Koronabirusa

Zahar etxeetako bisitak eta irteerak arintzeko bidea ireki du Jaurlaritzak

Koronabirusaren harira ezarritako protokoloa moldatu egin du gobernuak: egoiliarren «duintasuna» errespetatu nahi dute. Protokoloa oinarritzat harturik, diputazioek zehaztuko dituzte irizpideak orain

Tuterako zahar etxe bat, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Bisitak bai, baina kanpotik. Pandemia garaian, ohikoa izan da familia askorentzat zaharren egoitzetan zituzten senitartekoak ikusi nahi eta ezina. Bisitak eta ateraldiak mugatuak izan dira hilabeteetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Azkenik, Jaurlaritzak atzo onartu zuen zahar etxeetarako protokolo berria, ekainaz geroztik indarrean egon dena berrikusita. Malgutu egin dute egoitzetako bisiten eta egoiliarren irteeren gaineko araudia. Hala, egoitzetako ateak gehiago irekitzeko aukera eman dute bertan jasotako neurriek, segurtasun neurri ugari hartuko badira ere.

Gotzone Sagardui Osasun sailburu berriak azaldu zuenez, egoiliarrak «emozionalki ere zaintzea» du protokoloak helburu. Aitortu zuen egoitzetako egoiliarrak «bereziki zaurgarriak» direla pandemian, baina, era berean, ohartarazi zuen «ezinbestekoa» dela haien duintasuna ere aintzat hartzea: «Osasuna da gure lehentasuna, baina argi dugu ez dagoela osasuntsu egoterik pertsonaren duintasuna errespetatu gabe».

Neurriak, kasuaren arabera

Aurrerantzean, egoiliarren familiek aukera gehiago izanen dituzte senideak bisitatzeko, eta egoiliarrek «malgutasun handiagoa» izanen dute egoitzetatik kanpoko irtenaldietan: luzeagoak izan ahalko dira, eta gehiago urrundu ahalko dira egoitzetatik. Nolanahi ere, egoiliarren hurbileko pertsonek soilik izanen dute eskubidea bisitak egiteko eta haiekin egoitzatik irteteko, eta gomendatu dute espazio irekietan egon daitezela, hartara errazago bermatzeko segurtasun neurriak beteko direla.

Protokoloa berrikusteko elkarlanean aritu dira Osasun Saila eta Gizarte Politiketako Saila. Halaber, hiru aldundiek ere parte hartu dute prozesuan, eta, hain justu, haiek zehaztuko dituzte irizpideak orain, eskumena haiena baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.