Albistea entzun

Ahotsak-ek gatazkaren bake biderako egindako ekarpena jaso dute txosten batean

Orain hamabost urte sortu zen emakume politikarien elkarrizketarako taldea. Gatazka politikoetan diren andreekin jardunaldi bat egingo dute asteazkenean
Nekane Alzelai eta Gemma Zabaleta Ahotsak plataformako kideak, atzo, Donostian egindako prentsaurrekoan.
Nekane Alzelai eta Gemma Zabaleta Ahotsak plataformako kideak, atzo, Donostian egindako prentsaurrekoan. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maider Galardi F. Agirre -

2020ko azaroak 28 - Donostia

Hamabost urte atzera, eta aldatu dira gauzak euskal gatazkari dagokionez: ETAren behin betiko su etena aurrena, armagabetzea ondoren, eta behin betiko desegitea 2018an. Euskal presoak ere ari dira apurka hurbiltzen, bakartze moduluetatik atera dira hainbat kartzelatan... «Baina oraindik badago bidea egiteko», esan du Gemma Zabaleta Ahotsak plataformako kideak. Kontakizunaz eta bizikidetzaz ari da; elkar hurbiltzeaz. Hain justu, horretarako sortu baitzen Ahotsak duela hamabost urte: Euskal Herriko emakume politikarien elkarrizketa ahalbidetzeko. Orain, urteurrena ospatzeko, txosten batean jaso dute egindako ibilbidea, eta, datorren asteartean, abenduaren 2an, jardunaldi batzuk ere prestatu dituzte, Donostiako Kursaalean, Nekane Alzelai eta Zabaleta plataformako kideek iragarri dutenez.

Prentsaurrekoa egin zuten atzo Donostian Alzelaik eta Zabaletak, txostena aurkezteko eta jardunaldiak iragartzeko. Mahai berean izan ziren, elkarren alboan. Arrunta dirudi, baina horretarako egituratu zen taldea, 2006an: elkarrizketarako, bake biderako, edo, «gutxienez, aurkako poloetan» zeudenen arteko solaskidetza ahalbidetzeko. Horren guztiaren prozesua eta plataformak lortutako akordioak Bartzelonako Unibertsitateko Escola de Cultura de Pau-ko Ana Villellasek, Maria Villellasek eta Pamela Urrutiak jaso dituzte, Ahotsak-en esperientzia: emakumeak elkarrizketaren alde euskal gatazkan txostenean.

«Gatazka egoeretan emakumeen tokia aztertzea da gure lana, baina ez biktima gisa soilik; eragiteko duten gaitasuna aztertu nahi dugu. Ahotsak horren adierazpen bat da», azpimarratu du Maria Villellasek. 2002an hasi zen taldea osatzen, Jone Goirizelaiaren —garai hartan Herri Batasunako Eusko Legebiltzarreko ordezkaria— eta Gemma Zabaletaren —PSEkoa— arteko elkarrizketa pribatuetan. Bikotea indartuta, Eusko Legebiltzarreko beste andre politikariekin jarri ziren harremanetan; ondoren, herrietako ordezkariekin, eta, azkenerako, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko emakume politikariak ere batu ziren egitasmora. «Ez dakit inoiz lortu ote den tamaina horretako akordiorik», dio Zabaletak.

Villellasen arabera, Ahotsak plataforma «aitzindaria eta arrakastatsua» izan zen hainbat arlotan. Txostenean jaso duten modura, atzoko prentsaurrekoan —modu telematikoan izan zen— aipatu zituen plataformaren lorpen batzuk: «Taldeak lortu zuen ikusaraztea posible zela diferenteen arteko elkarrizketa, eta erabili zuten metodologia egokia izan zen, batzen zituzten horretan jarri zutelako arreta; elkarrizketaren bidez emakumeen batasuna lortu zuten, eta aukera hori gizarteratu; herritarrek bake prozesuei sostengua emateko ehuntze lana egin zuten; ideologia desberdinetako jendearen arteko harremanak humanizatu zituzten; eta, beraien ekarpen zuzena izan ez arren, bake prozesuan eragina izan zuten».

Ikerketak, beraz, gezurtatu egin du proiektua «porrota» izan zela, eta bat egin dute Alzelaik eta Zabaletak. «Errekonozimendurik ez izateak lotura eduki dezake gatazketan eta horien konponbide prozesuetan gizonezkoek duten presentziarekin», iradoki du Alzelaik.

Nazioarteari begira

Hamabosgarren urteurrenarekin batera, gogoratu dute NBE Nazio Batuen Erakundearen 1.325 adierazpenak ere hogei urte bete dituela —gatazka egoeretan andreen aurkako indarkeria aztertzeko hitzarmena da—, eta, horregatik, asteazkeneko jardunaldietan nazioarteari begiratuko diote. Han izango dira Maima Abdeslam Fronte Polisarioak Genevan (Suitza) duen ordezkaria, Amandine Fulchiron Guatemalako Actoras de Cambio taldeko kidea, Alejandra Miller Kolonbiako Egiaren Batzordeko ordezkaria eta Ayse Betul Celik Turkiako Sabanciko Unibertsitateko ikerlaria.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Udalbiltzaren batzorde eragileerria. ©Udalbiltza

Haritz Alberdi Arrillaga Getariako alkatea izango da Udalbiltzako lehendakari berria

Gurutze Izagirre Intxauspe

Udal eta foru hauteskundeetako emaitzen ostean, Kontseilu Nagusia berritu dute.

Espagnac eta Brisson (ezkerrean), artxiboko argazki batean ©Bob Edme

Espagnac, Brisson eta St Pe izanen dira Frantziako Senatuan

Ekhi Erremundegi Beloki

Atzo iragan ziren Frantziako Senaturako bozak Ipar Euskal Herrian. Orain arteko hiru senatariak karguan atxikitzearen alde egin zuten hautetsiek.

EAJ kideak, gaur, Forondan (Araba). ©EAJ

Ortuzar: «EAJk entzun du herritarrek azken hilabeteotan esan diotena»

Berria

Alderdi Eguna ospatu du EAJk Forondan. EBBko presidenteak «zentraltasuna» aldarrikatu du, eta esan du beste alderdi eta eragileekin elkarlanean aritzeko prest dagoela.

Arkaitz Rodriguez, atzo, Arrasateko Uarkape frontoian eginiko hitzaldian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Sortuk abagunea baliatu nahi du Madrilen nazio auzia jorratzeko

Iosu Alberdi

Alderdi independentistak VI. Nazio Konferentzia egin du, eta militanteek aurrera begirako plan politikoa onartu dute. EH Bilduren eta EH Bairen aldeko apustua berretsi dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Maider Galardi F. Agirre

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.