bai, alarma egoera bukarazteko prest nago». Azken orduko aldaketarik ez bada, ostegun gauerdian amaituko da hirugarren fasea Araban, Bizkaian, eta Gipuzkoan, eta aurreikusi baino hiru egun lehenago helduko da «normaltasun berria». Bitartean, «ezer ez dela okertuko» espero du lehendakariak.

Ostegun goizean bilduko da Jaurlaritzako sailburuekin, azken erabakia «osasun irizpideetan oinarrituta» hartzeko. Alarma egoeran jarraitu edo faseekin amaitzeko eskumena lehendakariak soilik du berez, baina, atzo esan zuenez, «erabat gardena» izan nahi du bere kontseilariekin. Neurria ostiralean argitaratuko dute EAEko Aldizkari Ofizialean, baina atzerako eragina izango du.

Irakurri gehiago:«Kontrolpean ditugu kutsatze foku berriak»

Urkulluk herenegun izandako bileran du jatorria alarma egoeraren amaiera aurreratzeko erabakiak. Lehendakaria Nekane Murga Osasun sailburuarekin bildu zen egoeraren ebaluazio bat egiteko, eta hark jakinarazi zion pandemiaren aurkako lanaren garapena «oso ona» izaten ari dela. Hala ere, azken erabakia hartu baino lehen, Osasun Sailak beste txosten bat aurkeztuko du gaur, Jaurlaritzako sailburuek azter dezaten. Urkulluk atzo esan zuenez, Espainiako Osasun Ministerioak ere Jaurlaritza zoriondu du, «pandemiaren garapenaren inguruko datu onengatik».

Alarma egoera bertan behera geratzen bada, herritarrek posible izango dute Kantabriara (Espainia) joatea etzi. Miguel Angel Revilla Kantabriako presidenteak herenegun jakinarazi zuen ostiralean zabalduko dutela muga, eta Urkulluk eta biek adostu zutela neurria. Lehendakariaren arabera, «euskal herritar askok dute bigarren etxebizitza han, eta interesgarria izan daiteke asteburu honetan normaltasun irudi hori ematea». Urkulluk atzo adierazi zuenez, «gustura» egingo du irekiera irudikatzeko ekitaldi bat Revillarekin batera, eta, baieztapen ofizialaren faltan, ostiral goizean biltzekoak dira mugatik gertuko lekuren batean, Bizkaian.

Nafarroara mugitzeko, gutxienez astelehenera arte itxaron beharko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleek; han, alarma egoerak indarrean jarraituko du ordura arte. Aldi berean, Urkulluk gogorarazi zuen Iparraldearekin duten muga zabaltzeko ere lanean dabiltzala, eta Akitania Berriko presidentearekin batera hainbat gutun helarazi dizkiela Parisko eta Madrilgo gobernuei, joan-etorriak ahalbidetzea eskatzeko.

Birusarekin bizitzen

Kantabriara joan ahal izateaz gain, hirugarren fasea amaitzeak zer ekarriko duen galdetu zioten kazetariek lehendakariari, baina ez zuen xehetasun askorik eman. Esan zuenez, alarma egoera indargabetuta ere, «ezer ez da izango konfinamendua ezarri baino lehen bezala». Espainiako Gobernuak joan den astean onartu zuen «normaltasun berria» arautuko duen dekretua: Hego Euskal Herrian aurrerantzean ere derrigorrezkoa izango da, besteak beste, maskara erabiltzea eta metro eta erdiko tartea mantentzea. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Murgak sinatuko du «normaltasun berriaren» mugak ezarriko dituen agindua.

Aurrera begira, Urkulluk azaldu zuen «birusa gurekin bizi dela onartzea» dela garrantzitsuena, eta «harekin bizitzen ikastea». Horretarako, maskara erabiltzearen garrantzia azpimarratu zuen: «Gizartearen ehuneko handi bat maskara jantzita dabil, baina aurrerantzean beste ehuneko handi batek ere janztea lortu behar dugu, besteekiko elkartasunagatik bada ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.